Futbola

Dantzalekuko zelai artifiziala berritzeko lanek aurreikusi moduan segituko dute

Guaixe 2023ko urr. 24a, 10:00

Dantzalekuko futbol zelai artifiziala aldatzeko lanak. Kautxuzko xaflak, zakuetan.

Europar Batzordeak mikroplastikoak dituzten belar artifizialeko zelaiak debekatuko ditu 2031tik aurrera 

Europar Batasuna mikroplastikoen kontrako politikak bulkatzen ari da. Purpurinaren debekuari, kautxuaren aurkako neurria gehitu zaio. Europar Batzordearen esanetan, mikroplastikoen iturburu nagusietako bat kautxua da. Kautxua belar artifizialeko zelaietan erabiltzen da, hare geruzaren azpian hain zuzen ere, betegarri gisa. 

2033rako hartu beharreko erabakia
Europar Batzordearen 2023/2055 Erregelamendu edo araudi berriak 2031tik aurrera nahita gehitutako mikroplastikoak erabiltzea debekatu egingo du, eta erabaki honek Nafarroan dauden 50 futbol zelai baino gehiagori eragingo die, tartean Altsasuko Dantzalekukoari. Hain zuzen ere, irailaren 25ean hasi ziren Dantzalekuko futbol zelaiko belar sintetikoa aldatzeko eta argiteriaren zati bat berritzeko lanak. Altsasuko alkate Javier Ollok azaldu duenez, "kautxuaren arazoa belar artifizialezko xaflak kokatzeko oinarrian edo zoruan daukagu. Dantzalekun belar artifizialeko xafla berriak jartzen ari gara lehendik dagoen zoruaren gainean, kautxuzko partikulak dituena, 2010. urteko obran kokatutakoa. Kontuan izanda horrelako futbol zelaiek gutxi gorabehera 10 urteko bizi iraupena dutela, futbol zelaia erabiltzen jarraituko dugu, baina 2033 urterako Altsasuko Udalak erabakia hartu beharko du: belar artifiziala eta egungo zorua berritu, azken honek kautxuzko betegarririk ez izateko; edo belar naturala duen futbol zelaia egin".