"Guk argi esan genuen: jendea ez bazen liburuetara etortzen, guk eramango genituela liburuak. Iruñetik ateratzea garrantzitsua da. Argitaletxeetarako esfortzu handia da herrietara joatea eta dena mugitzea, baina pixkanaka jendeak ikusten gaitu". Aritz Otazu Editargi Nafarroako argitaletxeen elkarteko presidentea da, eta igandean, urriaren 22an, goizez Altsasun antolatu zen Nafarroako VII. Editoreen Azokaren lehenengo helburuetako bat bertako argitaletxeak ezagutzera ematea dela esan du. Hamar argitaletxe egon ziren Altsasun.
Editargi duela hogei urte sortu zuten, 2003an. Txori Errekan, Igela, Mintzoa, Txalaparta eta Pamiela nafar argitaletxeak elkartu ziren eta elkarte bat sortzea erabaki zuten. "Urtetan ez genuen asko egin; duela zazpi urte hasi ginen gehiago mugitzen". Ikusi zuten garrantzitsuena azoka bat egitea zela: "Azkenean, liburudendetan ezin dute gure katalogo osoa izan, aukera hori gutxi gorabehera azokak ematen digu". Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri ziren, "bakarrik ezin genuelako", eta Nafarroako Editoreen Azoka antolatu zuten, Iruñeko Geltokin. "Esperientzia ona izan zen. Hemen Liburu Azoka ezagutzen zen, baina hau ez da liburu azoka bat, hau argitaletxeen azoka bat da". Bigarren urtean, Gazteluko plazara joan ziren eta ondoren, Sarasate pasealekura mugitu ziren. Gaur egun, bertan egiten da azoka.
"Datu bat ematen dut beti: lehenengo urtean ehun eta piko liburu saldu genituen, eta orain bi mila pasa saltzen ditugu". Dena den, liburu asko saltzea ez da, "oraingoz", helburua; "noski, enpresak gara, baina gure lehenengo xedea da jendeak ikustea hemen argitaletxeak egon badaudela eta nortzuk garen. Jendeak Planeta eta abar ezagutzen ditu, baina hemengoak ez ditu ezagutzen". Pixkanaka helburua betetzen ari dela esan du Otazuk. "Jendeak erosten du eskuragarri duena, ezagutzen duena, eta horregatik geure burua ezagutzera emateko azoka tresna hoberena zen".
"Taloak eta bestelako bertako produktuak dauden bezala, liburuak ere kalean daude"
"Taloak eta bestelako bertako produktuak dauden bezala, liburuak ere kalean daude". Duela zazpi urte antolatu zuten Nafarroako Editoreen lehenengo azoka, eta aurreko urtean Iruñetik Nafarroa osora hedatzea erabaki zuten. Aurten, Altsasun ez ezik, Tafalla, Zangoza, Leitza, Elizondo eta Lizarran ere izanen da Editoreen Azoka. "Zein herritara joan aztertzen ari garenean, Nafarroako eskualdeak begiratzen ditugu, eta gero feriak egotea eta jendearen mugimendua egotea bilatzen dugu. Toki batzuetan ezinezkoa da, adibidez, tokirik ez dagoelako". Altsasu, Sakana, zonalde "garrantzitsua" dela esan du Otazuk, "feriak inportanteak dira eta kanpoko jendea etortzen da; guretzat bertan egoteko herri bat zen". Bigarren urtez izan zen Editoreen Azoka Altsasun, aurten Foru plazan.
Liburu azoka batean liburudendek, "normala denez", saldu nahi dutela esan du Otazuk, "aldea da edozein titulu edo argitaletxetako liburuak saltzen dituztela, gure xedea da nafar editoreen tituluak saltzea". Haien liburuak "zero kilometrokoak" direla esan du: "Euskal Herrian maketatzen dugu, salbuespenen bat egon daiteke, baina orokorrean hemen maketatzen dugu, hemen diseinatzen dugu, inprimatu... Dena hemen egiten da". Liburudendetan edo argitaletxeen webgunetan erostea oso garrantzitsua dela aipatu du Otazuk "Amazonen eskatuta egun batetik bestera liburua etxean duzu. Baina ez dakit etikoki egokia ote den. Jendeak ez daki zer baldintzetan lan egiten duten. Guk hori kontrolatzen dugu, eta jendeari bertako dendetan erosteak zenbateko garrantzia duen azaltzen diogu".