Saskibaloia

Altsasuko CBASK-en, egoera aldaketa

Guaixe 2023ko urr. 24a, 11:00

Bigarren Maila Interautonomikoan lehen porrota ezagutu dute altsasuarrek eta Emakumezkoen Lehen senior mailakoak garaipenaren xendara itzuli dira

Bigarren Maila Interautonomikoan hirugarren jardunaldia jokatu zen. Bi garaipenen ondotik denboraldiko lehen porrota ezagutu zuen Altsasuko CBASK Narum Fisioterapia taldeak, eta porrot mingarria, soilik 3 puntuen aldearengatik galdu baitzuen Liceo Monjardinen kontra, 50 eta 47.  Lortutako garaipenari esker Bigarren Maila Interautonomikoak lider berria Liceo Monjardin taldea da (5 puntu), hain zuzen ere. CBASK Narum Fisioterapia talde altsasuarra bigarren postutik bosgarrenera jaitsi da (5 puntu). Beraz, sailkapena estu-estu dago. Urriaren 28an, larunbata, CBASK Narum Fisioterapiak sailkapenean hamaikagarren den Valle de Egües hartuko du, 17:50ean, Zelandi kiroldegian.

Emakumezkoen Lehen senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak hirugarren jardunaldia jokatu zuen eta garaipenaren xendara itzuli ziren altsasuarrak, partida oso estuan 57 eta 52 irabazi baitzieten Liceo Monjardineko jokalariei. Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du lider (6 puntu) eta  CBASK Xabi Gorriz Tattoos laugarren postura igo da (5 puntu). Laugarren jardunaldia dago jokoan, baina talde altsasuarrak eta Navasket SF´old taldeek jokatu beharreko partida 2024ko ilbeltzaren 7ra aldatu dute.