Volvoren proiekturako prestatutako lehenengo pertsonak kontratatu ditu Sunsundeguik

Guaixe 2023ko urr. 25a, 08:53

Gobernuko eta enpresetako ordezkarien talde argazkia.

Nafarroako Gobernuko ordezkariak Sunsundegui enpresa bisitatu dute. Bertan, enpresak Volvorekin duen kontratu berriari erantzuteko langileak kontratatzeko Nafar Lansarek antolatutako ikastaroak ezagutuko ditu.

Nafarroako lehendakari Maria Chivite Navascues buru zuen gobernuaren ordezkaritza izan zen Sunsundeguin atzo. Harekin batera Mikel Irujo Amezaga Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Enpresa Digitaleko kontseilaria eta Carmen Maeztu Villafranca Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilaria izan ziren. Hiruren asmoa Nafar Lansarek langabetuak Sunsundeguirako trebatzeko prestatutako ikastaroetako bat bertatik bertara ezagutzea izan da. Gobernu ordezkariekin batera bisitan Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea, Miriam Martón Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaria, Jose Ignacio Murillo Sunsundeguiko CEOa eta Dan Pettersson Chásis de Volvo Buseseko Negozio Unitateko presidenteorde seniorra egon ziren .

Sunsundegui eta Volvo enpresek aurreakordio bat lortu zuten maiatzean. Horren arabera, 450 lanpostu sortu eta 2028an urtean 800 ibilgailu inguru ekoitziko dituzte. Langile kualifikatuen premia horren aurrean, Nafar Lansarek enpresak eskatuta, soldadura, elektrizitate, pintura eta muntaiari buruzko prestakuntza-ikastaro batzuk jarri zituen abian, 220 plaza guztira.

Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak ere parte hartu du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatutako lanbide-profilak hautatzeko eta prestatzeko programa horretan, 108.000 euro ingururekin. Guztira 15 prestakuntza-ikastaro diseinatu dira, 40 eta 60 ordu teoriko eta praktikoak. Bestalde, Sunsundeguik bere plantillara pixkanaka sartzeko asmoa du, prestakuntza-ekintzak bukatu ahala, prestatutako ikasleen ia %60 kontratatzeko aurreikuspena du.

Agorrilaren akaberatik gaur arte zazpi ikastaro egin dira: soldadurako bi, 22 pertsona trebatuta; elektrizitateko bi, 18 parte-hartzailerekin; eta pinturako hiru, 32 ikaslerekin. Aurreikusitako programaren arabera, oraindik egiteke daude muntatzeko sei ikastaroak, elektrizitateari buruzko beste ikastaro bat eta pinturari buruzko beste ikastaro bat. Prestakuntza Sakana Lanbide Heziketa institutuan, Burlatako Iturrondo zentroan eta enpresaren instalazioetan ematen da. Trebakuntza saioen ondorioz, irailaz geroztik dagoeneko 31 langile berri ditu enpresak: 23 gizonezko eta 8 emakumezko. Haietako hamahiru elektrizitate-ikastaroetan aritutakoak dira, hamar soldaduran eta zortzi pinturan. 

Adierazpenak
Chivite lehendakariak aitortu zuenez, "lankidetza publiko-pribatuaren ondorioz, gaurkoa arrakasta historia da". Chivitek azaldu zuenez, Sunsundeguik eta Volvok aliantza bat sinatu dute, baina "ez zen posible izango lantegi honetan garatutako bikaintasunik gabe, baina Nafarroako Gobernuaren eta Estatuaren laguntza finantzariorik gabe ere ez zen posible izango".

Ildo horretan, Chivitek nabarmendu zuen Gobernuak beharrezko baldintzak sor ditzakeela Nafarroan enplegua sortzeko. Gaineratu zuenez, "gaur hemen, Sunsundeguin, gai izateaz aparte, Nafarroaren aurrerabidean aurrera egiten jarraitzeko ekosistema egokia sortzen eraginkorrak garela erakutsi dugu".

Muntaketa ikastaroko ikasleak bisitatzeaz aparte, segizioak Volvorako Nafarroako karrozeriak egingo duen gama altuko autobus modeloetako baten pilotua ezagutu zuen. Ondoren, komunikabideen aurrean egindako ekitaldi batean, Murillok eta Petterssonek bi enpresek lortu duten akordioaren dokumentazioa trukatu dute. Akordio horrek bi aldeen arteko teknologia eta hornidura transferentzia ere barne hartzen du.

Nafarroako Gobernuaren laguntza
Lankidetza publiko-pribatuko ekimen hau Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko Departamentua koordinatzen ari da, Sodena sozietate publikoaren bitartez. Sunsundeguik kontratatzeko konpromisoa duen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza horiez gain, Nasuvinsa sozietate publikoaren eskutik lursailak eta instalazioak aztertzen eta Nafarroako enpresak aurreikusitako ekoizpen-handitzearen aurrean finantza-laguntza ematen ari dira.

Gogoratu behar da, halaber, Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietate publikoaren bitartez, 39 milioi euroko mailegu eta abalak eman dizkiola Sunsundegiri ekonomikoki, 2010etik (urte horretan enpresa horren kargu egin zen) gaur egungo jabeei saldu arte (2013an). Bestalde, 2022ko maiatzean, COFIDES estatuko enpresa publikoak 8,9 milioi euroko finantzaketa eman zion Sunsundeguiri.

Bestalde, lantegirako bidean zegoen pankarta baten bidez, LAB sindikatuak berriz eskatu zuen Volvo eta Sunsundeguiren arteko akordioan langileen lan baldintzetan hobekuntzak sartzeko.