Gobernuak turismo etxea zena bota du

Guaixe 2023ko aza. 1a, 11:28

Dagoeneko errepide bazterrean ez dago etxerik.

Egoera txarrean zegoelako bota du.

Zuntaipe auzoaren iparraldean, N-1 errepidea zenaren ertzean, Altsasuko Portazgoa izeneko etxea zegoen. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren jabetza zen etxea lastaileko hirugarren astean eraitsi zuten. Eraikinak beheko solairua (biltegia) eta altuera bat zuen (etxebizitza). 95 metro karratuko planta zuen, gainera, beheko solairuan 25 metro karratuko portxea zuen. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, "aspalditik eraikina oso baldintza txarretan zegoen. Eta segurtasunagatik botatzea erabaki zen. Pare bat urte generaman bota nahian, baina orain arte ezin da enpresarik kontratatu". Eraikina botata, ingurua zolatu eta, "momentuz, bertan ez da ezer eginen. Lurzorua Nafarroako Gobernuarena izaten jarraitzen du". 

Nafarroako Diputazioak turismoa sustatzeko plangintza ondu zuen 1964an. N-1 errepidearen ertzean zegoen eraikinak turismo bulegoa hartu zuen garai batez. Ondoren erabilerarik gabe egon zen eta, gobernuaren baimenik gabe, etxebizitza bizitokitzat hartu zuten zenbait urtez.