Goi mailako autobusak egiteko Volvoren eta Sunsundeguiren arteko akordioa Altsasuko lantegian gauzatu zen asteartean. Dan Pettersonek (Volvo Busesko txasis negozio unitateko presidenteorde seniorra) eta Jose Ignacio Murillok (Sunsundeguiko zuzendari gerentea) teknologia eta hornidura transferentziaren berri jasotzen duten agiriak trukatu zituzten. Murillok akordioa itxi izana ospatu zuen eta "etorkizunean finkatzeko" balioko zuela nabarmendu zuen. Aldi berean, azpimarratu zuenez, "enpresa handi eta txiki bat gara, baina estrategia bera dugu: dakiguna egitea. Haiek karrozeriak egiteari utzi eta txasietan zentratu dira. Guk sekula ez dugu autobus oso bat egiteko nahia izan, karrozaria jartzea baizik".
Murillo gaztigatu zuenez, bi enpresen arteko elkarlana aspaldikoa da. "duela urte batzuk Sideral modeloa oinarri zuen Sideral 3.30 modeloa garatu genuen, baina ez zuen merkataritza arrakastarik izan". Jakinarazi zuenez, estatutik kanpo Sunsundeguik egindako salmentak eta lehiaketetara aurkezteak Volvoren merkataritza sarearen bidez egin dute. "Horrek konfiantza sortu du". Gaineratu zuenez, itxitako kontratuaz aparte, elkarlanean segituko dute bi enpresek. Autobus elektrikoa begiz jota dute eta elkarlanean ari dira. 2025ean ekoitzi nahiko lukete eta Sunsundegui Europa hegoaldeko hornitzailea litzateke.
Sunsudeguiko Volvo lantaldea.
Mugarriak
Sunsundeguik Volvoren hornitzaileen transferentzia abendurako jasoko du. Altsasuko enpresarekin segituko duten edo ordezkoak bilatu behar dituen zehaztu beharko dute. Otsailerako ingeniaritza eta tresneria transferentzia jasoko du enpresa altsasuarrak. Murillok nabarmendu zuenez, etorkizunean eginen diren ingeniaritza aldaketak ere barne hartzen dituela akordioak. Aurreikuspenen arabera 2024ko garilean bi modeloak ekoizten hasiko dira Sunsundeguin eta urte bukaerarako Europa iparraldean eskaintza eginen dute. Horretarako, Murillok Nafarroako Gobernuari laguntza eskatu zion: "lantokia kutsatzen ez duten ibilgailuak karrozatzeko gune garrantzitsua bihurtzeko".
Aurten Ibarreako lantegitik 328 autobus aterako direla aurreikusi dute, 2028an 783 lirateke. Horrek 46 milioi euroko salmentak 140ra haztea ekarriko luke. Ordurako enpresak 720 langile izanen lituzke. “Hazkunde handia denbora gutxian”, laburbildu zuen Murillok. Eta nabarmendu zuen enplegu hazkundea ere enpresa hornitzaileetan ere izanen dela. Azaldu zuenez, azken bost urtetan hornitzaileen %37 nafarrak ziren. “10 milioi euroko balioa duten erosketak dira, aurreikusitako hazkundearekin 40 izanen dira”. Plangintza aurrera egiteko Sunsundeguik hamabost milioi euroko inbertsioa eginen du. Eta beste hiru langileak trebatzeko. Murillo proiektua arrastatsua izanen dela ziur dago.
Pettersonek ziurtatu zuenez, "proiektu sendoa da. Estandar gorenak lortuko ditugu eta bezero oso zorrotzak aseko". Nafarroako Gobernuak prozesuan emandako laguntza aitortu zuen, "gakoa izan da". Goi mailako bi modeloak merkaturatzeko prozesuaren hasieran daudela azaldu zuen, baita Sunsundeguirekin beste elkarlan batzuetan arrakasta izan dutela ere.
Dan Petterson eta Jose Ignacio Murillo tratua ixten.
Gehiago
Enpresa batzordeko (UGT 5, LAB eta CCOO hiruna eta ELA 2) presidente David Trevejo Martinezek azaldu zuenez, gaur egun 405 langile inguru ditu enpresak. Akordioa itxi zenez geroztik ehun bat langile sartu dira. Trevejok azaldu zuenez, lan hitzarmena indarrean da eta ez du uste aldatuko denik. "Enpresa batzordeak ez du halakorik nahi. Errespetatu beharra dago. Hori oinarria da, hortik gorakoak bai, baina baldintzak okertzea ez dugu nahi". Sunsundeguik eta Volvok lortutako akordioagatik "pozik" zegoen Trevejo, "albiste ona. Ongi joanez gero lan baldintzak beharko dira", gaineratu zuen. "Eskerrak ematen dizkiet, batez ere, langileei, gaizki pasa dutelako eta lan baldintzak okertu direlako”.
Bestalde, LAB sindikatuak ohar bidez, plantaren modernizazioa eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatuko dituzten lan modu berriak eskatu ditu. "Inbertsioak, neurriak eta exekuzio egutegia bilduko dituen plana behar da". Horrekin batera, "langileen lan eta ekonomia baldintzen hobekuntza" exijitu ditu.
Altsasuko alkate Javier Ollo Martinez, berriz, aldeen akordioagatik pozik zegoen, "enpresarendako egonkortasuna esan nahi duelako". Sunsundeguiren enplegu aurreikuspen handiek Lanbide Heziketa institutuan eragina izan beharko luketela eta prestakuntza gune gisa indartu beharko litzatekeela nabarmendu zuen. Bestetik, Altsasuren geografia kokapena nabarmendu zuenez, "oso ona da, abantaila handia da eta baliatu beharra dugu". Ollok uste du lanera kanpotik etortzen diren langileetako batzuk bertan bizitzen geldituko direla. "Horrek etxebizitzan eta osasungintzan eragina izanen du, eta gobernuarekin batera aritu beharko dugu", azaldu zuen. Azkenik, alkateak jakinarazi zuenez, Ibarrea industrialdeko sarbideak eta industria gunea bera hobetzeko plana eta finantzaketa dute heldu den urtean.