Astekaria

“Ez da bakarrik Sunsundegui. Beharbada pixka bat gorago ikusi behar dugu”

Guaixe 2023ko urr. 31a, 08:40

Dan Petterson (Volvo), Jose Ignacio Murillo (Sunsundegui) eta Mikel Irujo hizketan.

Autobus enpresaren erronkei erantzuteko antolatutako prestakuntza ikastaroak bertatik bertara ezagutu zituen lastailaren 24an Mikel Irujo Aemzagak, Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Enpresa Digitaleko kontseilariak.

Maria Chivite Navascues lehendakariak, Carmen Maeztu Villafrancak Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilaria eta Irujo berak Nafar Lansarek langabetuak Sunsundeguirako trebatzeko prestatutako ikastaroetako bat bertatik bertara ezagutu zuten. Izan ere, 450 lanpostu sortu behar ditu eta langile kualifikatuen premia horren aurrean, enpresak eskatuta, Nafar Lansarek eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak soldadura, elektrizitate, pintura eta muntaiari buruzko 15 prestakuntza-ikastaro jarri zituzten abian, 220 plaza guztira. 40 eta 60 ordu teoriko eta praktikoko ikastaroak dira. Haiek bukatu ahala, prestatutako ikasleen ia %60 kontratatzea aurreikusten du enpresak. 

Agorrilaren akaberatik gaur arte zazpi ikastaro egin dira: soldadurako bi, 22 pertsona trebatuta; elektrizitateko bi, 18 parte-hartzailerekin; eta pinturako hiru, 32 ikaslerekin. Egiteko daude muntatzeko sei ikastaro, elektrizitate eta pinturako bana. Prestakuntza Sakana Lanbide Heziketa institutuan, Burlatako Iturrondo zentroan eta enpresaren instalazioetan ematen da. Trebakuntza saioen ondorioz, irailaz geroztik dagoeneko 31 langile berri ditu enpresak: 23 gizonezko eta 8 emakumezko. Haietako hamahiru elektrizitate-ikastaroetan aritutakoak dira, hamar soldaduran eta zortzi pinturan. 

Sunsundeguin kasik etxean bezala?
Beno, bai. Gainera horrelako berriak aurkezteagatik pozik. Pozik Sunsundeguik zer-nolako urteak pasa dituen ikusi eta gero, baita zer-nolako elkarlana lortu dugun ikusita ere. Dakizuen bezala Gobernutik, Sodenatik, urteak egon gara laguntzen. Baina bi aldeko lan bat izan da. Erresilientzia hitza oso famatua egin da pandemiaren ondoren. Nik uste dut Sunsundegui dela erresilientzia hitzaren adibide bat eta, gainera, oso adibide ona beste enpresendako.  

Ezkutuko lan bat. Orain fruituak ikusten ari zarete. 
Noski. Urte hasieran etorri zitzaigun enpresa esateko halako planak zeudela. Eta, jakina, elkarlan bat izan behar zen. Orduan lanean hasi ginen. Volvo Nafarroara bisitan etorri zen, beraiekin egon ginen. Suedian, Goteborgen egon nintzen han bertan Gobernu bezala gure konpromisoa zuzenean azaltzeko. Behar zen puntu bat zen hori. Alboan egon gara, egon behar ginen tokian, baina lanaren muina enpresak egin du. 

Maiatzean esan zenuenez, enpresak hiru arlotan ditu premiak eta lantalde bana sortu duzue. Premietako bat prestakuntza arlokoa da. Zertan da?
Enplegua asko bizkortu behar da. Trebakuntza hori nola eman aztertu zen. Hor hainbat ekintza bideratu ditugu. Bi ildo daude: Enplegu Departamentua, Nafar Lansare, eta Hezkuntza Departamentua, Lanbide Heziketa. Joan zen urtean Altsasuko institutuan ematen den prestakuntza indartu zen. Hortik hainbat eta hainbat ikasle ateratzen ari dira. Horri egonkortasuna emango dio, baita sistemari ere. 

Higiezinak, edo lantokia. Zein premia daude?
Horretarako Nasuvinsa sozietate publikoa daukagu, ikusteko zer-nolako beharrak izan behar dituen enpresak. Gero ikusi behar dugu baita ere behar horiek hemen bertan ere islatu ahal diren, edo nola egin ahal den. Enpresaren beharren inguruan aztertu beharko den zerbait da. 

Inguruan krisiak utzitako lantegi hutsak daude. Edo industrialde berri bat izan daiteke?
Logistika bezala, hemen alboan izango balitz, askoz hobeto. Baina prozesu hau hainbat fasetan egingo da. Pitteka-pitteka gero eta autobus gehiago ekoiztuko dira, geroz, karrozeria gehiago. Orduan ikusiko ditugun beharrak, baita nola moldatzen den lana hemen barruan ere. 

Hirugarren erronka edo premia finantzak dira.
Hori da. 2011n hasi zen krisia zela-eta Sodenak lehenengo operazio garrantzitsua egin zuen. 2011tik 2020ra arte kasik 39 milioi euro konprometitu ziren aurrera ateratzeko. Esan beharra dago diru hori itzulita dagoela. Ez ziren izan laguntzak, baizik eta maileguak eta abalak. Sodenari esker beste finantza entitateekin negoziaketak errazagoak izan ziren. Hamarkada luzean enpresak gorabeherak izan ditu. 2018 eta 2919 oso urte onak izan ziren. Gero pandemia etorri zen, gauza pixka bat makurtu zen. Atzean egon ginen, beraiekin lanean, eta lortu genuen Cofidesen mailegu hori (8,9 milioi euro). Horrek enpresari pandemia ondoren aurrera egiteko berme bat eman zion. Eta orain aztertu behar dugu, orain enpresaren beharrak desberdinak dira. Jada ez gara ari zer behar duen bizirik egoteko, baizik eta nolako inbertsioak behar dituen geroari buruz hitz egiteko. Uste dut hori dela elementurik garrantzitsuena: orain geroari buruz hitz egin behar dugu. 

Orain arte bezala foru administrazioa aldamenean izango du?
Noski. Horrelako hainbat ekitaldirekin oso argi uzten dugu zer nolako garrantzia ematen diogun Sunsundeguiri. Ez bakarrik enpresa bezala, baizik eta sektore bezala. Bihurtu ahal dugu Nafarroa autokar edo karrozeriaren inguruko elementu estrategikoa. Beraz, hau ez da bakarrik Sunsundegui. Beharbada pixka bat gorago ikusi behar dugu. 

Ekosistema bat?
Bai, zergatik ez. Automozioan badaukagu. Zeren hau automozio munduan sartzen da. Ekosistema esaten dugunean da unibertsitatea, da prestakuntza, Lanbide Heziketa ere bai. Baina, noski, teknologia zentroak dira, eta, nola ez, industria. Eta ez da bakarrik Sunsundeguik egingo duena.  Dena ondo, eta plana jarraitzen badu, urtero Sunsundeguik 50 milioi baino gehiago inbertituko zituela Nafarroako beste hornitzaileetan. Hori da behar duguna: prestakuntza, teknologia eta industria ehuna. Hori da ekosistema bat. 

Gainera, gertuko hornitzaileak. 
Bai, gainera, hori. Hemen bertan jaioko litzateke ekosistema. Hori da orain ikusi behar duguna, ez bakarrik Sunsundegui operazioa bezala, baizik eta proiektu edo sektore bezala nola sendotu ahal dugu Nafarroan. 

Volvo proiektuko aurreneko autobusa hemendik ateratzeko zain?
Jakina. Eman dituzte epeak eta adi egongo gara lehenengo autobus hori ondo ikusteko. Eta suposatzen dut Volvorekin batera zerbait eginen dugula autobus horri publizitatea emateko.