Zelandiko ikasleak giza eskubideen aldeko idazle

Guaixe 2023ko urr. 31a, 13:36

Zelandi eskola publikoa. ARTXIBOA

Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak abian jarri duen 'Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak' egitasmoaren bosgarren edizioan parte hartuko dute.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, bosgarren urtez jarraian Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak ekimena jarri du abian. Ekimen horretan, 39 ikastetxetako 1.500 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute. Haien artean Zelandi ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako ikasleak daude.

Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen Eskolak Bakearen eta Bizikidetzaren alde programaren ardatzetako bat giza eskubideak errespetatzea eta edozein urraketaren aurrean salaketa jartzea dira. Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta (abenduaren 10a), Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak parte-hartzaile guztien artean bi ipuin (bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz) sortzea proposatu die ikastetxeei, Giza Eskubideak gaitzat hartuta. 

Aurreko urteetan bezala, ospe handiko bi idazlek hasi dituzte kontakizunak. Aurten Peio Lopez-Iturri idazleak euskarazko ipuinaren hasiera idatzi du eta Marisol Artica Zurano idazleak, berriz, gaztelaniazkoa. Euskarazko ipuina 21 ikastetxeren artean idatziko dute eta gaztelaniazkoak 18ren artean. Gainontzeko ikastetxeetako ikasleen modura, Zelandikoek ere ikastetxez ikastetxe dabilen ipuina jasoko dute eta ipuinari paragrafo berri bat edo bi gehitzeaz arduratuko dira. Ipuinek lastailaren 16an hasi zuten beraien ibilbidea eta azaroaren 17an despedituko du. Proiektu kolektibo horren emaitzak liburu forma izanen du.