Gimnasia erritmikoa

Iskiza Sakana, Nafarroako txapeldunak

Guaixe 2023ko aza. 2a, 11:30

Iskiza Sakanako gimnastak, txapeldunen dominarekin, Olaia Agirre irakaslea alboan dutela. ISKIZA

Iskiza oinarrizko jubenil taldeak Nafarroako Bigarren Mailako Txapelketa irabazi du eta azaroaren 23tik 26ra Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartela lortu du

Urriaren 21ean Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatu zen Mendillorrin, lehen eta bigarren mailan. Azken honetan Iskiza Sakana oinarrizko jubenil taldeak hartu zuen parte. Talde sakandarrekoak ezin hobeki aritu ziren, Olaia Agirrek entrenatzen dituen neskak txapeldunak izan baitziren, merezimendu guztiz. “Iskizako jubenilek orain arte egindako lana bikain defendatu zuten: ikusgarri aritu ziren. Egia esan, ez genuen txapelketa irabaztea espero; bagenekien posible zela, baina ez zen gure helburua” azaldu du Agirrek. Iskiza Sakana txapeldunaren atzetik, Larraona eta Anaitasuna taldeak sailkatu ziren. 

Zintak eta pilotak
Araudiari jarraiki, erabili zituzten aparatuak bi zinta eta hiru pilota izan ziren. Olaia Agirreren esanetara Ane Iturrioz, Eider Goikoetxea, Irune Etxaniz, Nagore Erdozia eta Naroa Diaz gimnastak aritu ziren. 

Nafarroako Txapelketa jokatu baino lehen, Donostiako Izar Leku eta Gernikako Xixili torneoetan parte hartu zuen talde sakandarrak. Donostian hamabi talderen artean laugarren sailkatu ziren, eta, Gernikan, hamazazpi talderen artean seigarren. “Torneo hauek oso garrantzitsuak izan dira Nafarroako Txapelketa behar bezala prestatzeko. Donostiako eta Gernikako bi torneoetan akatsak egin genituen, eta gure helburua akatsetatik ikasi eta egindakoarekin pozik geratzea zen. Nafarroako Txapelketa ongi egin nahi genuen; ariketa akatsik gabe egitea zen gure helburua, entrenamenduetan egiten duguna txapelketan erakustea. Eta lortu genuen!” nabarmendu du Olaia Agirrek. Horregatik guztiagatik “oso pozik gaude”. 

Espainiakoa, Nafarroa Arenan
Nafarroako Txapelketa irabazteaz gain, azaroaren 23tik 26ra Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketarako txartela lortu zuten. Nafarroa Arenan aurkeztuko duten koreografia eta dantza Nafarroako Txapelketako berbera izango da. Horregatik, ordura bitartean Nafarroako Txapelketan aurkeztutako ariketa “fintzen” jarraituko dute, “Espainiako Txapelketara momentu onenean iristeko”.