Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak urteak daramatza herri kirolak sustatzen. Helburu horrekin antolatu zituen Sakanako Aizkora eskola eta Sakanako Harri jasotze eskola, aurki hogei urte beteko dituztenak eta arrakasta itzela dutenak. Eskoletan eta, eskoletatik aparte Sakanako herri kirolariek egiten duten lana erakusteko urtero Sakanako Herri Kirol Eguna antolatzen du Sakanako Mankomunitateak. Aurten urriaren 21ean izan zen, Altsasun. Feriak izanda, giro oraindik beroagoan ospatu zen jardunaldia, eta jende asko bildu zen 70 herri kirolari inguruk eskaini zuten erakustaldiaz gozatzera. Ekitaldia hasi baino lehen herri kirolari guztiek batera ateratzen duten argazkia, aurten, ohi baino jendetsuagoa izan zen, herri kirolek duten sustenguaren isla. Herri kirol harrobia, beraz, egon badago.
Hasteko eta behin, Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastolen arteko herri kirol proba konbinatuen erakustaldia izan zen. Koxkolak, txingak, korrika, zakua... parte hartu zuten neska-mutikoek dena eman zuten oso lehiatua izan zen proban.
Segidan aizkolari nagusien lehen erakustaldia izan zen, enborrari epai bertikala egitearena. Juanjo Erdozia-Jon Erdozia eta Iban Resano-Iker Gorriti bikote sakandarrek eta Lezaungo Juanjo Lopezek eta Jaizko Angel Erasok osatutako bikoa izan ziren lehiatu zirenak. Segidan, Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen diren aizkolari gazteek hartu zieten txanda, Aritz Oiarbidek, Eñaut Oiarbidek eta Amets Aristizabalek.
Bitartean, Andra Mari ikastolako soka tiratzaileak gerrikoa ongi lotuta prest ziren Arza epaileak txistua jo eta lehendabiziko sokatira tiraldiak egiten hasteko. 21 urtez azpiko taldeko Maia Novoselskyy, Maddi Beltza, Oinatz Zelaia, Ailetz Arretxe, Izaro Ducar, Julen Jauregi eta Amaiur Martinez de Ordoñana lehiatu ziren, bi taldetan banatuta.
Aizkolari gazte kuadrilla polita
Sokatirako lehen erakustaldia bukatuta, Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen diren aizkolari txikienen txanda izan zen. Ibai Galarza, Eneas Aristizabal, Asier Galarza, Urko Oiarbide eta Ekai Erdozia aritu ziren lanean, Sakanako Aizkora Eskolako Juanito eta Juanjo Erdozia monitoreen eta eskolako bestelako aizkolarien begiradapean. Gogotsu aritu ziren, gustura.
Segidan, soka tiratzaileen txanda iritsi zen. Andra Mariko 21 urtez azpiko talde bat Andra Mariko kadeteen talde baten kontra aritu zen. Lexuri Lazkozek, Auritze Beltzak, Luna Lopezek eta June Ormazabalek osatzen zuten kadeteen taldea, eta 21 urtez azpikoen kontra ez ziren kikildu.
Aizkolari nagusien azken erakustaldiarekin despeditu zen saioa. “Jende asko etorri da ikustera eta ekitaldi polita izan da. Aizkolari ugari ditugu Sakanan, soka tiratzaileak, herri kirol proba konbinatuetan aritzen direnak... herri kirolak bizirik daude Sakanan. Pena da gaur Sakanako Harri Jasotze Eskolako kideek ezin izan dutela parte hartu, bestelako konpromisoak zituztelako. Baina oso pozik gaude, eskolan bederatzi harri jasotzaile trebatzen direlako, horietako bi, emakumeak” azaldu zuen Amaia Gerrikagoitia Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariak.
Eskolen arrakasta nabarmena
Mank-ek sustatutako Sakanako Aizkora eta Harri Jasotze eskola 2004 urtean jarri ziren martxan, aizkoran eta harri jasotzean trebatu nahi zuten neska-mutiko eta gazteei baliabideak emateko. Hasieratik erantzun bikaina izan zuten.
Aizkora Eskola Axio Floresek jarri zuen martxan, ondoren nazabaldarrek hartu zuten erreleboa, Etxarri Aranatzen, eta, azken urteetan, erdoziatarrek dute ardura. Aizkolari gazteak trebatzen "oso gustura" aritzen direla nabarmendu zuen, beste behin, Juanito Erdozia beteranoak. Aurten hamabost trebatzen ari dira, tartean neska bat. “Lehen kanpoko jendea hartzen genuen, baina orain sakandarrekin dagoen tokia betetzen da. Neska-mutikoek ilusio handia dute eta gustura etortzen dira. Euskal Herrian aizkora eskola bakarra dago, gurea, eta hori oso garrantzitsua da". Ikasturte berria marsu-apiribila aldean hasiko da martxan.
Harri jasotze eskola Mikel Lasarteren ardura da. Oso pozik dago Lasarte, aurten bederatzi ikasle dituelako, orain arteko kopururik handiena, eta lehenengoz bi emakume direlako. Giro ederra dute Irurtzunen eskaintzen diren klaseetan, eta ateak “zabal-zabalik” daudela nabarmendu du. Harri jasotze eskola martxan dago dagoeneko, eta interesatuek, Mankomunitateko Kirol Zerbitzura jo dezakete.