'Hondamendia' ikuskizuna, Iortian

Guaixe 2023ko urr. 30a, 13:31

Azaroaren 11n, larunbata, Berria-k, Badok atariak eta Sakanako Mankomunitateak antolatutako Axut! eta Artedrama konpainien dantza, musika, soinua eta irudia uztartzen dituen antzezlena izanen da, Altsasun.

"Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina zer metafora da kiratsa darion hau?". Hondamendia Harkaitz Cano idazleak idatzitako eta Ximun Fuchs antzerkigileak zuzendutako antzezlanak 2020ko bi gertaera ditu abiapuntuan: batetik,  otsailean gertatutako zabortegi baten kolapsoaren ondorioz hil ziren  bi langileen istorioa eta, bestetik,  martxoan heldu zen covid birusa eta mundu osoan izan zituen eraginak. "Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?", dio sinopsiak. Hondamendia ikuskizunaren ardatzan kontraesnak agerian uztea izango da: esaten dena, egiten dena eta nahi dena. "Erronka pertsonaien barne munduan kokatzen da".

Udazkenero Sakanako Berrialagunak taldeak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskal kultur ekimenak antolatu izan ditu, eta aurten Berriak, Badok atariak eta Euskara Zerbitzuak, Nafarroako Gobernuaren eta Altsasuko Udalaren laguntzarekin, Hondamendia antzezlana ekarriko dute Iortia kulturgunera. Emanaldia azaroaren 11n, larunbata, 19:30ean, izanen da, eta sarrerak Altsasuko kultur gunearen webgunean eta txarteldegian eta Berriaren webgunean eros daitezke Prezioak: aldez aurretik erosiz gero,  12 euro eta 10 euro Berrialagunek eta 14 euro egunean bertan erosita eta 12 euro Berrialagunek.

Axut! eta Artedrama konpainiak elkarlanean sortu duten ikuskizunak dantza, musika, soinua eta irudia uztartzen ditu. Guztira  23 pertsonaia ateratzen dira, zortzi antzezlek interpretatuak, hala nola Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Maialen Belaustegi, Ruth Guimera, Eneko Gil, Ane Sagues eta Jon Ander Urresti. Koreografia Philippe Ducourena da, eta musika, berriz, Maite Laruburuk eta Asier Ituartek sortu dute.