Helena Santano artista altsasuarrak aurten Arte Azokaren antolakuntza pixka bat "urrunetik" bizi izan du, Laredora bizitzera joan delako, baina egitasmoa hasieretatik ezagutzen du Artebide artisten elkarteko eta erakusketaren sortzailetako bat izan baitzen duela hamabi urte. Urriaren 20an herrira itzuli zen XII. Arte Azokaren mustutze ekitaldian parte hartzeko; erakusketa azaroaren 20ra arte ikusgai egonen da, Iortia kultur guneko erakusketa aretoan. Santanok koadro batekin parte hartu du.
Zer da Artebide?
Artebiden Sakanako artistak daude. Gehienbat emakumez osatutako talde bat da, artea eta kultura mugitzen dutenak. Baina egia da une honetan pixka bat desaktibatuta dagoela. Alde batetik, bakoitzak gure lanak ditugulako eta hemendik hona gabiltzalako eta, bestetik, instituzioetatik laguntzarik jasotzen ez dugulako. Urtero esaten dugu: aurten bai, aurten gehiago elkartuko gara eta gauza gehiago egingo ditugu. Data iristen da eta derrigorrez elkartzen gara azoka antolatzeko. Gogo handiak ditugu. Denbora beharko dugu. Azkenean, bizitzak dispertsatzen zaitu, fokalizatu beharrean. Agian jubilatzen garenean Artebideko ekimen asko ateratzen hasiko dira.
Zer izan zen lehenago Artebide edo Arte Azoka?
Aldi berean sortu ziren, paraleloan. Artista talde bat elkartu ginen eta Manolak esan zuen: "zergatik ez dugu feria baliatzen Arte Azoka egiteko?" Orduan hasi ginen pentsatzen nola egin, nola jarri... eta taldea sortu genuen.
Zer egin behar da Artebiden sartzeko?
Gogoa eta ilusioa izatea. Talde lanean egiteko ahalmena izatea ere; guztiei falta zaiguna.
XII. Arte Azoka mustu duzue, nola gogoratzen duzu lehenengoa?
Ilusioa eta lan handiarekin atera zen. Deskontrol pixka bat egon zen ere gauza asko egin behar zirelako. Gauza batzuk airean gelditu ziren, baina indar gehiago zegoela iruditzen zait ere. Lehenengo sei urtetan indar eta ilusio gehiago zegoen. Arte Azokara arte gidalerro gehiago zuen jendea etortzen zen; arte zirkuituan ospetsua zen jendea etortzen zen. Agian hausnarketa eta analisia egin beharko genuke. Guretako oso duina da, baina kanpora begira duin egiteko. Gehiago mugitu beharko genuke. Tanjerren egon ginen, eta orain Laredon nagoela erakusketa areto izugarri bat dago eta bertara eramaten saiatzen ari naiz. Ez gelditzeko bakarrik Sakanan. Egia esan, bertan nagoenez, orain pixka bat urrutitik bizitzen ari naiz guztia, baina sareak egiten saiatzen ari naiz. Niretako garrantzitsua da ere. Sare sozialetan egon beharko genuke ere, bestela oso tokikoa gelditzen da.
Arte Azokara etorri zara.
Bai, jakina. Ez dut utzi, baina ez nago bertan hariak mugitzen; orain arte egon naizen bezala saltseatzen.
Zenbat artistak parte hartzen duzue?
Beti 30 bat artistak parte hartzen dugu. Batzuetan gehiago izan dira ere. Artista gonbidatuak etortzen dira ere, eta aurten Kataluniatik Sagri Mauleonen lagun batzuk etorri dira. Mustutzean poesia irakurketa egin zuten, eta haien lanak erakusketan daude. Sareak eginak ditugu.
Oso errotuta dago, ezta?
"Nik beti esaten dut: artea ikusi eta begiratu, ulertzearena beranduago dator"
Bai, eta hoberena da herritik eta herriarendako egiten dugula dela. Herritik mugitu gabe arteaz hitz egiten dugu. Jendea ez da galeria batera joan behar, baina hemen zinemara joaten dela edo lagun batek erakusten duela... Aretoa bisitatzen da. Egun batean artelanak azaltzen ibilbidetxoa egiten dugu ere, eta bertan ezagutza pedagogikoa ematen dugu: zer den, zertarako, zer gertatzen ari den... Jendeak ulertzen badu, etorriko da. Xedea heztea da ere. Ikustea eta begiratzea, ulertzea denborarekin doa. Ikustea ez dela zerbait arrotza. Edozein motatako liburu bat irakurtzen den bezala, koadro bat begiratu. Ez da ezer berezirik behar; sentitu behar da: kolorea, lerroa, espresioa... Zergatik deitzen dizu batek atentzioa eta beste batek ez?
Herrietan ere artea egiten delako.
Herrikoa duin egitea. Ez gaude isolatuta. Dena ikusten eta jasotzen dugu. Artea deszentralizatzeko aukera ematen dugu, eta herriari bizitza ematen diogu. Hemen gauza asko gertatzen dira. Badirudi herrian egina dagoenez kategoria gutxiago duela, eta ez da horrela. Hemen espresio eta sentimendu berdinarekin sortzen da, galeria bateko artista bat bezala.
Zer baldintza bete behar dira Arte Azokan parte hartzeko?
Dena artea da eta dena ez da artea. Hau nire kriterio pertsonala da: nire ustez garapen artistiko bat izan behar dute. Parte hartu nahi duenak heldutasun artistikoa izan behar du. Inoiz ez ditugu salbuespenik jarri. Curriculuma eta argazkiak eskatzen ditugu, eta normalean ez dugu inor atzera botatzen. Baina nire ustez gutxienez garapen bat izan behar dute.
Zergatik da berezia?
Ez dagoelako inon gehiago, bakarra da. Oso berezia da, eta ez gaituzte laguntzen. Sakanako instituzioei, udalei, zinegotziei eta abarrei deialdia luzatzen diet: etortzeko eta ikus dezaten. Artea ez da ondasun ekonomiko bat, baina gozatzeko ondare bat da, kulturala, bizi dugun garaiaren isla... Kontestu asko ditu arteak. Horrelako beste feria bat ARCO da, Madrilen; eta Arte Azoka. Iortian asko laguntzen gaituzte, baina kanpoko laguntza behar dugu ere. Ganadu azoka bat garrantzitsua den bezala, arte azoka batek ere garrantzia dauka. Diziplina asko erakusten dira; Sakanako artistei eta gonbidatuei ahotsa ematen diegu.
Zer erakutsi duzu?
Iruñeko aire libreko lehiaketan egin nuen koadro bat. Ia hirugarren sari bat izan zen; bigarren urtez gertatu zitzaidan berdina. Zuhaitz bat margotu nuen. Normalean ez dut lan figuratiborik egiten, baina zuhaitz bat nuen aurrean eta hori egitea erabaki nuen. Nire keinua betikoa da; Keinuaren eta geometriaren artean deitzen da. Nik behatzen dut, ez dut ikusten dudana kopiatzen.