ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Reparagrua SM enpresako langileek zuzendaritzarekin lan harremanak arautzeko akordio berria lortu dute. ELAk jakinarazi duenez, "lortutako akordioak nabarmen hobetzen ditu lehen zituzten baldintzak, eta plantilla osatzen duten 14 langileei eragiten die". Sindikatuak akordioko lau puntu nabarmendu ditu. Alde batetik, Nafarroako Kontsumo Prezioen Indizeari lotutako soldata igoerak Enpresa Itun berria indarrean dagoen urteetan, hau da, 2023an eta 2024an. Gainera, horri urtero 1.000 euroko beste igoera bat gehitu zaio, nominan finkatuko dena. "Plantillaren batez besteko soldata 30.000 euro gordinekoa da gaur egun" gaztigatu du ELAk.
Horretaz aparte, Enpresa Itun berriak jasotzen du urteko lanaldia 25 ordu murriztuko dela,
1.695 ordutik 1.670era pasaz. Aldeek hitzartutakoaren arabera, lantegiko langileen lan baldintzak 2028an gehiago hobetuko dira, Gipuzkoan dagoen taldeko beste enpresa baten lan baldintzekin parekatuko dituztelako, Servicios Técnicos Olaberria, SM enpresarekin hain zuzen ere. Azkenik, ordaindutako batzarrak egitea jaso dute itun berrian, lanorduetan zein lanorduetatik kanpo.
Greba deialdia
Zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko akordioa langileak mugagabeko greba hasi bezperan sinatu zen. ELArendako lortutako akordioa "positiboa" da. Sindikatuak "Reparagruako langileen batasuna eta antolaketa" nabarmendu ditu. ELAk ziurtatu duenez, "greba da langile klaseak lan baldintzak hobetzeko duen tresnarik onena". Sindikatuak gaineratu duenez, "ia plantilla osoa ELAn afiliatuta egoteak eta, beraz, Erresistentzia Kutxa jasotzeko aukera izateak funtsezko akordio kolektiboak lortzeko aukera errazten du, zalantzarik gabe". Reparagrua SM enpresa Altsasuko Ibarrea industrialdean dago, eta Bizkaian eta Araban ere baditu zentroak.