Aizkorri Kirol Zentroko Gaizka Martinez de Albeniz kirol teknikariari piztu zitzaion crossfita eta aizkora batzen dituen apustua antolatzeko ideia. Azaroaren 11n, larunbata, 18:30ean, izanen da erronka, Altsasuko Burunda frontoian. “Zerbait egitea aspaldi nuen buruan. Aizkorrin denetariko jarduerak antolatzen ditugu, eta apustu bat antolatzea beste bat izan behar zela uste nuen. Lau partaideak Arkaitz Jauregi, Fidel Jimenez, Iñaki Vazquez eta Eneko Larrion izan behar zirela hasieratik argi nuen, lauek aizkora erabili izan dutelako edo erabiltzen dutelako”. Banan-bana joan zen laurei proposamena egitea. “Gutxi behar dugu pikatzeko, eta baiezkoa eman genion” erantzun du Fidel Jimenez etxarriarrak. “Iñaki Vazquez animatzea gehiago kosta zitzaidan, baina azkenean berak ere baietz. Arkaitz Jauregi eta Eneko Larrion azkar animatu ziren. Berehala pikatzen dira”. Irribarre egiten dute guztiek.
Lan latza
Egin beharreko lana, sei kanaerdiko eta sei crossfit ariketa gogor tartekatzea, latza da. “Horregatik da apustu bat. Apustu batek gogorra izan behar du. Edozeinek ezin du hau egin” dio Martinez de Albenizek. Lau kirolariek elkartuta adostu zituzten egin beharreko lanak. “Bikote batek proposamen bat egiten zuen, eta besteak baiezkoa edo ezezkoa erantzuten zuen. Horrela, guztia adostu arte. Bikote batek korrika egitea proposatu zuen, eta, besteak ez zuen nahi izan. Eta ez da egongo. Argi dagoena da bi bikoteek ariketa hauek adostu badituzte, ariketak egiteko gai direlako dela” nabarmendu du kirol teknikariak.
Bikoteak eta lanak orekatzen saiatu dira, apustu irekia izateko, “bestela ez du graziarik. Arkaitz Jauregi aizkoran onena da, eta Fidel agian lau kirolarien artean ahulena, ez ahalmenengatik, duen gorputzarengatik baino, arinena delako. Iñakirena eta Enekorena, adiz, bikote konpentsatua da, biak dira nahiko berdintsuak” dio Martinez de Albenizek. Arkaitz Jauregi da aktiboan dagoen aizkolari bakarra. Fidel txikitan ibili zen aizkoran, anaiarekin, eta gustuko du. Iñaki Vazquezek aizkora txapelketetan parte hartu zuen, duela zortzi-hamar urtera arte. Enekok egurra du lanbide, eta aizkoran ere ibili izan da. “Joan zen urtean duatloiak arreta piztu zion, eta prestatzen hasi zen. Gaizkak apustua proposatu zionean esan zion primeran zetorkiola” gogora ekarri du Jauregik.
Entrenamenduak
Laurak nola prestatzen ari diren galdetuta, irribarre maltzurra egin du Martinez de Albenizek. “Atzetik dabiltza, ezer esan gabe, txakurkeriatan” (kar-kar). “Bikote bakoitzak bere martxa duelako. Ez duzu ere esango nola entrenatzen duzun. Dena den, azkenean, dena jakiten da” ihardetsi du Fidelek. Oso serio hartu dute apustua. Dieta ere zaintzen ari omen dira. “Behin apustuan sartuta, topera” dio Arkaitz Jauregik. Jauregi Japonian egon zen urriaren 10etik 21era, Euskadiko delegazioak egindako bisitan, Basque Week-en barruan aizkora eta herri kirol erakustaldiak egiten, Euskadiko Herri Kirol Federazioak gonbidatuta. “Itzultzen zarenean, gogor eman behar diozu, besteak topera dabiltza eta, esaten zidan Fidelek han nengoela, guztiz kezkatuta” irribarre egiten du Jauregik. Japonian pisua galdu omen zuen, baina sasoia errekuperatzen ari da.
Gaizka Martinez de Albenizek ongi ikusten du laukotea. “Egin behar zuten lana, egina dago. Orain, apustu egunera ahal den hobeki iristeko ongi zaintzea, ez dago besterik”.
Jauregiren erresistentzia, gakoa
Arkaitz Jauregik nola erantzungo duen, hori izango omen da gakoa Gaizka Martinez de Albenizendako. “Argi dagoena da lauretatik profesional bakarra Arkaitz dela”. Iñaki Vazquezek Jauregik aizkoran duen nagusitasuna nabarmendu du. “Berak aizkora tartea dominatuko du; hortaz, gu crossfit ariketetan aldea ateratzen saiatuko gara, eta aizkoran Arkaitzengatik ahalik eta gertuen mantentzen”. Jauregik ez du argi bere nagusitasuna horrenbestekoa izango ote den. “Balitza enborrak bata bestearen atzetik erdibitu behar direla, lan jarraian, agian Iñakiri eta Enekori neurria hartuko nieke, baina enbor batera ez dakit asko nabarituko den. Gainera, ez naiz egurra moztera fresko sartuko. Nahiz eta crossfit ariketetan azken txanda Fideli utzi, gehienez 20 segundo izango ditut errekuperatzeko; egurra mozten fundituta hasiko naiz. Nolanahi ere, aizkoran ahal dudan guztiena egiten saiatuko naiz, Fideli lan gutxiago utzi eta besteei aurrea hartzen saiatzeko. Baina horrek ere neke bat ekarriko dit”. Egurrak, pagoa, Kataliturrik jarriko ditu, bi bikoendako berdinak.
Jauregik ez du uste faboritoak direnik. “Eneko eta Iñaki oso indartsu ikusten ditut, makinetan bereziki. Bizikletan asko ibilitakoa da Iñaki, eta mozten ere ongi ibiliko da. Indar handia du. Eta Eneko arraunean eta skian primeran ibiltzen da”.
Gaizka Martinez de Albeniz: "Ikusmina handia da, ez dagoelako argi zein bikotek irabaziko duen"
Ariketa zailena zein den galdetuta, argi dute. Arkaitzendako bizikleta edo airbike lana da zailena, “izugarri sufritzen dut”. Iñakirendako traktore gurpila arrastatzea, eta Fidelek ere airbike makina aipatu du. “Normalean bizikletan ibiltzen naiz, baina, hala ere, gogorra egiten zait”.
Frontoia beste faktore bat izango dela argi du Martinez de Albenizek. “Orain arte Aizkorri Kirol Zentroan entrenatu dute. Ikusi beharko da Burundako zorua nolakoa den, zapatilek irrist egiten dieten hala ez, gurpilak ongi kokatzen asmatzen duten... hori apustuaren sorpresa faktorea izango da”. Kirol teknikariak atzera ere gakoa Arkaitz Jauregik topera zenbateraino aguantatzen duen izango dela berretsi du. “Proba osoan eustea lortzen badu... gakoa izango da”. Jauregi, eusteko prest ageri da. “Denetarako prest egon beharra dugu”.
Apustuan bi epaile egongo dira, Aizkorri Kirol Zentroko bi kide, “crossfit ariketak primeran ezagutzen dituztenak”. Horretaz gain, bikote bakoitzak laguntzailea izango du. Jauregirena eta Jimenezena Floren Nazabal izango da, Jauregiren ohiko laguntzailea. “Florenek ongi gidatuko gaitu” dio Jauregik. Vazquezen eta Larrionen laguntzailea Aizkorri Kirol Zentroan ibiltzen den Goyo Rodriguez izango da. “Ixil-ixilik gordeta zenuten” dio, irribarrez, Fidel Jimenezek. “Aizkora gure indargunea ez denez, Goyo aukeratu dugu crossfit probetan lagundu eta animatzeko” erantzun du Vazquezek.
Oso irekia
Lau kirolarien apustuak, atzetik apustu gehiago ekarri ditu. “Jendea gure lanaren inguruan apustuak egiten ari da. Nik entzun dut dirua Iñakiren eta Enekoren alde dagoela” dio Jauregik. “Jakina, asko entrenatu dute” azaldu du Fidel Jimenezek. “Apustuetan denetatik dago” erantzun du Iñaki Vazquezek.
Altsasun halako apusturik ez da egin. “Behintzat hori dio Eneko Larrionek, halakorik ez dela egon”. Ikusmina handia da, “batez ere ez dagoelako garbi nork irabaziko duen. Bakoitzari ariketa bat doakio ongi, eta bikoteak orekatuak dira. Apustua irekita dago, guztiz” dio Aizkorriko kirol teknikariak. “Eta horrela izan dadila. Zerbait parekatua egin nahi genuen, ekitaldi polita izateko. Onenek irabaz dezatela” argi du Fidelek.
Crossfita eta aizkora, konbinazio polita. Argi dago kirol ezberdinen arteko duatloiek, pentatloiek eta bestelakoek geroz eta ikusmin handiagoa pizten dutela, “aizkora hutsak baino gehiago. Izan ere, aizkoran, hasieratik ikus daiteke txapelketa nola bukatuko den. Pentatloiarekin eta halakoekin, ordea, ez da hain argia. Harri jasotzaile batek agian 2 minututan 25 altxaldi egingo ditu, baina korrikako atalean nola ibiliko den ez dakizu. Gurean ere antzekoa gertatuko da” azaldu du Jauregik.
Apustuko lanak bukatzeko ordubete inguru beharko dela uste du Martinez de Albenizek. “Hala izan ziren lehenengo kalkuluak”. Jauregik ez du uste. “Irabazten duenak ordu bat jaitsiko du, dezente gainera”.
Lasai, baino urduri
Kirolariek momentuz lasai daudela aitortu dute. “Ni nahiko lasai nago, momentuz. Baita Eneko ere” dio Vazquezek. Martinez de Albenizek ez du uste. “Barrutik daramate. Fidel, esaterako, oso urduri dago”. Urduri egon dela aitortu du Fidel Jimenezek, baina azkenaldian lasaiago dagoela. Jauregi ohituta egon beharko litzateke txapelketetara, “baina, naizenerako, nahiko ongi eramaten ari naiz” dio, irribarrez.
Sarrerak
Hasieran apustua Aizkorri Kirol Zentroan zen egitekoa, goizez, baina piztu zuen ikusmina ikusita, txiki geratu zen tokia. Horregatik Burunda frontoia alokatzea erabaki zuten, eta apustua arratsaldez egitea. “Jakina, horrek aurrekontua dakar: frontoia arratsalde guztirako alokatu, asegurua kontratatu, aizkora lanak tartean daudelako, megafonia eta bestelako gastuak... Horregatik, 5 euroko sarrera kobratuko dugu. Haurrek, aldiz, dohainik izango dute sarrera. Dagoeneko 200 sarrera saldu dira Aizkorri Kirol Zentroan. Egunean bertan Burunda frontoian salgai egongo dira”.
Giro ederra espero da. “Jendea ekitaldi ezberdina ikusteko gogotsu dago, ea animatzen diren. Esan digutenez, kuadrillek bazkariak eta afariak antolatu dituzte”.
Apustua “ikusgarria” izango dela uste du Martinez de Albenizek. “Arkaitz sekulako bonba da, mugaraino joango delako. Lauren artean gehien pikatzen dena da. Hil arte borrokatuko du, hori argi izan. Fidelek Arkaitz lagundu beharko du. Iñaki eta Eneko bikote konpentsatuena da. Iñaki ongi ibiliko da aizkoran, eta crossfit makinetan vatio gehien mugitzen dituena da, agian indartsuena. Enekok nahiko ongi laguntzen dio, agian esplosiboena du. Erritmo bat du, eta erritmo horretan konstantea da”.
Apustua bukatuta, guztiak elkarrekin joango dira afaltzera, euren laguntzaileekin, epaileekin eta gertukoenekin. “Bikote batek besteak baino umore ederragoa izango du, baina gustura egongo gara. Egun polita izango da”.
Apustuko lanak
Bai crossfiteko lanetan, eta baita enborrak mozten, txanda librean aritu beharko dute kirolariek.
1.500 m ski egitea. Makina bertikala da, eskuetarako bi helduleku ditu eta goitik behera mugitu behar dira besoak, eski mugimendua bailitzan.
Kanaerdikoa erdibitu.
Traktorearen gurpila arrasataka ekarri. Traktorearen gurpila plaza batera (20 m) kokatuta dago. Kirolariak, bere tokitik mugitu gabe, sokari tira eginez berarengana ekarri beharko du gurpila, arrastaka. Sei plaza egin beharko dira guztira.
Kanaerdikoa erdibitu.
4 km airbike egin. Bizikleta lana.
Kanaerdikoa erdibitu.
Arraun makinarekin 1.500 m egin.
Kanaerdikoa erdibitu.
Traktorearen gurpilari bueltak ematen edo gurpila irauliz 10 plaza osatzea.
Kanaerdikoa erdibitu.
Txingak: 25 kiloko txingekin 30 plaza egin.
Kanaerdikoa erdibitu.