Astekaria

Antzerkia eta dantza, bi mundu batean

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko aza. 6a, 12:14

Eva Azpilikueta, behean erdian, 'Everyone' dantza ikuskizunean. TXISTI PHOTO

Eva Azpilikueta Martinez antzezle altsasuarraren "betiko" zaletasuna dantza da, eta orain eszenatokian ere diziplinaz disfrutatzen du Konmocion konpainiaren 'Everyone' ikuskizunean. Azaroaren 9an, osteguna, MUN Nafarroako Unibertsitateko Museoan emanaldia eginen dute.

"Niretako sentsazio oso-oso desberdina da. Egia da ni oso antzezle fisikoa naizela, eta sortzen ari naizenean nire tresnetako bat gorputz espresiora eta antzerki fisikora jotzea dela, baina dantza diziplina guztiz desberdina da". Duela urtebete inguru hasi zen Eva Azpilikueta Martinez antzezle altsasuarra Becky Siegel dantzari eta dantza zuzendariaren Konmocion konpainiarekin lanean, eta DNA jaialdiaren barruan hainbat emanaldi eman dituzte. Hurrengoa, azaroaren 9an, osteguna, 19:30ean, Nafarroako Unibertsitateko Museoan Everyone ikuskizuna eginen dute. "Oso-oso sartuta nago dantzaren munduan, oso motibatuta".

Udazkeneko sasoi hau, gainera, mugitua dela esan du altsasuarrak: "Orain badirudi mundua amaitzen ari dela eta ikasturtearen lehenengo hiruhileko honetan, urteko azkena dena, asko programatzen da eta aktibitate handia dago". Proiektu eta ideia berriak loratzen hasi direla ere esan du antzezleak , "proposamen asko ditut, eta hiru aste hauetan gauza asko erabaki behar ditut. Baina pasako dugu sustoa, tranpolina hartuko dugu, eta martxa hartuko dugu". Besteak beste, 104. haurra antzezlana mustuko du Jokin Oregi zuzendariarekin, Yarleku konpainiaren Punto Gunean, Azpilikuetak lan egiten duen tokian, sortzen ari direna.

Antzezlea eta dantzaria, "bai, orain esan daiteke baietz". Azpilikuetaren dantzarekiko zaletasuna aspalditik dator. Nafarroako Antzerki Eskolan interpretazioa ikasten ari zenean ezagutu zuen Siegel: "Berak dantza garaikidea erakutsi zidan. Hasieratik gustatu zitzaidan. Flipatzen nau. Izugarri gustatzen zait, barruan zerbait mugitzen dit. Medizinala da, deskonektatzen dut, espazio libre bat da". Dantzarekin "askatasuna" sentitzen duela esan du artistak. "Hau guztia berarekin ezagutu nuen, eta ordutik ez dut inoiz guztiz alde batera utzi". Antzerki Eskola bukatu zuenean Siegelekin Alemaniako topaketa batera joateko aukera izan zuen, "eta bertako antzezleekin eta dantzariekin elkartrukea egin genuen. Oso atsegingarria izan zen". Baina ordutegien kontuagatik, logistikagatik eta abarrengatik dantza utzi behar izan zuen.


Eva Azpilikueta 'Everyone' dantza ikuskizunean. UTZITAKOA

Dantzaria

"Beti esan dut dantzari frustratua naizela; beti izan dut barruan"

"Beti esan dut dantzari frustratua naizela. Beti izan dut barruan, baina egoerengatik ezin izan dut guztiz garatu". Duela zenbait urte dantzan hasi zen berriz, Siegelen eskoletara joaten hasi zen, utzi zuen, eta Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan ere izena eman zuen, "baina Altsasuraino etortzea ezinezkoa egiten zitzaidan". Aurreko urtean Siegelekin hasi zen berriz, "eta esan zidan ikuskizun bat zuela prest eta bi dantzari behar zituela eta ea nahi nuen proiektu horretan sartu". Baiezko borobila eman zion. "Niretako hau amets bat da; opari handi bat egin dit". Bizitzan "oso kaotikoa" dela aitortu duen arren, arlo profesionalean "oso exigentea" da, eta ikuskizunarekin hasi zenean, "berarekin entrenatzen hasi nintzen, espazio bat hartzen nuen berak markatzen zidana lantzeko... Lan handia egin dut bakarrik eta baita kideekin ere, erritmoa hartzeko".

Everyone ikuskizuna DNA Nafarroako Gobernuak dantza garaikidea sustatzeko sortu zuen jaialdiaren erresidentzia batean sortu zen. "Beraiek aurretik mustuta zuten, eta ni beranduago iritsi nintzen. Dena egina zegoenean sartu nintzen, eta landu behar izan nuen". Azpilikueta "asko inplikatu" da obran, eta Siegelekin ematen dituen eskolak ez ezik, Nafarroako Dantza Eskolan dantza garaikidean eta aurten klasikoan ere hasi da. "Teknika eta beste arlo batzuk lantzeko ".

"Beckyrako dantza gizartearen indar eraldatzailea da, antzerkia bezala. Eszenatokian erakusten ari garena zerbaitetarako izatea; mezu bat bidaltzeko, galdera bat airean uzteko...". Konmocion konpainia dantza ikerketa modu bat bezala ulertzeko sortu zela azaldu du altsasuarrak. "Arte diziplina desberdinen konexio puntu bat da ere bada". Everyone lanak "norbanakoa eta osotasuna" jorratzen ditu. "Galdera bat: bat gara edo bakoitza gara? Gizarte bat gara, nukleo bat... Hortik doa metafora". Gizakiaren aniztasunaz ere hitz egiten du lanak, gehienbat inmigrazioaren auziaz: "Beckyk askotan aitortu du eta ikuskizunaren amaieran beti esaten du berari gustatuko zitzaiola jatorri desberdinetako dantzariekin dantzari zerrenda osatzea, eta asko saiatu da, baina lanean hasi den jendeak arrazoi desberdinengatik utzi behar izan du". Dantzaren bidez arrazismoa eta xenofobia landu nahi ditu: "Nola den toki berri batean sartzea, arrazoi oso gogorrengatik etorri diren horiek nola hartzen ditugun, nola enpatizatzen dugun, nola gorputz horiek oztopo asko dituzten gizartean sartzeko". Everyone-k "zerbait oso handia" duela esan du Azpilikuetak, "ikusleak gauza asko ikusten ditu".

Inprobisazioa
Siegelekin hasieratik "konektatu" zuela esan du Azpilikuetak, "gehienbat berak eskaintzen duenarekin, berak irakasten digunarekin". Dantzari eta koreografoak inprobisazioa lantzen du, "eta berak esaten duen bezala, dantzari guztiek ez dute inprobisatzeko gaitasunik. Teknika baino askoz gehiago da. Teknika landu behar da, jakina, baina gehienbat dantzakideak entzutea eta espazioa konpartitzea da". Inprobisaziorako oso kreatitboa izan behar zarela esan du altsasuarrak, "dantzaria eta koreografoa zara aldi berean. Berak pauta batzuk markatzen dizkigu, eta istorio batean gaude, zerbait kontatzen ari gara, baina inprobisatzen ari gara". Inprobisazioarekin "oso ongi" konektatzen duela esan du Azpilikuetak, "kideekiko entzumena ulertzen dut, antzerkian eta dantzan".


'Everyone' dantza ikuskizunaren une bat, Eva Azpilikueta behean erdian. UTZITAKOA

Nola kontatzen da istorio bat inprobisazioaren bidez? "Magia dirudi, baina lan handiarekin eta entrenamendu askorekin lortzen da. Elkarrekin lan asko eginez. Familia, ekipoa, taldea, niretako ezinbestekoa da antzerkian eta dantzan, baina dantzan askoz gehiago". Inprobisatzeko taldeko lana "ezinbestekoa" dela esan du Azpilikuetak. "Osatu beharreko mapa bat duzu, eta sei zentzumenak irekiak izan behar dituzu. Egunero. Egunero zerbait desberdina delako". Hori da ikuskizun honen "marabilla". "Musika pieza bakoitzak eta eszena bakoitzak pauta oso argiak ditu. Halaber, koreografiak daude, baina gutxienekoak dira ea teknikoki oso-oso zailak". Energiaren eta "testuren" arabera mugitzen dira: "Hitzak izan daitezke: aurkitu, interesgarria, forma, sikosia, neurotikoa...". Hitzekin azaltzeko zaila dela aitortu du Azpilikuetak.

Oso gauza "interesgarriak eta desberdinak" ezagutzen ari da altsasuarra. "Konturatzen zara ezer esan gabe ere asko esan dezakezula Indar horretan sartzea, dantzariek eman didaten indar hori jarraitzea, istorio horretan sartzea...". Dantzan hasten direnean bakoitzak bere mundua sortzen duela esan du. "Gure gorputzaren eta emozioen bidez adierazten saiatzen gara". Bukaeran hunkitu dela aitortu du, bereziki eszena batek "asko mugitzen" diola esan du.

Deskonektatzea

"Antzerkiak eta dantzak oso desberdinak diren emozioetara eramaten naute"

"Antzerkiak gorputzaren kajoi batzuetara eramaten nau eta dantzak oso desberdinak diren beste batzuetara. Antzerkiak samurtasunetik, barrutik eta abarretik mugitzen nau, eta dantzarekin leherketa bat da". Azpilikuetari dantzarekin sentitzen duena hitzekin adieraztea kostatzen zaio: "Gorakada bat da. Eraldatzen nau. Antzerkiak ere, bai jakina. Baina emozio desberdinak dira; diziplina bakoitzak ematen didana desberdina da". Bestetik, dantza ikuskizun batean lan egiteko "beste konstantzia bat" eskatzen diola ere esan du: "Antzerkian testua prestatu behar duzu, ikerketa zati bat ere badauka, baina dantzak konstantzia eta lan handia eskatzen ditu, fisikoki prestatu behar zara... Ezin duzu utzi". Dantzaren "zale amorratua" izan da betidanik Azpilikueta, eta "erantzukizuna" sentitu zuen oholtzara dantzatzera igo zenean. "Pixka bat urduriago jartzen naiz. Baina asko disfrutatzen dut. Deskonektatzen dut, nerbioak deskonektatzen ditut, eta eszenatokian egiten ari naizenarekin kontzienteagoa naiz". Dantza eta antzerkia elkarrekin doazen bi diziplina direla gaineratu du.