Baso bonba arina suhiltzaileen parkerako

Guaixe 2023ko aza. 15a, 09:00

Suhiltzaileen kamioia eta ibilgailuak. ARTXIBOA

Baso suteen kasuan operatiboaren erantzuna indartzeko balioko du.

Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuak 1,75 milioi euro inbertitu ditu baso-suteetarako suhiltzaileen bost ibilgailu erosteko: hiru autobonba eta bi zisterna. Erosketa, neurri batean, Europar Batasuneko Next Generation funtsen kontura finantzatu du foru administrazioak. Ibilgailuak Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tuterako parkeetan erabiliko dira

Departamentuak jakinarazi duenez, Lizarrako baso-bonba arina Altsasuko parkean birkokatu dute, baso suteen kasuan operatiboaren erantzuna indartzeko. Altsasuko suhiltzaileen parkeko buru Pedro Gainzak azaldu duenez, "zahar bat genuen eta etorriko dena ia-ia berria da". Gainzak aurreratu duenez, "urte akaberarako dugun lehen irteerako kamioia ordezkatuko dute. Duguna zaharra dago eta berria ekarriko dute". Bi ibilgailu horiez aparte, Altsasuko suhiltzaileen parkean anbulantzia bat eta bi orotariko ibilgailu dituzte, bat baso suteetarako eta bestea herri suteetarako. Bost ibilgailu guztira. 

Langileei dagokienez, Altsasuko parkean 21-22 suhiltzaile daude; haietatik zazpi kaboak dira eta gainontzeko 14 suhiltzaileak. Baina Altsasuko parkeko bi suhiltzaile Erreskate Teknikoko Taldean daude lanean, eta beste bat baso suteen kontrako helikopteroko brigadan ari da. Beraz, hiru suhiltzaile horiek beraien lan egutegiaren erdia Iruñean egiten dute, eta beste erdia Altsasun. Horrek, jakina, parkeko suhiltzaileen kopuruari eragiten dio. Gainzak azaldu duenez, "behin behineko lekualdaketagatik Auriztik bi suhiltzaile etorri ziren. Baina urte hasieran birbanaketa berria eginen da. Suhiltzaileen eskolan daudenek otsailean bukatuko dute eta Altsasuko parkean langile gehiago izatea espero dugu", azaldu du.