Astekaria

Historia memoria auzolanean

Guaixe 2023ko aza. 15a, 13:01

Liburuaren egileak, Iosu Imaz Prim eta Amaia Urkijo Artola aurkezpenean.

Altsasu Memoria taldeak 'Altsasu 1936' liburua argitaratu du. Bertan herrian 1900 eta 1950 urteen artean gertatutakoa jaso dute, bereziki erreparatuz 1936ko estatu kolpearen ondoren herriak bizi izandako errepresio olatua.

Herriko historia memoria berreskuratzeko lanean hamarkada bat darama lanean Altsasu Memoria taldeak. Bere ibilbidean mugarria da Altsasu 1936 liburua, Altaffaya argitaletxeak argitaratu duena. 428 orri eta 23 kapitulu XX. mendeko lehen erdian Altsasun jazo zena kontatzeko. Hura idazten eskuz esku aritu dira Amaia Urkijo Artola eta Iosu Imaz Prim. Biek aurkeztu zuten liburua azaroaren 3an, Erkuden Ruiz Barroso GUAIXEko kazetariak gidatu zuen ekitaldian. Liburu aurkezpenari doinua jarri ziona, berriz, Itziar eta Erkuden Flores eta Aritz eta Amaiur Goikoetxea izan ziren. 

Liburua argazkiz ederki hornituta dago. "Irudiek testuingurua ematen dute; liburua arretaz begiratzeko da. Kontsultarako liburua da eta, jakina, ahaztuak izatea nahi izan zuten pertsona asko gogoratzeko liburua da, taldekideek oroimenaren kutxatik atera baitituzte", esan zuen Ruizek. Imazek liburuaren bi aurrekari aipatu zituen: Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua eta Jose Maria Jimeno Jurio; "Altsasun irakasle egon zen eta dokumentazio oso garrantzitsua jaso zuen". 

Imazek esan zuenez, “memoriaren kontu honekin urte dezente daramagu. Liburua egiteko asmoa aspaldi genuen, eta azkenean egin dugu”.Urkijok aitortu zuenez, "lanak luze jo du. Batzuetan ez genuela bukatuko pentsatu izan dugu". Imazek esan zuenez, "egindako lanarekin pozik gaude", eta nabarmendu zuen: "Urkijo ezinbestekoa izan da, Altsasu eta herriko abizenak ederki asko ezagutzen dituelako". Izan ere, informazioa lortzeko Urkijo makina bat pertsonarekin elkartu baita. Berak azaldu zuenez, "izen zerrenda bat genuen baina ez genekien zein familiatakoak ziren. Zailena pertsona bakoitza bere familian kokatzea izan da. Abizenekin nahasmena genuen, zenbait pertsonen aurreneko bi abizenak berdinak ziren; anai-arrebak, lehengusuak... nahas-masa. Hori zehaztu ondoren, egia esan, lana erraza izan da", aitortu zuen Urkijok. Familiengana jo, proiektua aurkeztu eta beraien laguntza eskatzea. Izan ere, Altsasu Memoriako kideendako garrantzitsua zen Historia kontatzeaz aparte, hari "aurpegiak jartzea, zein ziren eta familia bakoitzaren historia jakitea. Nik horri ematen nion garrantzia", azaldu zuen Urkijok. 

"Gozatu hutsa izan da familiekin egon eta haien historiak entzutea, argazkiak jasotzea"

Ate jotze horretan "primerako harrera egin digute; gozatu hutsa izan da familiekin egon eta haien historiak entzutea, argazkiak jasotzea. Jendeak oroigarriak altxorren pare gordetzen ditu. Bakoitzak bere hondar alea jarri du Altsasu guztiaren auzolan honetan. Bestela, ezinezkoa litzateke jaso dugun guztia jasotzea. Horregatik, gure esker ona familia horiei guztiei", nabarmendu zuen Urkijok. Jakinarazi zuenez, "ez gara guztiengana iritsi. Argazki eta datu asko faltako dira. Horregatik, Altsasu Memoriatik deia egiten diogu jendeari ekarpenak egin ditzan. Guk lanean jarraituko dugu, eta hori guztia altsasumemoria.wordpress.com webgunean jasoko dugu".  

Estatu kolpea eman berri arte
Estatu kolpearen aurreko giroaren berri ematen du hasieran liburuak, "laburtu behar izan dugu", aitortu zuen Imazek. "XX. mende hasieran ekonomia krisia izan zen. Baina Altsasuk bere ekonomia jarduna aurki berreskuratu zuen, industria gune garrantzitsua bilakatuz. Hainbat tokitatik jende asko etorri zen, eta ekarpen pertsonala eta kulturala egin zuten. Gaur egungo Altsasuren oinarria osatu zuten", azaldu zuen Imazek. Gaineratu zuenez, "lana bai, baina jendeak ere elkartu nahi zuen. Sektore aurrerakoienek edo ezkertiarrenek Circulo de Union Democratica sortu zuten, herriari bizia ematen zioten jardunak antolatu zituena. Hilabeteetara Circulo Catolicoa sortu zen, han tradizionalistak eta kontserbadoreak zeuden. Hurrengo urteetako bilakaera markatuko zuten". 

Imazek aitortu zuenez, "1936ko estatu kolpearen aurreko egunetako eta hura izan zen bitarteko dokumentazio ona izateko pribilegioa izan dugu". Gogoratu zuen orduko Altsasun alderdi politiko ugari zeudela, inplikazio handia zegoela, eta talde militante bat zegoela. "Estatu kolpearen bezperan, garilaren 17an, telegrafo bidez antzeman zuten Guardia Civila 70 militante altsasuar atxilotzera etorriko zela. Jakina, neurriak hartu zituzten. Garilaren 17an, 18an eta 19an Altsasutik 350 pertsona atera ziren". Imazek gaineratu zuenez, "600 edo 700 pertsonak hanka egin zutela diotenak ere badaude, baina kopuru horren barruan olaztiarrak eta ziordiarrak daudela uste dugu". 

Altsasutik hainbeste jende alde egin ondoren, "herria hutsik gelditu zen, jendea etxean sartu zen. Militarrak Lizarratik etorri ziren. Karlistek eta falangistek boterea hartu zuten. Ordurako armak herrian zituzten, estatu kolpea ongi prestatuta baitzuten. Eta agindu faxistak indarrean jartzen hasi ziren. Junta Carlistak osatu zituen zerrenda beltzak, eta berak zehaztu zuen zer egin, besteak beste: udala kargugabetu, emakumezkoei ilea arrasean moztu, familia guztiak seme-alabak bataiatzera behartu, familia osoak Altsasutik botatzea... Hainbat ekimen, luze iraun zutenak", azaldu zuen Imazek. 

Altsasuko Udaleko bilkura akta batean gasolio faktura baten ordainketaren berri irakurtzeak Imaz jota utzi zuen. "Altsasuko 47 familia erbesteratzeko erabilitako kamioien gasolioa ordaintzeko faktura zela zehazten zen. Familiako kide guztiak plazara eraman, kamioietan muntatu eta herritik kanpo eraman egin zituzten. Hainbat tokitara eraman zituzten, han ez zituzten ongi hartu, estigmatizatu zituzten. Batzuen berri jaso dugu, baina gehienena ez. Hori ikertzen segitu nahi genuke". 

Emakumezkoek estatu kolpearen ondorioz bizitako errepresioak badu bere atala liburuan. Urkijok azaldu duenez, "orduko emakumezko altsasuarrek gizarte eta kultura jardueratan nahiko parte hartzen zuten. Sindikatu edo alderdi politikoetako kide ziren emakumezkoei buruzko lekukotasunak jaso ditugu. Batzuek ez zuten beraien ideia politikoak adierazteko beldurrik. Halakoengatik, errepresioa bizi behar izan zuten ondoren". Emakumezkoen kontrako hainbat errepresio mota zeunden, "ezagunenak ile mozketak, errizino olioa edanaraztea eta ondoren herrian barna, jendaurrean, paseatu arazten zituzten... Errepresio krudela zen, iraindu eta umiliatzea zuen helburu. Halakoak pairatu zituzten emakumezko altsasuarren nahikoa lekukotza jaso ditugu. Halakoak pairatu zituzten, sinpleki, norbaiten alaba, emazte, alargun edo ama izateagatik". Haietako batzuen senarrak preso edo kontzentrazio eremuetan zeuden. Emakumezkoek pairatutako beste errepresio motak ere aipatu zituen Urkijok: irakaslea kargutik kendu zuten, erantzukizun zibileko espedienteak zabaldu zizkieten, preso sartu, familiarekin herritik erbesteratu zituzten... 

"Emakumeek asko sufritu zuten; bakarrik gelditu eta familai aurrera atera zuten"

Azaldu zuenez, "emakumezkoek asko sufritu zuten. Askotan iraindu zituzten. Guztiari aurre egin behar izan zioten. Bakarrik gelditu ziren eta familia aurrera atera behar izan zuten. Askok lurra eta azienda zuten, baina beste askok ez eta etxetik kanpo lana bilatu behar izan zuten. Batzuek erbestera jo zuten senarra gerran zegoen bitartean. Altsasun gerrako umeak ere izan ziren, kapitulu bat eskaintzen diegu. Izan ere, batzuek seme-alabak kanpora bidali zituzten". Urkijok nabarmendu zuenez, "emakumezko horien guztien onena da elkar izugarri lagundu zutela, jasan behar izan zutena ikaragarria izan zelako. Nire ustez haien artean zuten laguntasunak eta babesak ematen zien indarra. Horrek lagundu zien bizirauten, haiena biziraupen hutsa izan baitzen". Kapitulu "gogorra" dela aitortu zuen Urkijok. 

Hildakoak, eta beste

"Hasierako kopurua askoz txikiagoa zen; tristeki, azkenean ehun hildakora iritsi gara"

Estatu kolpearen eta ondoren etorri ziren gerren ondorioz ehun altsasuar hil ziren. "Hasierako kopurua askoz txikiagoa zen, baina, tristeki, azkenean ehunera iritsi gara", azaldu zuen Imazek. Haietatik hamazazpi erretagoardian hil ziren (Urbasan eta inguruko tokietan), "demokrazia eta askatasunaren alde borrokan", frontean, 56 hil ziren (Hego Euskal Herria, Asturias, Galizia, Bartzelona, Valentzia...), bederatzi kartzela edo kontzentrazio eremuetan, hamairu preso zeudela exekutatu zituzten, hiru Frantzia okupatuan, bat fusilatuta eta bat Langileen Batailoian. 

Atzeguardian, "gerraren hasieran hil zituztenak", liburuan kapitulu bat dute. "Haietako batzuk gauez fabriketatik atera eta hil zituzten, beste batzuk hartu eta fusilatzera eraman zituzten, beste batzuk kartzelan preso sartu eta epaiketarik gabe fusilatu zituzten", azaldu zuen Urkijok. "Helburua haiek desagerraraztea zen, guk sekula ez opatzeko. Leze eta ezpondetan akabatu zituzten. Baina Otsoportillon haien oihuak irauten dute. Sakanako eraildako guztien memoria tokia da gaur egun". Nafarroan barna dauden heriotza toki horien guztien argazkiak jaso dituzte liburuan. Aranzadi zientzia elkarteko kideek Otsaportillo eta Urbasako arrasoko lezeetatik gorpuzkiak atera zituzten, eta liburuan txostenak irakurgai daude. Haietan berreskuratu zituen Urkijok bere bi aitonen gorpuzkiak. 

Testuinguru horretan herrian bizimodua "oso zaila" zela azaldu zuen Imazek, "gehienak frontean zeuden, eta biziraun beharra zuten. Familien arteko babesa handia izan zen, biziraun ahal izateko laguntza ezinbestekoa izan zen. Helburua baitzen, presioaren ondorioz familia horiek alde egitera behartzea". Etxeratze agindua 22:00etan zen."Edozein aitzakiarekin isunak jartzen zituzten, eta salaketa egiten zuenak isunaren erdia jasotzen zuen. Matxinatutako frontearen aldeko zerga ezarri zen, eta Errepublikaren aldeko frontean zeudenen familiek ordaindu behar zuten". Imazek azaldu zuenez, "jasotako dokumentazioak gertatu zenaren ikuspegi orokorra eman digu. Gure asmoa da dokumentazio hori funts batean jartzea, iraun dezan".  

Espetxeratutako eta errepresaliatutako altsasuarren berri jasotzeko lan handia egin behar izan zutela aitortu zuten Altsasu Memoriako kideek, "zerrenda oso luzea baita. Horri heltzea zaila izan zen, baina egoera hori ikusgarri egitea lortu dugula uste dut", esan zuen Imazek. Preso sartu zituzten gehienak Santoñako frontea erori ondoren izan zen, 70 pertsona, eta Asturiasko frontea bukatu ondoren. Salbu zeudela uste eta Altsasura bueltatu ziren batzuk ere kartzelan bukatu zuten. Militantziagatik espetxe zigor handiak jaso zituztenak ere izan ziren. "Erantzukizun zibilagatik isun handia jartzen zitzaien". 

Ondoren 
Gerra bitartean eta ondoren altsasuar askok behartutako lanak egin zituzten. "Datu eta argazki ikaragarriak" jaso dituztela azaldu zuen Urkijo. "Araudia 1938an sartu zen indarrean eta Frankismoak iraun zuen bitartean indarrean egon zen. Kalifikazio Batzordeak kasuak aztertu eta pertsona bakoitza nora bidali erabakitzen zuen. Orokorrean Diziplina Batailoira bidaltzen zituzten, 'zorrik' ez bazuten ere erregimenaren aurkakoak zirelako. Langileen Batailoiak, Soldadu Langileen Batailoiak eta Zigortutako Soldadu Langileen Diziplina Batailoiak ere bazeuden", azaldu zuen Urkijok. Gaineratu zuenez, "haietan sartzen zituztenak esklabo lana egiten zuten, baldintza txarretan, gaixo, gaizki elikatuta, erabat ahulduta, etxetik oso urrun... Errepideak, tunelak eta halakoak egiten zituzten". Urkijok jakinarazi zuenez, "erregimenaren gertuko ziren zenbait enpresa langile horietaz baliatu ziren. Miseriazko soldata zuten, baina %75a enpresak berarendako hartzen zuen, mantenua eta ostatatzea argudiatuta. Lan egun bat zigorreko biren parekoa zen. Langile haiek horrela trukatzen zuten zigorra". Eta gogorarazi zuen Altsasun 95. Langileen Batailoia egon zela, Altsasu eta Agurain arteko trenbidearen bikoizketa 1939 eta 1943 urteen artean egin zuena. 

Frantzian erbesteratu ziren altsasuarrek, batez ere, Katalunia erori ondoren, Argeles sur Mer edo Gurs kontzentrazio eremuak ezagutu zituzten. Handik atera eta batzuk Frantzia utzi eta besteak bertan bizitzen geratu ziren. Azken horiek Bigarren Mundu Gerrak harrapatu zituen. "Altsasuar batzuk erresistentzian parte hartu zuten eta borrokan hil ziren. Beste batzuk atxilotu egin zituzten. Haiek nazien menpeko Frantziatik kanpoko tokietara eramaten zituzten. Mauthausen kontzentrazio eremuan bi altsasuar hil zituzten. Beste bat Errusiako tropek askatu zuten. Hari buruzko lekukotza garrantzitsua eman du bere familiak", azaldu zuen Imazek. Jakinarazi zuenez, horren guztiaren inguruko informazio ugari jaso zuten eta zabaltzea gustatuko litzaiekeela gaineratu zuen. "Eta hori guztia gertatzen zen bitartean nazien erregimeneko bigarrena zen Heinrich Luitpold Himmlerrek, Madrilerako bidean zela, geldialdia egin zuen Altsasun eta alkatearekin bazkaldu zuen", ohartarazi zuen Imazek. Asturiasko maki bat muga pasatzen lagundu ondoren atxiloketak izan ziren Altsasun, eta torturatzaileetako bat Meliton Manzanas izan zen. Liburua 1950an bukatzen bada ere, errepresioak ondoren ere segida izan zuen. 

Liburuan altsasuarren bizipenak jaso dituzte, baina aurkezpenean Urkijok ez zituen ahaztu nahi izan "bizi hobe baten bila Altsasura" etorri zirenak. "Sakontzeko beste gai bat da, zeren etorri zirenek Altsasun bertan sufritutako historia berak bizi izan zituzten sorterrian".  

Memoria zor
Liburua sustatu duen taldeko kideendako haien "memoriaren kontzeptua ere oso garrantzitsua da: ez da bakarrik datuak, gertaerak eta giza aspektuak. Memoriak askoz ere zabalagoa izan behar du. Benetako dimentsioa izateko giza, kultura eta politika osagaiak izan behar ditu. Memoriaren alde lan egiten segitu behar da, babesa eman behar zaio (memoria tokiak, hobietatik ateratzeak...)", azaldu zuen Imazek. 

"Jende horri liburu bat zor genion; justizia eta erreparazioa ez zaizkie iritsi"

Urkijok esan zuenez, liburuarekin "izugarri ikasi dut, eta jende ugari ezagutu dut. Ez epaitzen ikasi dut, lekukotzak jaso eta gure senideen historia txikia berreskuratzen. Asko markatu nau jakiteak familia batzuetako kide guztiek errepresioa jasan behar izan zutela. Jende horri liburu bat zor genien. Justizia eta erreparazioa ez zaizkie iritsi. Eta egia da gelditzen dena, eta hori argitara atera behar genuen, nahi ez zuten arren. Memoria horrek balio du. Gainera, aurreko belaunaldiak memoria bizirik mantentzen lagundu digu. Haiengandik izugarri ikasi beharra dugu. Ondare horri segida emateko guk zerbait egin beharra genuen".

Jarraitzeko asmoa dute, baina, horretarako taldea handitu nahi lukete, "ideia pila dauzkagulako gauza berriak egiteko". Izan ere, orain arteko ikerketak tira daitekeen hainbat hari mutur utzi baitie, esaterako: gerra ondoren Frantzian edo Bigarren Mundu Gerran errepresioa jasan zutenak, beraien herrietako errepresio girotik ihes eginez Altsasura etorritakoak... 

Ostiralean iragarri zuten hitzaldi zikloa antolatuko dutela heldu den urtean. "Ekitaldi batzuk egin ditugu orain arte. Baina, apika, jendeak behar du gela batean lasai-lasai egon, gai bat hartu, haren inguruan hausnartu, nahi duenak ekarpenak egin".   

Editorea
Liburu egitasmoa duela urte pasatxo iritsi zen Altaffayara. Edizio erronka handiari heldu zion argitaletxeak, izan ere, Altsasu Memoriako kideek "oso lan sakona egin dute. Beraz, guretako ardura handia izan da. Lan handia izan dugu; orduak pasa ditugu liburuan lanean", azaldu zuen Altaffaya argitaletxeko editore Idoia Muro Zufiaurrek. Murok azaldu duenez, aurreneko zuzenketa duela urtebete egin zuen, "eta orain argitaratu arte lanean egon gara". Pozik da lanarekin. "Dokumentazio ugari du, eta Endika Irisok, maketatzaileak, itxura ematen oso lan ona egin du; eskertzekoa da". Editoreak jakinarazi duenez, egileekin “erlazio estua izan dugu prozesuan zehar. Ez da arazorik egon. Haiek nahi zutena egin dugu". Horren adibide gisa, azaldu du: “argazki bati garrantzia gehiago eman nahi zioten, eta, azkenean, azalean dago. Oso pozik daude; haiek eskatutakoa bete da". 

Altaffaya argitaletxea ezaguna da Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua argitaratu zuelako. Altsasu Memoriarena "hortik atera da. Hainbat liburu ere hortik aterako dira. Dagoeneko Altaffayan eskuartean ditugu. Hainbat herritan ikusi dute behar hori zegoela. Animatu dira eta hori eskerrak emateko modukoa da". Iortia kultur gunea beteta egoteak tokiko historiak jendearendako “garrantzia handia” duenaren adierazle argia izan zen. Liburuak sufrimendu askoren berri ematen du. Murok nabarmendu duenez, "sufrimendu hori hor egon zen, eta horri behar duen inportantzia eman behar zaio". 

Editorea "oso pozik" zegoen aurkezpenaren egunean liburuak "oso ongi" saltzen ari zirelako. "Hori ikusita irakurria izanen den liburu bat izanen da". Altsasu Memoriak beste liburu batzuk izanen direla aurreratu du, eta argitaletxean haiek hartzeko prest daude: “hitz eginda daukagu”. Bitartean, argitaratu berri den liburua liburu dendetan eskuratzeko aukera dago.