Josefina Arregi klinika eta San Juan de Dios Ospitalea elkarlanean

Guaixe 2023ko aza. 15a, 09:33

Josefina Arregi klinika eta San Juan de Dios Ospitalearen proiektu aurkezpenean izan zirenetako batzuk. UTZITAKOA

Klinikak eta ospitaleak bat egin dute landa eremuetan mendekotasuna duten adineko pertsonentzako etxez etxeko arreta hobetzeko. Horretarako, 'Rural Domus' proiektu pilotua sortu dute

Josefina Arregi Klinikako eta Iruñea eta Tuterako San Juan de Dios Ospitaleak Rural Domus proiektu pilotua aurkeztu zuten Iruñean atzo. Jakinarazi zutenez, egitasmoa Nafarroako bi eskualdetan probatuko dute: Corella-Cintruenigon eta Sakanan. Bi erakundeetako arduradunek azaldu zutenez, abiaraziko duten proiektu horren helburu nagusia da Foru Erkidegoko landa eremuetan mendekotasuna duten adinekoendako etxeko zainketak hobetzea, pertsonarengan oinarritutako arreta integrala eskainiz. 

Aurkezpenean klinikako gerente Angel Gardachal Ausejok proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen, hainbat arlo uztartzeko duen potentziala azpimarratuz: "Proiektuak potentzial handia du, osasun arloa prestakuntzarekin, gizarteratzearekin eta laneratzearekin konbinatzeko aukera ematen duelako, batez ere langabezian edo gizarte bazterketan egon daitezkeen zaintzaileendako". Mendekotasuna duten adineko pertsonen zaintza hobetzeko lanean jarraitzeko beharra ere azpimarratu zuen, eta , ahal den neurrian, adinekoen instituzionalizazioa murrizten lagundu behar zela nabarmendu zuen. Hau da, adinekoak ospitale edota egoitza ospitaleetan ahalik eta gutxien egotea. Izan ere, "gizarte eta landa errotzea izan da gure Klinikaren zutabe nagusietako bat eta gure fundatzaile Felipe Lecearen borondateetako bat. Proiektu honen bidez, Sakanarako zerbitzu hobea ematearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, inguruko zerbitzuak hobetzen eta indartzen lagunduz, eta, zehazki, dementzia duten adinekoei zuzendutako zerbitzu soziosanitarioak", azaldu zuen.

Landa eremuko proiektu aitzindaria. Hala definitu dute sustatzaileek esku artean duten egitasmoa. Gardachalek nabarmendu zuenez, "proiektuaren alderdirik nabarmenetako bat bere ikuspegi aitzindaria eta kokapena da. Uste dugu landa eremuetako berezitasunetara berariaz egokitutako kalitatezko etxez etxeko zerbitzuen garapenari ekitea funtsezkoa dela. Horregatik sortu dugu Rural Domus. Izan ere, landa eremuetako adineko biztanleriaren hazkundea eta adinekoendako etxez etxeko arretaren eskaria gero eta handiagoak dira “, azaldu zuen Gardachalek.

Zaintzaileen prestakuntza eta profesionalizazioa
Klinikak eta ospitaleak sustatutako ekimenak etxez etxeko arretarako eredu bat ezarri nahi du, landa inguruneko beharretara egokitua, zaintzaileen prestakuntzaren eta profesionalizazioaren, haien laneratzearen eta gizarte ekonomiako proposamenen sustapenaren bidez. Ildo horretan, Iruñea-Tutera San Juan de Dios Ospitaleko zuzendari gerente Patricia Segura Sadabak adierazi zuenez, "bi erakundeek arreta hori hobetzeko borondatea dugu, gaur egun gure landa-ingurunean zerbitzu hori ematen duten langileak trebatzen, profesionalizatzen eta laneratzen lagunduz".

Ospitaleko gerenteak "komunitatea laguntzeko sareak eratzea beharrezkoa" dela ziurtatu zuen. Segurak gaineratu zuenez, Nafarroako 65 urtetik gorako pertsonei egindako inkestatik "ondorioztatzen denez, kontuan izan behar dugu gure adinekoen %73k etxeko lanetarako eta zaintza pertsonalerako etxez etxeko laguntza eskatzen dutela, orain edo etorkizunerako". Indize horri gehitu zion "etxean bizitzen jarraitu nahi duten 80 urtetik gorako 5 pertsonatik 4k adierazitako lehentasuna".

Hori dela eta, proiektuak barne hartzen du gizarteratzeko enpresa bat sortzea (2024ko azken hiruhilekoan eratzea aurreikusten da), landa eremuetan inoren laguntza behar duten adinekoak zaintzeko kooperatibak edota mikrokooperatiben sorrera bulkatzea eta Landa Eremuko Etxez Etxeko Zaintzarako Eskola bat ezartzea, arlo horretan lan egin nahi dutenei prestakuntza espezializatua emateko. Eskola heldu den urteko apirilean hasiko da martxan. Ospitaleko zuzendariak zerbitzu horien beharra oinarritu zuen: "adinekoak etxean artatzeaz arduratzen diren langileen ia erdiek aldez aurretik esperientziarik ez dutela adierazten dute, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egin berri duen azterlan baten arabera, eta gai hori askoz gehiago zailtzen da landa ingurunean". Ospitalearen egiteko nagusia mendekotasuna duten pertsonak artatzeko zaintzaileak trebatzea izanen da. 

Segurak eta Gardachalek nabarmendu zutenez, Rural Domus "bi erakundeendako konpromiso sendoa da inoren laguntza behar duten adinekoen bizi-kalitatea landa-komunitateetan hobetzeko, zaintzaileen prestakuntza eta profesionalizazioa bultzatzeaz apartea, laneratzea sustatuz eta arlo horietan gizarte ekonomia sustatzen du. Datozen bi urteetan Nafarroako landa komunitateei aukera eta aukera berriak emango dizkien ekimen baten hasiera da".

Babesak
Egitasmoa Iruñean atzo aurkeztu bazuten ere, proiektu pilotua ezarriko den bi eskualdeetan dagoeneko aurkeztua zuten. Sakanako aurkezpena lastailaren 26an egin zen, Altsasuko Iortia kultur gunean. Hara gonbidatu zituzten, besteak beste, ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetako langileak, berdintasun teknikariak, adinekoei arreta ematearekin lotutako erakundeetako langileak, Sakanako Garapen Agentzia eta jubilatu elkarteetako ordezkariak ere.

Proiektua La Caixa Fundazioaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren Innova Social programak finantzatzen dute, eta Nafarroako Gobernuaren Gizarte Eskubideen, Gizarte Ekonomiaren eta Enpleguaren Departamentuaren babesa ere badu. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Nafarroako Kutxa Fundazioko presidente Jose Angel Andres Gutierrez, Nafarroako Autonomia eta Pertsonen Garapenerako Agentziako zuzendari Ines Frances, Gizarte Ekonomiako zuzendari nagusi Iñaki Mendioroz, Tuterako San Juan de Dios Ospitaleko gerentea eta klinikako gerentea.