Helena Taberna zinemagile altsasuarra Nosotros filma grabatzen egon da Bilbon eta Bizkaiko zenbait herritan; besteak beste, Barakaldo, Durango, Orduña eta Amorebieta. Filmaketa urriaren 2an hasi zuten eta gaur, azaroaren 10ean, amaitzea aurreikusita dute, sei asteko lanaren ondoren. Filmaren protagonistak Maria Vazquez eta Pablo Molinero dira, eta maitasun istorio bat kontatzen du, amaieratik hasita; maitasun eta desamodio istorio bat. Tabernak azaldu duenez: "Nosotros pertsona arrunten eta pasio unibertsalen istorio bat da, edozein ikusentzule identifikatuta senti daiteke". Istorioan "pisua" aktoreek daramatzatela gaineratu du. Hortaz, Vazquez eta Molinero pertsonaiak interpretazioak egiteko "heldutasun profesionala" eta une egokian daudela esan du zinemagileak.
Filma Isaac Rosa idazlearen Final feliz liburuan oinarritzen da; hainbat hedabideen Espainiako 2018ko Liburu Hoberenaren izendapena jaso zuen. Gidoia Helena Tabernak eta Virginia Yaguek idatzi dute. Bestetik, argazki zuzendaria Txarli Argiñano izanen da, arte zuzendaria Maite Perez Nievas eta Javier Vernal jantziteri zuzendaria. Iker Ganuza da filmaren ekoizle orokorra, Vertigo Filmseko Maribel Muñozekin. Lamia Producciones, Vertigo Films eta Nosotros pelikula ekoizpena da, RTVE eta EITBren laguntzarekin, eta ICAA Espainiako Zinemato g rafia eta Ikusentzunezkoen Arteen Institutuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du ere. 2024. urtearen amaieran zinema aretoetan mustutzea aurreikusten dute.