Saskibaloia

Zelandin, txanponaren bi aldeak

Guaixe 2023ko aza. 16a, 10:00

Emakumezkoen Lehen senior mailako taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen. ARTXIBOA

Bigarren Maila Interautonomikoan altsasuarrek ezin izan zuten Errioxako Clavijo taldea mendean hartu, eta Emakumezkoen Lehen senior mailan CBASK-ek Liceo Monjardin hartu zuen mendean Zelandin

Bigarren Maila Interautonomikoan seigarren jardunaldia jokatu zen. CBASK Narum Fisioterapia talde altsasuarrak Errioxako Erisa Clavijo taldea hartu zuen Zelandin. Clavijok lidergoa zuen jokoan, eta nabaritu zen. Lehen zatian aurrea hartu zuen talde errioxarrak, baina bigarrenean buelta eman zion CBASK-ek. Tamalez, gutxi iraun zuen joerak, hirugarren eta laugarren zatian Clavijo aurretik jarri baitzen. Azkenean, eta altsasuarren penarako, 60 eta 77 gailendu zen talde errioxarra. 

Altsasun lortutako garaipenari esker Erisa Clavijo da Bigarren Maila Interautonomikoko lider berria  (11 puntu). CBASK Narum Fisioterapia talde altsasuarra hamargarren postura jaitsi da (8 puntu). Azaroaren 18n, larunbata, CBASK Narum Fisioterapiak sailkapenean hamabigarren den Humiclimaren kontra jokatuko du, 18:00etan, Berriozarko kiroldegian. 

Emakumezkoen Lehen senior mailako seigarren jardunaldian CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Liceo Monjardin F taldea hartu zuen Zelandi kiroldegian. Partida oso borrokatuan, azkenean 4 punturengatik gailendu zen talde altsasuarra, 47 eta 43, bereziki hirugarren eta laugarren zatietan egindako lan garrantzitsuari esker. Emakumezkoen Lehen Senior mailak lider berria du, Liceo Monajardin R taldea (11 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak zortzigarren jarraitzen du (8 puntu). Zazpigarren jardunaldian, azaroaren 18an, larunbata, Ega Perfil Oncinedaren kontra jokatuko du talde altsasuarrak, Lizarran, 19:00etan.