Klinika gobernuarekin, hitzarmena berritzeaz

Guaixe 2023ko aza. 23a, 11:30

Klinikako eta Osasun Departamentuko kideen arteko bilera. UTZITAKOA

Osasun Departamentua eta Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko ordezkariek negoziazioak zertan diren aztertzeko bilera egin zuten. Klinikak jakinarazi duenez, saihestu egin du dementzia duten pertsonen % 71,4 ospitaleratzea.

Josefina Arregui Klinika Fundazioko eta Osasun Departamentuko ordezkariek bilera bat egin zuten lastailaren 30ean. Aztergaien artean bi erakundeek sinatutako hitzarmen berezia izan zen. Hura berritzeko negoziazioa aurreko legegintzaldian hasi ziren. Klinikako ordezkariek jakinarazi dutenez, "aurreko gobernu taldeak sinatzeko borondatea adierazi zuen, eta duela bi urtetik hona xehetasun teknikoak lantzen aritu gara, legealdi honetan inplementatzeko baldintzak izan daitezen".

Bileran, narriadura kognitiboa eta desoreka duten pazienteendako psikogeriatriako kontsulta medikoen zerbitzu berriaren datuak partekatu ziren, baita etxean maneiatu ezin diren eta jokabide nahasmenduak dituztenenak ere. Aldeek zerbitzu berriaren balantze oso positiboa egin zen. Dementzia duten pertsonei ematen zaien arreta eta lehen mailako arretaren bidez Nafarroako osasun publikoa babesteko herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko bi erakundeek elkarrekin egiten duten ahalegina azpimarratu zuten. 

Bilera ere baliatu zuten klinikaren egitasmoen berri emateko: ospitalearen handitze-proiektuaren egoera; Sakanako etxeko zerbitzua; paziente psikogeriatrikoen jokabide-desorekak saihesteko eta adinduen egoitzek erabil dezaketen Arreta Mediko Osagarriaren proiektu pilotua eta Rural Domus proiektua. Aurreneko hiruetarako Osasun eta Gizarte Eskubideen kolaborazioa eskatu zuen. Bileraren ondoren, Joseba Arregi Pabollet klinikako fundazioko presidentea pozik zegoen "Osasun Departamentuaren eskutik arta eta zerbitzuak hobetzeko lanean jarraitzeagatik, azken 30 urteetan egin duten bezala".

Dementzia konpentsazioko kontsulta zerbitzua 
Nafarroako Gobernuak Fundazioarekin dementzia konpentsazioko kontsulten zerbitzua hitzartu zuenetik (2023ko ilbeltza), klinikara Lehen Mailako Osasun Arretaren bidez bideratutako pertsonen %71,4 beren etxeetan konpentsatu dira. Klinika ordezkariek gaztigatu dutenez, "horrela, hasiera batean behintzat, beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak saihestu dira. Horrek esan nahi du zerbitzu horren bidez artatutako hiru pertsonatik bik ez dutela ospitaleratzerik behar izan, eta, horri esker, benetan ospitaleratzea behar dutenen itxaronaldia minimo historikoetara murriztu da (13 egun)".

Klinikako ordezkariek gaineratu dutenez, "paziente horien ospitaleratzea murrizteak aurrezpen handiak dakarzkio gobernuaren kutxari, eta ospitale lekualdaketetarako anbulantziak gutxiago erabiltzen dira, baita pazienteen senideen ibilgailu pribatuak ere. Gainera, pazienteen zein familien emozio osasuna hobetzen da, ospitaleratzea saihesten baita eta, beraz, antsietate eta estres mailak murrizten baitira".

Altsasuko osasun erakundeko arduradunek gaztigatu dutenez, "hitzartutako zerbitzuak dementzia duten pazienteen itxaron zerrenda nabarmen murriztea lortu du, gutxi gorabehera hiru hilabetetik bi astera". Gaineratu dutenez, "klinikara bideratutako dementzia duten pertsonak zazpi eguneko epean artatzen dira, eta nabarmen hobetzen da paziente mota horien arreta goiztiarra, baita horrelako pazienteek beren etxeetan eta egoitzetan familia zaintzaileei sortzen dizkieten egoera dramatikoak ere. Ospitaleratzea beharrezkoa den kasuetan, klinika bideratzen denetik bi astera egiten da", nabarmendu dute. "Emaitza horiek ikuspegi arrakastatsua erakusten dute dementzia duten pazienteei arreta ematean eta baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzean, pazienteei eta senideei eta, oro har, osasun-sistemari mesede eginez".eta urrats esanguratsua dira Nafarroan osasun-arreta hobetzeko.