Olatz Azazeta Pelaez 25 urteko gazte altsasuarra kirolari amorratua da. Sakana Igeriketa Taldeko entrenatzailea izateaz gain, mendi korrikalaria, igerilaria, eskiatzailea eta txirrindularia da, kirolari osoa. 2023an mendi lasterketa denboraldi bikaina egiten ari da. Besteak beste, urriaren 29an Betagarri Traila irabazi zuen, eta maiatzaren 7an Extreme Higa de Monrealen Bakarkako Nafarroako Mendi Lasterketen txapeldunordea izan zen. Azaroaren 11n bere lehen ultra traila egin zuen: mendi lasterketa, orientazioa eta mitologia elkartu zituen I. Mariren Kobak Trail lasterketa.
Mariren Kobak Traila mendi lasterketa oso berezia da. Orozkotik abiatuta, Zegamara bitartean Mari jainkosaren kobazuloak batu zituen. Ez zen ohiko proba, korrikalariek hasieran mapa batzuk jaso zenituztelako.
Proban izena ematerakoan, Mariren Kobak Traila euskal mitologiarekin lotuta zegoen lasterketa bat zela zen genekien bakarra. Ez zela soilik lasterketa bat, orientazio raid bat baizik. Bagenekien Mari jainkosaren kobazuloak elkartu behar genituela, baina ez genekien zein zen ibilbidea, non hasi eta bukatuko zen, ze koba ziren... Mitologiarekin lotuta zegoen ekitaldi handi bat zela, hori zen genekien bakarra.
"Ama ultretan ibilitakoa da, eta berak esandakoa beti kontuan hartzen dut"
Beraz, probaren egunean jakin zenuten norantz abiatzen zineten.
Azaroaren 11n, Orozkotik 7:00etan abiatu baino ordu erdi bat lehenago sei mapa eman zizkiguten. Bertan magenta kolorez markatutako ibilbide bat zegoen, 93 km eta 5.500 metroko desnibela zuena. Lasterketaren helburua Mariren kobazuloetatik pasatzea zen, eta orduan esan zizkiguten hiru kobak zeintzuk ziren: Supelegor (Gorbeiako parke naturala), Ezkilar (Urkiolako parke naturala) eta Aketegiko Dama (Aizkorri-Aratzeko parke naturala). Beraiek markatutako ibilbidea har zenezakeen, ala ez. Horrek egin zuen lasterketa berezi. Orozkotik Zegamako amaierako puntura 12 ordu baino lehen iristea zen erronka.
Nola planteatu zenuen lasterketa?
Taldetxo bat osatu genuen Uxue Frailek, Jon Artetxek eta hirurok, eta elkarrekin ekin genion erronkari. Hiruren arteko elkarlana azpimarratu nahiko nuke; bakoitzak bere indarrak jartzen zituen beharrezkoa zen momentuan. Lasterketa oso polita izan zen, zentzu askotan; elkarlana horietako bat izan zen.
Eguraldiarengatik ezin izan zineten Aketegiko Damaren kobara iritsi.
Aketegiko Damaren kobak sarrera zaila du. Pixka bat jaitsi beharra dago, eta justu amildegia dago azpian. Antolakuntzakoek esan ziguten, euriarengatik, koban beharrean Aketegiko mendi puntan jarri zituztela geuk bildu beharreko harritxoak. Izan ere, korrikalariek kobazulo bakoitzean zeuden harritxo horiek hartu behar genituen, bertatik pasa ginela ziurtatzeko. Posta antzekoak ziren. Aipatzekoa da ere koba bakoitzean pertsonaia mitologikoak azaldu zitzaizkigula: Supelegorren Mari eta Basajaun, Ezkilarren Galtzagorriak... Oso polita izan zen.
Guztira 21 korrikalarik hartu zenuten parte, baina lasterketa 12 ordu azpitik egin zuen bakarra Pablo Angulo irabazle bizkaitarra izan zen.
Bai, Pablo Angulo makina hutsa izan zen. 11 ordu eta erdi (11:30:00) behar izan zituen traila osatzeko, eta 83 km egin zituen. Atzetik Castellóko Ruben Marc Cano iritsi zen (12:09:00), 85 km eginda, eta zenbait minutu barru Iker Karrera sartu zen. Segidan gu iritsi ginen, Uxue Fraile eta biak, 24 minutu pasata. Jon Arretxe gure taldekideak 50. kilometroan lasterketa utzi behar izan zuen. Zegamara iristerakoan omenaldi polita egin genion.
Trailean egindako lanarekin kontentu al zaude?
Beldur handiarekin nindoan. Nahiz eta asko entrenatu, ultra proba bat ordu asko dira. Ama ultretan ibilitakoa da, eta berak esandakoa beti kontuan hartzen dut. Marirena proba ikusgarria iruditzen zitzaidan, dinamika ederra eta abentura polita. Baina neure buruarekiko zalantzak nituen; beldur hori. Horrenbeste kilometro ez ditut inoiz egin izan, eta ez nekien nire gorputzak nola erantzungo zuen. Baina horren pozik nengoen, trailean guztiz murgilduta... Gainera, nire lagunak hornidura puntuetara etorri ziren ni animatzera. Beraiek emandako indarrarekin, eta nirekin ez zeudenak gogoratzen, sekulako barne indarra nabaritzen nuen. Nik uste dut horregatik bukatu nuela horren ongi, pozik nengoelako. Gorputzak erantzun zuen buruak baietz esaten ziolako.
Ama aipatu duzu. Jone Pelaezek hamaika ultra trail egin izan ditu. Distantzia handietan bere pausoak jarraituko dituzu?
Ultra trailen munduan sartzearena pixka bat gehiago atzeratzea pentsatzen zuen, mendi lasterketetan hasi berria naizelako. Baina uste dut gutxika amaren pausoak jarraitzen ari naizela. Mundu honetan sartu nahi nuen, baina ez nekien noiz; zentzu honetan, amak indar handia ematen dit eta ia konturatu gabe sartzen ari naiz.
"Polibalentzia bilatzen dut: mendian, igeriketan, eskaladan, eskian... maila ona ematea"
Hemendik aurrera bateko eta besteko probak uztartuko dituzu.
Nire bizitzan beti polibalentzia izan dut helburu. Kirolaria naiz; kirol asko ditut gustuko. Sasoian egon nahi dut, eta polibalentzia hori bilatu; lasterketa motzak eta luzeak egitea, eta gainontzeko kiroletan –eskaladan, mendiko eskian, igeriketan, txirrindularitzan...– maila ona ematea. Gorputzak jarraitzen didan bitartean, pozik.