futbola

Altsasuren gol festa Preferenten

Guaixe 2023ko aza. 21a, 10:01

Altsasuarrak bosgarrenak dira sailkapenean

Preferente mailan, Altsasuk Aibares taldea hartu zuen azaroaren 18an, larunbata, Dantzalekun. Lehen zatian borroka estua izan zuten bi taldeek baina Xabier Aiestaranek Oibarko taldearen atea zulatzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen eta gol errenta hartu zuen Altsasuk. Bigarren zatian berdinketa lortzen saiatu zen Aibares, baina Altsasuk ongi eutsi zuen, eta 73. minutuan Asier San Romanek bigarren gola sartu zuen. Partida bukaera aldera Mikel Arellanok eta Eneko Verak gol festarekin jarraitu zuten, eta, azkenean, 4 eta 0, garaipen ederra lortu zuen Altsasuk etxean. 

Valle de Egües B da Preferente mailako liderra (22 puntu), baina sailkapena oso itxia da, Altsasu bosgarren baita, 19 punturekin. Azaroaren 26an, igandea, 17:45ean, Altsasuk sailkapenean bigarren den Burlades B taldea izango du aurkari, Ripagainan. Goi postuak erabakitzeko partida izango da. 

Emakumezkoetan, Altsasuk atseden
Asteburuan Emakumezkoen Preferente mailako bederatzigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk atseden jardunaldia zuen. Sailkapenean, Tudelano da liderra (20 puntu), 2 puntura Burlades duela (18 puntu). Azaroaren 25ean, larunbata, 20:00etan, Altsasuk Burlades izango du aurkari Ripagainan.