Abiadura Handiko Trenari (AHT) alternatiba dagoela azaltzeko, eta hori tren soziala dela azaltzeko, EH Bilduk ekitaldia egin zuen Altsasun hilaren 10ean. Ainize Ibargutxi Iparragirre Altsasuko zinegotziak, Mikel Otero Gabirondo Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarkideak eta Adolfo Araiz Flamarique Nafarroako parlamentariak hartu zuten hitza. Haiek entzuten 200 pertsona pasa izan ziren.
EH Bilduko ordezkariek nabarmendu zutenez, "munduko gainontzeko herrialdeekin konparatuz, estatuak ditu AHT kilometro kopuru handiena". Erabiltzaileak oso gutxi direla azpimarratu zuten, baita AHT erabiltzen dutenek errenta altua dutela ere. Koalizio abertzaleko ordezkariek nabarmendu zutenez, "estatuan gehien erabiltzen diren tren zerbitzuak aldirietakoak eta distantzia ertainekoak dira". Nabarmendu zutenez, linea horietan egiten den inbertsioa oso txikia da AHT gauzatzeko egiten den inbertsioarekin alderatuta.
Nafarroako AHT korridorea Euskal Yrekin Gasteizen lotzeak esan nahiko luke tren azpiegitura berria Sakanan barna pasako litzatekeela. Horrek zer ondorio izanen lukeen zerrendatu zuten EH Bilduko kideek. "Xahutze ikaragarria da, eta naturan inpaktu izugarria du. Eta hori guztia ohiko trena baino zortzi minutu azkarrago iristeko". Koalizio abertzaleko hautetsiek nabarmendu zuten Europako Batzordeak Iruñea eta Gasteiz arteko lotura zalantzan jarri zuela, "ez dauka zentzurik egiteak", laburbildu zuten.
Horren guztiaren aurrean, EH Bilduk bere egin du tren sozialaren aldeko plataformak egindako proposamena: "Iruña eta Gasteiz arteko lotura orain arte dagoen trenbide trazatua errespetatuz eginen litzateke, hura guztiz eraberrituz. Trenbidea bikoiztuz bidaiarien eta merkantzien garraioa uztartu daiteke. Sakanako tren geltokien eraberritze eta lurperatzea proposatzen da, tren zerbitzu kalitatezkoa eskaintzeko". Akaberan plataformako kide batek eskerrak eman zizkion koalizioari plataformaren proiektua aurkeztu eta bere egiteagatik.