Europako Ekintzailetza Ikasgeletarako Planaren zuzentaraua betez, Hezkuntza Departamentuak Inizia programa martxa jarri zuen duela bi ikasturte. Hirugarren honetan dagoeneko Lanbide Heziketako 25 zentro dira parte hartzen ari direnak, tartean Sakana Lanbide Heziketa Institutua. Programan parte hartzen duten ikastetxeetan ekintzailetza ikasgelak sortu dira, ikasleriak ekintzailetza zer den jakin dezan eta eskuragarri dituen baliabideak ezagutu ditzan. Horrela, lanbide ildo horri ekin edo ez jakinen dute ikasleek, baita bere bizitzarako duen aukera bat dela eta nola erabil dezakeen ikasi dezake.
Programaren helburua ez da proiektu bideragarri osatu bat eraikitzea, baizik eta gaia ingurune kontrolatu batera ekarri ondoren esperimentatu eta ezagutzea, arriskurik izan gabe ekintzailetzaren esperientzian. Helburua da ikasleriak ekintzailetzan esperimentatu ahal izatea nolakoa den bere sektorea, zein tresna edota baliabide erabil ditzakeen, zein entitate eta erakunde existitzen diren esparru horretan, eta abar. Laburbilduz, auto enplegua lan munduan txertatzeko aukera eskuragarri modura aurkeztea.
Praktika
Inizia programan, alde batetik, mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza emateko erdi mailako zikloko 2. mailako ikasleak daude, Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoarekin elkarlanean ari dira. Ikasleak, bi taldetan banatuta, eguneko zentroan egon ziren zer-nolako martxa zuen eta zer behar egon zitezkeen behatzen. Zentrotik ikastetxera bueltan ikusitakotik negozio ideia zer bihur zitekeen aztertu zuten ikasleek. Hiru ideia bururatu zitzaizkien. Batetik, disfagia duten pertsonek ura errazago edateko edalontzia. Bestetik, dardara duten pertsonek bazkaltzeko garaian jatekoa barratu dezakete. Hori eragozteko azpil edo erretilu berezia sortzea bururatu zaie. Erretiluak edalontzi, plater eta mahai tresnendako tokia izanen zuen, eta azpilean txertatuta egonen lirateke, finkoago. Azkenik, pertsona batzuen autonomia sustatzeko asmoz, sardexkari heldu ezin diotenek berriro hartu ahal izateko mahai tresnari euskarri bat jartzea. Horrek pertsonak bakarrik bazkaltzea lagunduko luke.
Pentsatutakoaren paperezko maketa modukoak egin zituzten. Eta haiekin eta ideiekin ikasleak institutu bereko Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko goi zikloko 1. mailako ikasleekin bilera egin zuten. Aurrenekoek buruan zutenaren berri eman eta gailuak nolakoak izan behar zuten deskribatu zieten maketen laguntzaz. Informazioa jasota goi zikloko ikasleek ordenagailuan diseinua eginen dute. Hura egin ondoren, bi ikasgeletako ikasleak elkartu eta erabat zehaztuko dute diseinua. Hura eginda dagoenean hiru dimentsiotan inprimatuko dute, ikastetxean bertan. Azpila handia denez, ikastetxean ezin badute inprimatu Dinabiden eginen lukete.
Programaren hurrengo pausoa izanen da inprimatutako produktu horiek klinikara eraman eta erabilgarriak diren probatzea. Proba hori egin ondoren, merkatuan bideragarria den aztertuko dute erdi mailako zikloko ikasleek. Hau da, teknikoki egingarria den eta merkatuan irtenbidea duen ikertuko dute. Eta, testaren ondoren, beharren arabera unitate kopuru jakin bat eginen dute. Azken horretaz, goi zikloko ikasleak arduratuko dira. Ikasketa proiektu bat denez, produktuengatik ez dute ezer kobratuko.
Sakana Lanbide Heziketa institutuko ikasleek Humani elkartearekin aritu ziren joan zen urtean. Malawirako ur ponpa eramangarri eta bizikletarekin egokigarri baten proiektua landu zuten. Afrika hegoaldeko herrialdeko ikasleekin harremanetan izan ziren. Joan zen urtean programan parte hartu zuten ikastetxeei bereizgarri bana eman zien Hezkuntza Departamentuak azaroaren 13an, Ekintzailetzaren Aste Globalaren barruan.