Astekaria

Sakana Saria jaso du Josefina Arregi klinikak

Guaixe 2023ko aza. 29a, 14:01

Loreto Vilella terapeuta etxe batean azalpenak entzuten. SGA

Adineko pertsonen suspertze funtzional eta kognitiborako klinikaren etxez etxeko zerbitzu geriatrikoa da saria jaso duena. Hala erabaki du Sakanako Sozioekonomia Behatokiko kideek osatutako epaimahaiak.

Josefina Arregi klinikako ordezkaritza batek jaso zuen Sakana Saria. Osasun erakundeko gerente Angel Gardachal Ausejok esan duenez, "guretako edozein sari, gure lanaren edozein aitortza, garrantzitsua da". Gogorarazi du irabazi asmorik gabeko erakundea dela, "besteak laguntzeko lan egiten dugu, ez dirua irabazteko. Beraz, saria jasotzea zoragarria da, energia ematen digu". Baina sari horrek bi arrazoirengatik egin die ilusio handiagoa: "batetik, Sakanaz ari delako. Gu Sakana gara eta Sakanarako ari gara. Felipe Lezeak klinika Iruñean eraiki zezakeen, laguntza gehiago jasoko zituzkeen. Baina berak Altsasun eraiki zuen, Sakanako gizarteari eman ziona bueltatu nahi ziolako; hala dago jasoa estatutuetan". Gardachalek gaineratu duenez, "sariak, bestetik, klinikaren ibilbidea, gauden momentua, aitortzen badu ere, gure etxez etxeko zerbitzuari erreparatzen dio". 

Sakana osasun eskaintza aztertu eta adinekoendako propio zuzendutako zerbitzurik ez zegoela ikusi zuten klinikan. "Premia bat dagoenean, medikuaren bidez Iruñeko ospitaleko geriatria sailera bideratzen dute. Hara joan beharra dago, hainbat eragozpen daude. 2019an egin genuen estrategia planean pazientearengana hurbildu beharra jaso zen. Beraz, horretarako zerbait egin beharra genuela pentsatu genuen". Iruñeko eta Gasteizko zentroak zabaltzeaz aparte, dementziarik edo kognizio narriadurarik ez duten sakandarrendako klinikak sortutako zerbitzua da saritutakoa. "Egon daitezke pertsonak klinikara nola etorri ez dutenak. Bestetik, klinikak estigma bat du: jendeak ez du etorri nahi, burua primeran dutela diote", azaldu du Gardachalek. "Guretako zerbitzua martxan jartzea mugarria izan zen. Edozein behar duen pazienteei zuzenduta dago", gaineratu du. 

Zerbitzuaren publizitaterik ez zuten egin, eta kontzerturik ez duenez, ordaindu beharrekoa da. "Susmoa zena, urteen poderioz, benetako premia dela ikusi dugu. Urtea 600 bat esku hartze eginez bukatuko dugu. Kontuan izan ibarrean 65 urte baino gehiagoko 2.000 bat pertsona egonen direla. Izugarria da".

Gardachalek jakinarazi duenez, "saiatu ginen etxez etxeko zerbitzua hitzartzen; Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta osasun etxeen bidez egiten saiatu ginen. Oraingoz ez dugu lortu". Baina Nafarroako Gobernuarekin harremanetan dago klinika, "sinatuko dela espero dut, eskaria badago eta".  

Aitortza 
Klinikan gaur egun 60 bat langilek lan egiten dute, opor garaietan 70en bat dira. Azken urteetan inbertsioak eta hobekuntzak egin dira azpiegituretan eta soldatetan. Lantaldean urte luzez aritutakoak daude. "Klinikaren garai txarrak bizi dituzte. Zailtasun ugariri aurre egin behar izan diete eta klinika zabalik mantentzeko borroka egin behar izan dutenak dira. Oinarrian lan bera eginez langile horiek beste klinika bat ikusten ari dira. Haien lana aitortua da. 'Zeinen ongi. Bazen garaia!' sentimendu hori dute", azaldu du gerenteak. Gaineratu duenez, "bestetik, azken urteetan lanean hasi direnak daude. Haiengan harrotasun sentimendua nabaritzen da: 'Nafarroa guztian egiten ez den zerbait egiten ari naiz'. Badago hona lan egitera etortzea eskatu digun jendea ere. Lehen kontrakoa gertatzen zen. Zergatik heldu dira: 'han gauzak ongi egiten dira, toki guztietan egin beharko lirateke horrela'". 

Garai batean klinikaren sona ibarrean zen ezaguna bakar-bakarrik. Gaur egun marka ezaguna dela baieztatu du gerenteak. "Osasunbideak San Juan de Diosekin eta klinikarekin hitzarmen berezi bana sinatu nahi izatea gure profesionalen lan onaren aitortza da".  


Etxe batean ariketak egiten.

Etorkizunaz
Klinika digitalizatzeko lanean ari dira. Horrekin batera, energia eraginkortasuna hobetzeko helburua dute. Osasun arloan, berriz, heldu den urteko helburua da ospitalea handitzea da, 21 ohe izatetik 31 izatera pasatzeko. Ospitale berria egitearekin batera, egungo ospitaleko zatiak berrituko dituzte. "Ondorioz 90 edo 100 langile izanen gara", aurreratu du Gardachalek. Aldi berean, ikerketa lana eginen dute. "Beste batzuekin batera, adimen artifiziala erabiliz psikologia estimulazioa lantzeko proiektua dugu. Ikerketa eta garapen proiektu hori Nafarroako Gobernuak onartu berri du", azaldu du gerenteak.  

Klinikan irakaskuntza unitatea duela urte pasa sortu zuten. "Gureen moduko pazienteak gobernatzeko prestakuntza premia dagoela ohartu gara. Esaterako, egoitzetan dauden osasun eta soziosanitario arloko profesionalak trebatuz, egoitzetan bizi direnen bizi kalitatea hobetu daiteke. Eta bide horren bidez saiatu egoitzetan daudenak ez deskonpentsatzea, gure ospitalean ez bukatzeko".  

Bestalde, klinikaren patronatuak hala eskatuta, gizarte arloan ere eragin nahi dute. "Sakanako Garapen Agentziaren Bertan proiektuari, ahal zen neurrian, gure ekarpena egin genion". Orain Rural Domusekin etxea bakarrik dauden pertsonen zaintzei erreparatu diete. "Pertsonak beraien etxean bizitzeko estrategia sustatzen du gobernuak, guk horretan laguntzen dugu. Baina zaintzen ari diren horiei, gizarte bazterketa bizi dutenei zuzenduta dago proiektua: beltzean lan egiten dutenak, lanik ez dutenak, edo paperik ez dutenak. Profesionalizatu nahi ditugu, hobetu dezatela, eta, aldi berean, autoenplegua sortzen laguntzea ere".  

Estrategia plana 2022ra artekoa zen, baina pandemia tarteko, urte batez luzatu dute. Gardachalek jakinarazi duenez, "heldu den urtean etorkizunaz hausnartuko dugu: zer nahi dugu erakundeaz, nola egiten dugu jasangarriagoa, nola laguntzen ditugu pertsonak". 

Bitartean, eraberritu duten klinikaren eguneko zentroa bertatik bertara ezagutzeko ate irekien jardunaldia antolatu zuten azaroaren 25ean, larunbatarekin. Bezperan foru agintarien bisita hartu zuten.