"Altsasuko bihotzean dago, sakandar guztiendako", esan du Joseba Arregi Josefina Arregi fundazioako presidenteak klinikaren eguneko zentro berriaren mustutzean. Ekitaldian Nafarroako hainbat agintari eta ordezkari izan dira: Maria Chivite Nafarroako presidentea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Mari Carmen Maeztu Eskubide eta Ekonomia Sozial eta Enpleguko kontseilaria eta Javier Ollo Altsasuko alkatea, Josefina Arregi Lagunak elkarteko kideak eta bestelako agintariak.
Eguneko Zentroa %30 handitu da handitze eta berritze lanekin. Espazio berriari "etxe baten berotasuna eta goxotasuna" eman nahi izan diote, Josefina Arregi fundazioko presidente Joseba Arregik nabarmendu duenez. Zaintzaren balioa nabarmendu dute eta klinikako kudeatzaile Angel Gardachalek egitasmoa aurrera ateratzeko Josefina Arregi Lagunak elkarteak eta sakandar guztiek emandako laguntza eta eskuzabaltasuna nabarmendu du.
Lanek 500.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Jasotako laguntzei dagokienez, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozial, Ekonomia Sozial eta Enpleguko Departamentuak kudeatutako Next Generation Europako funtsetatik 130.000 euro inguru jaso dira, Sakanako udalek Sakanako Mankomunitatearen bitartez bere alea jarri dute (60.000 eurotik gora), eta 20.000 euro "Sakanan ahal da" crowdfunding kanpainatik eta bestelako ekitaldietatik iritsi dira. Halaber, finantziaziorako entitate publiko eta pribatuen laguntza izan du proiektuak: Sodena, Elkargi, Caixa Bank eta Laboral Kutxa.