Dantzan lehenengo urratsak Altsasuko Dantza Eskolan eman zituen Joseba Yerro Izagirre altsasuarrak; zazpi urterekin euskal dantza egiten hasi zen. Hamaika urte zituenean Iruñeko Dantza Eskola batera joan zen balleta ikastera. Bertan jakin zuen dantzaria izan nahi zuela, baina ez zen egun batetik besterako erabaki bat izan. Batxilergoa eta selektibitatea egin ondoren Bartzelonara joan zen Institut del Teatre kontserbatorioan dantza garaikideko goi mailako ikasketak egitera. Bartzelonan It Dansan konpainian aritu zen eta ondoren Herbehereetara joan zen, proiektu bat egitera. Bertatik Galesko National Dance Companyan egon zen eta duela zortzi urte Goteborgera iritsi zen, bertako GoteborgsOperans Danskonpaniko dantzari izateko. Abenduaren 2ra arte Nafarroan izanen da, eta, besteak beste, Laida Aldaz etxarriarra zuzendaria den Iruñeko La Faktoria zentru koreografikoan irakasle da.
Zein etapatan zaude orain? Zertan ari zara?
GoteborgsOperans Danskonpanian jarraitzen dut, baina aurten eszendentzia hartu dut. Lekua mantentzen didate, baina aukera daukat ateratzeko eta beste proiektu batzuk egiteko. Freelance moduan nago, eta irakaskuntzari espazioa ematen ari naiz.
Zer balantze egiten duzu?
Oso leku polita da eta asko ikasi dut. Egia esan, lehenengo bi urteak behar izan nituen nire lekua zein zen jakiteko. Konpainia oso handia da, ia 40 dantzari gara, ez da iristen, baina asko gara. Beraz, lehenengo urteak ikasteko eta talde horretan zer egin nezakeen jakiteko izan ziren. Zer eman dezakedan jakiteko. Gero gutxi gorabehera gorpuztu edo barneratu nuenean, asko ikasi dut. Ikuskizun izugarriak egin ditugu. Birak egin ditut, Iruñean egon nintzen, Europan zehar Alemanian, Frantzian eta abar, baita Txinan, Taiwanen, Hego Korean ere.
Dantza ez ezik, asko ikasi duzu, ezta?
Dantzari gisa asko ikasi dut, baina independienteagoa naizela sentitzen dut ere. Goteborgeko, Suediako bizitza, nola den ezagutu dut ere. Oso desberdina da.
Dantza, eta kultura orokorrean, gehiago zaintzen dute?
Bai. Laguntza gehiago dago. 40 dantzari talde bat mantentzea ez da erraza. Herrialdeak arteari eta kulturari laguntza asko eskaintzen die, hemen baino gehiago dela nabaritzen dut.
Eta publikoak erantzuten du?
Goteborg biztanleria aldetik Zaragoza bezalakoa da, eta ikuskizun gehienetan sarrerak bukatzen dira. Horrek esan nahi du jendea joaten dela. Opera saiatzen ari da konpainia nazioartean zabaltzen ere.
Egon zaren konpainien arteko desberdintasunak?
Bartzelonakoa aurre profesionala zen, graduondoko bezalako konpainia bat izan zen. Bi urtekoa izan zen eta niretako profesional mundurako palanka antzeko bat izan zen. Galesko National Dance Companyn eta Goteborgko konpainietan, bietan, koreografo desberdinak ditugu eta beraiek lantzen dituzte obrak. Ez dago koreografo bat bakarrik. Ikuskizun bakoitzarentzat koreografo bat dago. Konpainien arteko desberdintasun nabarmenena da Galesen hamar dantzari ginela eta Goteborgen 40. Gales izan zen konpainia edo instituzio batean, dantzatzen nintzen lehenengo aldia, eta bertan ikusi nuen nola egiten den lan konpania batean eta gainera ez ziren bakarrik sorkuntza proiektuak, baizik eta trebakuntza proiektuak egiten zituzten ere. Orduan, irakaskuntza proiektu batzuk egin nituen. Galesko konpainia bakarra zen eta helburua jendea erakartzea zen, eta Goteborg konpainiaren helburua nazioartean zabaltzea da.
Nolakoa da dantzari profesional baten bizitza?
Nire bizitza orain esan daiteke nahiko normala dela. Gutxi gorabehera zortzi ordu lan egiten dut, eta gero etxera joaten naiz. Baina egia da honaino iristeko gauza asko atzean utzi behar izan ditudala. Sakrifizio handia egin behar da, bereziki lehenengo urteetan; ez duzulako teknika menperatzen eta ikasi behar duzulako, eta akats asko egin behar dituzulako gauzak perfekzionatzeko.
Eta frustrazioa dago?
"Prozesuan frustrazio handia dago; berarekinlan egin behar dugu askotan"
Prozesuan frustrazio handia dago. Frustrazioarekin lan egin behar dugu askotan. Orain ere, egunero. Agian koreografo bat dator eta zerbait irakasten dizu zure gorputzean normalean ez dagoen materiala, eta egokitu behar zara. Ezezko asko jaso behar ditugu ere; audizioak edo kastinak egiten dituzunean normalean ezetzak jasotzen dituzu. Hori ere eramaten jakin behar duzu. Erresidentzia artistikoak eskatu nahi badituzu, zure sorkuntzak aurrera eramateko espazioak, eta normalean freelance moduan zaudenean egonaldiak egiteko eskatu behar dituzu, askotan ezetzak jasotzen dituzu. Errepikapen asko egin behar dituzu...
Ikuskizunak ez daudenean, zein da zure lana?
"Gauza desberdinak egiten ari naiz; irakaskuntza eta nire sorkuntza"
Urte hau gauza desberdinak egiteko erabiltzen ari naiz; irakaskuntzari aukera eman diot, baita nire sorkuntzari ere. Ikuskizunik ez dagoenean beti dago zerbait lantzeko. Konpainian estreinaldi bat egin eta hurrengo ikuskizunak lantzen hasten gara. Beti dago lantzeko zerbait. Denak jarraian egiten dira.
Irakaskuntzara saltoa eman duzu. Nola sortu zaizu aukera?
Egia esan, duela hiru urte, pandemiaren aurretik gutxi gorabehera, inprobisazio praktika bat sortzen hasi nintzen konpainian. Nire lehenengo helburua niretako zerbait sortzea zen, ikuskizun bat sortzea, eta estudioan lan egiten hasi nintzen. Baina ikusi nuen ez zitzaidala ezer interes garririk ateratzen. Pentsamendu asko nituen, baina ez nekien nola gorpuztu. Konpainian bertan irakasteko aukera sortu zitzaidan, eta pentsatu nuen aukera polita zela pentsamendu horiek elkarbanatzeko. Horrela hasi nintzen. Jendeak oso ongi erantzun zuen, eta polikipoliki hasi nintzen gero eta gehiago irakasten; ez bakarrik dantzari profesionalei baizik eta dantzarik egin ez duen jendeari ere. Eszendentzia hartzea erabaki nuenean urte hau praktika hori pixka bat gehiago elkarbanatzeko baliatu nezakeela pentsatu nuen; teknika edo metodologia zabaltzeko eta garatzeko.
Zure teknika hitzekin azal dezakezu?
Dantzatzen hasi nintzenetik inprobisazioarekin interesa izan dut. Orduan, inprobisazioa niretako oso modu polita da nolabait gorputzarekin eta imajinazioarekin konektatzeko. Nire praktika hori da. Ordu bateko inprobisazio estruktura bat izaten da. Bost edo hamar minutuko inprobisazio batekin hasten gara eta gero musikarekin eta nire gidaritzapean lurrean mugitzen hasten gara, meditazioak eman digun egoera korporala eta mentala jarraitzen. Polikipoliki zutik jartzen gara eta bertikalitatea sortzean indibidualki lan egiten dugu eta iristen da momentu bat non elkartzen garen eta elkarrekin egotean besteen gorputzek norberaren gorputzera informazioa bidaltzen dute, eta elkar puntu bat dago. Momentu batean shake edo astialdi bat dago eta hortik erlaxazio ariketa batekin bukatzen dugu saioa, lurrean. Normalean modu indibidualean hasten gara eta guztien energiarekin gure mugimendua lantzen dugu.
Inprobisazioa dantzaren gauzarik zailenetarikoa omen da, horrela da?
Errealitatean, kalean gaudenean inprobisatzen ari gara. Sozialki inprobisatzeko beldurra dago, baina inprobisatzea gorputzean egotea da, kontziente izatea, baina batzuetan beldurra daukagu. Jendearen eta dantzarien artean harresi moduko bat sortzen da; "haiek dantzariak dira eta ni ez naiz dantzaria eta nik ez dakit nola dantza egin". Baina egia esan inprobisatzea da musika batekin dantzatzea; edo gorputzarekin elkarrizketa bat izatea. Edozer izan daiteke inprobisatzea, instintutik baitator. Sozialki asko pentsatzen dugu, arrazoia asko erabiltzen dugu: nola izan behar garen, nola aritu behar garen, eta inprobisatzea pentsamendu horiek alde batera utzi eta institura joatean datza.
Inprobisatzen ikasten da?
Bai, jakina. Tresnak hartzen joaten zara eta jende guztiak inprobisa dezake.
Eta edonork egin dezake dantza?
"Edozeinek dantza egin dezake; gorputza entzutea da, arrazoia alde batera uztea"
Baita ere. Batzuetan pentsatzen dugu dantza eta dantza egitea izan behar dela modu polit batean edo modu jakin batean. Baina dantzatzea izan daiteke gorputzaren koordinazio espezifiko bat egitea eta agian nire ikuspuntutik pertsona batek egin duen koordinazioa ez zait gustatzen, baina beste pertsona bati gustatzen zaio. Dena bezala da. Baina edozeinek dantza egin dezake. Gorputza entzutea da, eta arrazoinamendua alde batera uztea. Nik uste hori dela arazo handiena.
La Faktorian zentro koreografikoan iraskasle zara. Zer nolako esperientzia izaten ari da?
Oso ona. Ni dantzan hasi nintzenean ez zeuden horrelako espazioak non jatorri desberdinetako irakasleak eta koreografia etortzen ziren gutxienez maila ertaina duten dantzariei irakasten dieten. Oso polita da ikustea espazio batean talde hain anitza, jatorri desberdineko ikasleak daudelako ere, trebatzen eta formatzen.
Dantza garaikidea nazioartekoa da edo herrialdeka aldatzen da?
Dantza garaikideak asko hartzen du. Dantza garaikidea hasi zenean hainbat estilo zeuden: release, Graham, Horton, Limon... Baina orain dantza garaikidea esango nuke nahasketa bat dela. Edozer gauza nahastu dezake; mugimendu urbanoagoak, 1980ko estiloak, inprobisazioa... Gorputzarekin esperimentatzen den hori da. Orduan, pertsona bakoitzak dauka bere mundua eta bere kontzeptua. Azaroaren 17an entsegu ireki bat ikustera joan nintzen eta hori esaten genuen: La Faktoria bezalako espazio bat oso ongi dago koreografo asko joaten direlako irakastera eta gazteak profesionaletara saltatzeko garaian daude, hau da, maila nahikoa dute, eta estimulu horiek guztiak hartuko dituzte eta haiek erabakiko dute zerk konektatzen duen beraiekin, eta zerk ez, eta pixkanaka haien bidea egingo dute. Hori da ideia.
Nolakoa da irakasle izatearen esperientzia?
Nire beste alderdi bat ikusten ari naiz, faltan botatzen nuena. Urte asko egon naiz bakarrik dantza egiten, bakarrik interpretea izaten, eta orain aukera izan dut nire buruan dagoena jendeari elkarbanatzeko eta nirekin berriz konektatzera eraman nau. Gainera, oso interesantea izaten ari da niretako dantza ez delako inoiz Nafarroarekin erlazionatuta egon. Aukera hau izateak ditu beti bananduta egon diren nire bi munduak lotzen ditu. Oso esperientzia polita izaten ari da.
Zer nahiago duzu eszenatokian egon edo irakasle izan?
Biak. Bi egoera oso desberdinak dira. Momentu batean nago non sentitzen dudan interprete bezala sorkuntza prozesua faltan botatzen dudala. Sorkuntza prozesu batean zaudenean ez dituzu zuri begira dauden begiak. Kontzeptu edo zerbait sortzeko prozesu horretan murgilduta zaude. Eszenatokian zaudenean kontzeptua edo pieza egina dago eta bota baino ez duzu egin behar, eta begi asko begira dituzu. Orduan, batzuetan faltan botatzen dut sorkuntza prozesuaren alde lasai edo intimo hori. Gorputzean ere nabaritzen dut. Irakasteaz gustatzen zaidana da burbuila intimo bat badela, eta ez dituzu inguruan begiratzen zaituzten begiak. Gure sentsazioekin eta gure gorputza eta buruarekin nahasi gaitezke.
Nafarroan dantzaren mundua aldatu da?
"Nafarroan gauzak egiten ari dira, eta interesgarriak dira; oso ongi dago"
Aldatu da, bai. Ni hasi nintzenean ez zegoen aukera handia. Dantza eskola pribatuak zeuden eta gero Nafarroako Gobernuko kontserbatorioa zegoen. Baina gutxi gehiago. Orain sentitzen dut badagoela jendea Nafarroan gelditzen ari dena eta artista olatu bat sortzen ari da eta gauzak sortzen ari dira; prestakuntza zentroak egin dituzte eta aukerak sortzen dira. Nafarroako Gobernua ere hasi da ikusten dantza gehiago lagundu dezakeela eta aukera gehiago sortzen ari dira erresidentziak egiteko eta kultur etxeetan ere dantza programatzen da, ez bakarrik Baluarten, esaterako. Oso ongi dago.
Espero zenuen?
Ez dakit. Garai horretan oso beltza ikusten nuen dena, eta agian ez nuen espero. Baina oso ongi dago ikustea pixkanaka gauzak egiten direla eta interesgarriak direla.
Etorkizunerako proiektuak?
Abenduan Goteborgera itzuliko naiz, bertan bizi naizelako, eta antzoki batean antzezlan bat egiteko proiektu batean nago. Dantzariak eta antzezleak egongo gara, bien arteko kolaborazio bat izango da.
Eta sorkuntza proiektu propioak?
Asko gustatuko litzaidake, bai. Orain esploratzen ari naiz izan ditzakedan aukera desberdinak. Zerbait sortzea gustatuko litzaidake baina horretarako erresidentziak eskatu behar dira, onartu behar dituzte... Ideia bat badut, eta orain eskaerak egin behar ditut eta ea zer etortzen den.