Astekaria

"Bizitzan irabazi dudan gauza bakarra izan da"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko aza. 29a, 12:36

Rakel Agirre Santano altsasuarrak ahotsa emateagatik zozketa bat irabazi zuen. UTZITAKOA

1999an ahotsa emateagatik 200.000 pezeta irabazi zituen Rakel Agirre Santano altsasuarrak.

Ordenagailuek euskaraz ikas zezaten ahotsa bilketa egin zuen EHUk, Telefonicak eta ETBk; egun Gaitu ekimenarekin egiten ari diren antzeko proiektua.

1. Duela 24 urte zozketa bat irabazi zenuen. Zergatik? 
Dagoeneko 24 urte pasa dira... Gainera, sorpresa izan zen nik normalean ez dudalako gauza hauetan parte hartzen, eta 14 urte nituen, pentsa. Gaztea nintzenean gurasoen etxean sukaldean egiten nituen etxerako lanak, eta irrati bat geneukan eta Euskadi Gaztean jartzen zituzten abestiak asko gustatzen zitzaizkidan, eta hutsik zeuden kasetak erosten nituen eta abestiak grabatzen nituen. Joseina Etxeberria asko entzuten nion eta egun batean azaldu zuen EHUn ari zirela ordenagailuak euskara ulertzeko probak egiten, ez dakit zehazki zer zen, eta ahotsak bilatzen ari zirela eta 200.000 pezeta (1.202 euro) zozketatuko zituztela. Euskadi Irratia asko entzuten nuenez hirugarren edo laugarren aldiz entzun nuenean deitzea erabaki nuen. 

2. Ordenagailuak euskara ikas dezan ahotsak. Ez zitzaizun zientzia fikzioa iruditu?
Garai horretan eta 14 urterekin ordenagailuak bagenituen eta haiekin ibiltzen ginen, informatika ematen genuen eta etxetan ordenagailuak zeuden mikrofono eta webkamerekin, beraz, ez zitzaidan hain arraroa iruditu. Agian nire gurasoen adinekoei oso arraroa irudituko zitzaien. 

3. Zer egin behar izan zenuen? 
Grabazio bat zen eta euskarazko esaldiak errepikatu behar zenituen. Gero galderaren bat egiten zuten eta erantzun behar zenituen ere. Datuak eman behar ziren ere, izenabizenak, non bizi zinen, urteak eta NA zenbakia. Nik ez nekien eta asmatu egin nuen! 15 edo 20 minutuko grabazioa izan zen, eta osoa egin nuen. Zozketaren eguna aipatu zuten, baina nik ahaztuta nuen. Deiak doainik zirela eta animatzeko esaten zutela gogoan dut ere.  

4. Altsasuko euskalkian zerbait esan behar zenuen? 
Ez naiz gogoratzen. Agian bazeuden horrelako galdera labur batzuk eskualkian esateko, baina ez dut gogoan. Gogoratzen naizena da gauzak errepikatu behar nituela, baina agian euskalkien zerbait bazegoen. 

5. Nola jakin zenuen irabazi zenuela? 
Egun batean ikastolatik etxera autobusean nindoan eta etorri zitzaidan Mikel gizarteko irakaslea: "Rakel! Sari bat lortu duzula, ikastolara deitu dute eta etxera joan behar zarela Euskadi Gazteatik deituko dizutelako". Sustoa hartu nuen, urduri jarri nintzen bera ere urduri zegoelako, eta nik baina ze sari? "Ez dakit, dirua!", erantzun zidan. Oso urduri jarri nintzen, eta nire ama ere urduri zegoen etxera deitu zutelako. Euskadi Gaztean elkarrizketa egin nuen, ETBn, eta handik gutxira Bilbora sariaren bila joan ginen gurasoak, ahizpa eta laurok. Bertan esan ziguten 20.000 dei jaso zituztela eta 12.000 elkarrizketa oso egin zirela. 

6.Eta 12.000 pertsonatik zuri tokatu zitzaizun. 
Lehendabizi beste zenbaki bat atera zuten, baina ez zuen elkarrizketa osoa egin eta ez zituzten bere datuak. Bigarren zenbakia atera zuten eta nirea zen. Ilusioa egin zidan, 14 urteko neskato bat, pentsa. Sariarekin batera, boli bat, katilu bat eta txea eman zidaten.

7. Deia egitean gurasoei esan zenien?
Imajinatzen dut gero kontatu niela. Nik bakarrik deitu n uen, hori ba. Agian gaur egin ezin da horrelakorik egin baimenik gabe. Momentuan ez nien ezer esan, sukaldean bakarrik nengoen eta elkarrizketa osoa bakarrik egin nuen. Gero kontatuko nien, ez zen sekretu bat eta ez zen ezer arraroa. Gainera, tokatu zaidan gauza bakarrik zian da.

8. Zer egin zenuen diruarekin? Garaian 200.000 pezeta dirua bazen...
Gaur egun 2.000 euro baino gehiago baziren, bai, eta 14 urterekin gainera. Dirua ez nuen ikusi gurasoek unibertsitaterako kontu korronte batean sartu zidatelako.

9. Zure ahotsarekin zer egin zuten jakin zenuen? 
Ez nuen ezer gehiago jakin. Saria jasotzera Bilbora joan ginen, eta gure prozesua hor amaitu zen. Ez dakit zerbaiterako erabili zuten edo ez. Suposatzen dut baietz, bestela ez lukete horrelako kanpaina bat egingo 20.000 deia jaso zituzten eta. 

10. Beraz, ez duzu grabazioa inoiz entzun?
Inoiz.

11. Adime Artifiziala elikatzeko euskarazko ahotsak biltzen ari dira orain Gaitu ekimenean. Parte hartuko duzu?
Bueno, zozketa egiten badute...