Gazte asanbladak pintaketa salatu du

Guaixe 2023ko aza. 28a, 08:50

Altsasuko gaztetxean egindako pintaketa. AGA

Gaztetxean egindako pintaketa "erasotzat" hartu du. Horren testuingurua "PSOEren gobernua babesten" duten alderdien eta koalizioaren egoitzak "pintaketen bidez seinalatu" izana litzateke haien iritziz.

Ferialeku kaletik Txiki Polita kalera jaisteko gaztetxeak duen paretan Euskal Herria, Palestina Independentzia, Palestina libre pintaketak egin zituzten azaroaren 23ko gauean. Hala jakinarazi du Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA). Adierazi dutenez, "ez gara eraso hauen aurrean kikilduko eta gure jardun politikoarekin jarraituko dugu gazteria langilea antolatzen". 

AGAko kideek Palestinako egoerarekin lotu dute gaztetxean egindako pintaketa. "Espainiar estatua Israelgo estatu genozidaren sustengu ekonomikoetako bat izateaz aparte, PSOE hauteskunde garaian publikoki babestu izan ditu estatu sionistaren ekintzak eta palestinar erresistentziarenak gaitzetsi, ezkerreko alderdi guztien konplizitatearekin". Beraz, AGAkoek ondorioztatu dute "EH Bildu eta EAJ sionismoaren konplize den gobernu bat sustengatzeak bihurtzen ditu sionismoren konplize". Haien iritziz "gobernua presionatu" beharko lukete. Gainera, AGAkoek ez dute begi onez ikusi "distantziakidetasunean eta bakezaletasunean oinarritutako posizio batetik manifestazioa" deitu izana, "bi aldeak parekatuz, estatu sionista onartuz eta Palestinaren desagerpen progresiboa daraman negoziazioa defendatuz". 

Azaldu dutenez, "horregatik guztiagatik, izan dira seinalatuak alderdi politiko horien egoitzak". Zehazki, PSOEren, EAJren eta EH Bilduren Altsasuko egoitzetan pintaketak agertu ziren aurreko asteetan. Hiru egoitzetan PSOEren gobernua konplizea, Palestina aurrera irakur daiteke. Gaztetxeko pintaketa ezabatuta dago dagoeneko, gainontzekoak ez. Gaztetxeko pintaketaren egilea "Ezker Abertzaleko kideren bat" izan dela "argi dute" AGAkoek; "gaztetxean gazteria iraultzaile kritiko bat antolatzen ari delako eta horrek beraien programa erreformista agerian uzteko arriskua duelako". 

Azkenik, AGAko kideek nabarmendu dutenez, "bide beretik, gure elkartasuna ematen jarraituko dugu palestinar herriari eta dei egiten dugu Palestinarekin Elkartasuna plataformak hurrengo egunetan deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera". Azaroaren 28an, 18:00etan, Iruñean izanen da.