Eguberrietako Aisiaz blai programako izen ematea zabalik

Guaixe 2023ko aza. 28a, 11:47

Gurasoak eta haurrak Zumalakarregi plazako jolas parkean. ARTXIBOA

Programa horren bidez, Txantxari udal ludotekak familia eta lana kontziliatzeko erraztasuna eman nahi du. Eskaintza prestatu du abenduaren 26tik 29ra eta ilbeltzaren 2, 3, 4 eta 5erako.

Neguko oporrekin haurrak ikastetxera joateari uzten diote, eta hainbat etxetan familia ardurak eta lana uztartzeko zailtasunak izaten dira. Horregatik, Altsasuko Txantxari udal ludotekak kontziliazioa errazteko Aisiaz Blai programa eskainiko du neguko oporretan. 3 eta 12 urte arteko haurrak (2011 eta 2020 artean jaioak) ludotekan 08:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute. Ordutegi hori beteko ez balitz, bigarren aukera 11:00etatik 13:30era izanen da.

Txantxari udal ludotekaren eskaintzan haurrak matrikulatu nahi dutenek abenduaren 1era arteko epea dute.  Horretarako, 948 012 012 telefonora hots egin behar da, edo www.altsasu.eus web orriaren bidez izena eman. Matrikulari dagokionez, familien diru-sarreren, errenta-aitorpenaren arabera hamaika prezio ezarri ditu udalak, zenbait familiari hobariak eskuratzeko aukera emanez. Argibideak nahi dituenak Txantxari udal ludotekan jasoko ditu, 948 467 471 telefonoan edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidean.