Azaroaren 23tik 26ra Espainiako Gimnasia Erritmikoko Taldekako Txapelketa hartu zuen Nafarroa Arena pabilioi ikusgarriak. 3.300 gimnasta baino gehiago lehiatu ziren, tartean Iskiza Sakanako oinarrizko jubenilen taldeak. Olaia Agirre monitoreak zuzentzen duen taldea Nafarroako Bigarren Mailako Txapelketa irabaztetik zetorren, eta Espainiako Oinarrizko Taldeen Txapelketan lan ona egin nahi zuen; baita lortu ere.
Iskiza sarritan lehiatu izan da Espainiako Txapelketetan, baina lehen aldia da Nafarroa Arenan jokatu zutela eta horrek bereziago egin zuen txapelketa. "Kanpora ateratzea eta toki berriak ezagutzea oso ongi dago, baina etxean egotea eta gertuko jendearen berotasun hori sentitzea oso polita da. Nafarroa Arenan gure gimnastek familia eta lagunak izan zituzten gertu, eta hori ere beraiendako oso polita izan da" nabarmendu du Olaia Agirrek. Ikusle askok jarraitu zuten txapelketa. "Toki paregabea da; egon garen guztien artean hoberena dela esango nuke. Kanpotik etorri zirenek ere hala esaten zuten. Nafarroa Arena bezalakorik ez dago".
Etxean jokatzeak beste abantaila bat izan zuen: aurretik Nafarroa Arenan bertan entrenatzea. "Txapelketa bezperan egon ginen entrenatzen. Tapizaren neurriak eta ezaugarriak berberak dira toki guztietan, baina argiztapena ez. Eta nabaritzen da. Justu goian fokuren bat badago eta gora begiratzean itsutzen bazaitu, horrek akatsera eraman zaitzake. Adibidez, oso desberdina da Zelandi kiroldegian edo Zelandi frontoian aritzea, fokuengatik. Nafarroa Arenan argia indartsua zen, baina ez zuen itsutzen".
Goizter
Ane Iturrioz, Eider Goikoetxea, Irune Etxaniz, Nagore Erdozia eta Naroa Diaz gimnastek osatzen dute Iskizako juniorren taldea. "Etxean egonda, lana ongi egiteko gogo gehiago zuten, eta horri aurre egitea ere ez da erraza izaten". Euren mailan 147 taldek parte hartu zuten. Kategoriarik jendetsuena izan zen, eta larunbatean jokatu zen, goizetik hasita gauera arte. "Guri 9:00etan aritzea egokitu zitzaigun, eta 7:30etarako bertan geunden, berotzen. Ia txapelketa irekitzea egokitu zitzaigun, eta hori ere ez da samurra". Araudiari jarraiki, erabili zituzten aparatuak bi zinta eta hiru pilota izan ziren.
Olaia Agirre: "Ez genuen lehen 30 talde hoberenen artean sailkatzea espero. Goian gaude"
Emaitzarik onena
Zailtasun guztiei aurre eginda, oso ongi aritu ziren Iskizako gimnastak, eta meritu handiko postua lortu zuten: 147 talderen artean 29. sailkatzea. "Nafarroako Txapelketan lana bikain atera zen, perfektu, baina Espainiakoan akats edo gauzatxoren batzuk izan genituen. Sentsazio horrekin geratu ginen, lana bikain eginez gero oraindik gorago sailka gintekeela. Baina ezin gara kexatu, inola ere ez. Ezin duzu zerekin aurkituko zaren aurreikusi, zer gertatu behar den eta gainontzeko taldeen maila zein den jakin. Gure gimnastek entrenamenduetan egindako lana erakutsi zuten, argi eta garbi. Ez genuen 30 talde hoberenen artean sailkatzea espero. Goian gaude, eta hori sekulakoa da, bultzada handia. Oso pozik gaude" aitortu du Agirrek. Orain arte Espainiako Txapelketan lortutako posturik hoberena izan da. "Joan zen urtean 56. postuan sailkatu ginen, eta aurten 29. Emozioz betetako eguna izan zen".
Aurreikusi moduan, faboritoen artean erabaki zen txapelketa. Vallecasek irabazi zuen, Tenerifeko Batistana taldearen aurretik.
Ideiak hartu
Emaitza jakiteko gauera arte itxaron behar izan zuten Iskizakoek, eta talde guztiek egindako lanez gozatu zuten. Halako txapelketak ideia berriak hartzeko ezinbestekoak dira, irakasleendako batez ere. "Ikasteko, ideiak hartzeko, musika eta doinu berriak ezagutzeko... primerakoak dira". Azaroaren 23tik 25era Oinarrizko Taldeen Espainiako Txapelketa jokatu zen, eta azaroaren 26an maila absolutuko Espainiako Kopa. "Intentsitate handiko astea izan da, txapelketa ia guztia jarraitu baitugu, bai Nafarroa Arenan, eta baita etxean ere, streaming bidez txapelketa jarrai zitekeelako. Makina bat ordu sartu ditugu".
Iskizakoak "nekatuta, baina pozik" daude. "Batxillergoan eta Unibertsitatean ikasten dute, eta horrenbeste ordu entrenatzea esfortzu handia da beraiendako. Beraz, egindako lanak emaitza ona izatea ongi dago".
Zerotik hastera
2023ko denboraldia bukatu berri da, eta Iskiza Sakana taldeko arduradunak 2024 denboraldiko txapelketak prestatzen badute nahikoa lan. Olaia Agirre koordinatzailearekin batera Ainhoa Imaz, Olaia Granizo eta Maria Remolina monitoreak burubelarri dabiltza lanean. Araudiak jasotzen dituen aparatu berriekin koreografia berriak prestatu beharko dituzte. Aurten 70 gimnasta inguru trebatzen dira Iskiza Sakanan, eta Arbizuko eskolan 22 inguru. "Urtetik urtero kopuruak gora egiten du, eta pozik gaude, nola ez". Nafar Kirol Jokoetan lehiatuko diren taldeak ere aurten gehiago izango dira. "Orain arte hiru talde genituen, eta aurten bost. Eta kontuan hartu behar da iaz bi talde hirugarren mailara igo zirela. Beraz, lan handia dugu aurretik beharreko koreografiak prestatzen".
Junior taldeak orain atseden hartuko du. "Azken hauek intentsitate handiko hilabeteak izan dira, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Momentu guztiak bizi izan dituzte, etekina ateraz. Beraz, deskantsatzeko unea da". Bitartean, 2024 denboraldian zer egin erabaki beharko dute, apirileko Nafarroako Banakako Txapelketara edo maiatzeko Nafarroako Taldeko Txapelketara aurkeztuko diren zehaztu.
Olaia Agirre: "Nafarroa Arenan gertukoen berotasuna gehiago sentitu genuen"
Gabonetako erakustaldia
Iskizako talde guztiek Gabonetako erakustaldian parte hartuko dute. Abenduaren 17an izanen da, igandearekin, 17:30ean, Zelandi kiroldegian.