Altsasuk ikastetxeendako dirulaguntza deialdia egin du

Guaixe 2023ko abe. 1a, 11:59

Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Herriko ikastetxeek, irakaskuntza kooperatibak eta guraso elkarteek aurkeztu ditzakete eskabideak; beti ere, ikasturte honetan eginen diren egitasmoak finantzatzeko izanen dira.

Altsasuko Udalak ikastetxeei zuzendutako dirulaguntza 15.000 euroko poltsa du. Haren bidez diruz lagundu daitezkeen lau lerro ditu deialdiak: hezkuntza proiektu berritzaileendako dirulaguntza (5.000 euro); irakaskuntzara bideratutako materiala hobetzeko programen dirulaguntza (7.000 euro), berrikuntzaren bidez; eskolaz kanpoko euskarazko jardueren gastuetarako dirulaguntza (2.000 euro), eta, azkenik, euskarazko jarduerak, eremu akademikotik kanpo gauzatzen direnak, A, B eta D ereduko ikasleei zuzenduta daudenak (1.000 euro). Eskabidea aurkezteko epea abenduaren 10ean despedituko da. Deialdiaren oinarriak altsasu.eus web orrian daude. 

Lagundu daitekeena
Altsasuko Udalak azaldu duenez, lehen lerroko dirulaguntzak banatzean kontutan izanen ditu “hezkuntza eskaintzaren eta zerbitzuen kalitatea, trukea, parte hartzea eta herritarrek baliabideak aprobetxatzea bultzatzeko programatzen diren hezkuntza ekimenak” Diruz lagundu daitekeen bigarren kontzeptuaren helburua "irakaskuntzara bideratutako eskola materiala hobetzea da, material hori berrituz eta, horrela, irakasleen eta ikasleen errendimendua hobetuz".

Hirugarren kontzeptuari dagokionez, "euskarazko eskolaz kanpoko jarduerek eragindako gastuak aipatzen ditu. Helburua da diruz laguntzea beste pertsona fisiko edota juridiko publiko edota pribatu batzuek bere gain hartzen ez dituzten gastuetan, jarduera horiek ahalik eta ondoen garatzen direla bermatzeko". Azkenik, diruz lagun daitekeen laugarren kontzeptua "eremu akademikotik kanpoko euskarazko jardueretarako da. Helburua da administrazioak eskola eremuan euskara sustatzen laguntzea, jarduera ez akademikoen bidez".