Saskibaloia

CBASK, buelta ematera

Guaixe 2023ko abe. 13a, 12:20

Bigarren Maila Interautonomikoan altsasuarrek jokatu beharreko partida atzeratu zuten, eta Emakumezkoen Lehen senior mailan CBASK-ek ezin izan zion Sanduzelairi aurre egin

Bigarren Maila Interautonomikoan bederatzigarren jardunaldia jokatu zen, baina CBASK Narum Fisioterapia talde altsasuarrak eta Aranguren Mutilbasketek jokatu beharreko partida otsailaren 9ra atzeratzea erabaki zuten. Egun lider berria du Bigarren Maila Interautonomikoak, Erisa Clavijo taldea (15 puntu). CBASK Narum Fisioterapia talde altsasuarra hamahirugarren postura jaitsi da, bi partida gutxiagorekin (10 puntu). Abenduaren 16an, CBASK Narum Fisioterapiak Larraonan jokatuko du, 18:00etan, sailkapenean zazpigarren den Aguerri Larraona Claret taldearen kontra. 

Emakumezkoak
Emakumezkoen Lehen senior mailako bederatzigarren jardunaldian CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak jipoi ederra jaso zuen, Sanduzelai taldeak 37 eta 52 irabazi baitzion. Sanduzelaik lehen laurdenetik hartu zuen aurrea, eta bukaerara arte tarte hori handitu besterik ez zuen egin. 

Emakumezkoen Lehen Senior mailan Aranguren Mutilbasketek lidergoari eutsi dio (18 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea hamaikagarren postura jaitsi da (11 puntu). Hamargarren jardunaldian, abenduaren 16an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Larraona Claret izango du aurkari, 20:00etan, Larraonan.