Suhiltzaileen parkerako ibilgailu berria

Guaixe 2023ko abe. 13a, 11:27

Suhiltzaileendako erositako hiru ibilgailuak. NAFARROAKO GOBERNUA

Lehen irteerako kamioia da gobernuak erosi duena. Trenbide geralekuko zubi azpitik pasatzen denez, Altsasun erantzun azkarragoa emanen dute

Altsasuko suhiltzaileen parkean kamioi berri bat dago, zaharkituta zegoen beste bat ordezkatu duena. Zehazki, landa autobonba astuna da Nafarroako Gobernuak erosi duena 526.108 eurotan. Kabina bikoitzeko ibilgailua da, sei plaza ditu, eta 4.000 litroko ur zisterna, ponpa konbinatuarekin, gainera, sua itzaltzeko eta erreskatatzeko materialarekin. Horretaz aparte, harrapatuta gelditzen direnak  ateratzeko material hidraulikoa dauka: zizaila, bereizgailua eta zilindroa.

Lur orotariko ibilgailuak 3,12 metroko altuera du eta, ondorioz, parketik zuzenean Altsasu herrigunera zuzenean sartzeko aukera dute orain suhiltzaileek. Izan ere, orain arte erabili duten kamioia ez zen trenbide geralekuko zubi azpitik pasatzen eta larrialdi kasuan suhiltzaileek herrira sartzeko Iparraldeko Autobia (A-1) hartu behar zuten. 

Suhiltzaileen Altsasuko parkean kamioi horretaz aparte, beste kamioi bat dute: baso-bonba arina, azaroan jaso zutena. Hiru ibilgailu ere badaude parkean: anbulantzia bat eta bi orotariko ibilgailu, bat baso suteetarako eta bestea herri suteetarako. Bost ibilgailu guztira. Herrizaingo, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuak adierazi duenez, Suhiltzaileen Zerbitzuaren ibilgailuen flota berritzeko eta larrialdietarako erantzuna indartzeko konpromisoa du.