“Elkartasuna adierazteko ekimenetan parte hartzea beharrezkoa da”

Guaixe 2023ko abe. 21a, 13:05
Jon Kepa Bengoetxea, Jose Mari Morcillo eta Beñat Zelaia Palestinaren aldeko murala atzean dutela.

Sakana Harrera Haranak sustatuta, trenbide geralekuko zubian Palestinaren aldeko murala zaharberritzen ari da altsasuar talde bat, haien artean daude Beñat Zelaia Barandiaran, Jon Kepa Bengoetxea Irigoien eta Joxe Mari Morcillo.

1. Noiztik margolariak? 
Beñat. Israelek genozidio bat hasi zuenetik, gutxi gorabehera. Horrek berotu gintuen horretan ere sartzera. 
Joxe Mari. Zaharberritu dugu, baina zenbait gauza berri eginen ditugu. 

2. Sekula brotxarekin ibili zarete?
Jon Kepa. Bai baina, gutxi. Eskerrak Joxe Mari gurekin dabilen, zeren guk arte gutxi dugu brotxarekin. 
B. Guk borondatea dugu, peoiak gara, baina artista bera da. 
JM. Ez dakit ni zuzendari ona naizen, baina beraiek ederki ari dira. 

3. Nolaz ekin zenioten muralari?
JM. Iker Uribek eta biok egin genuen murala, jende gehiagoren laguntzaz. Askapena talde internazionalistaren dei bati erantzunez egin genuen 2011n. Oso zahartuta zegoen. Israelek hasi duen genozidio horren ondoren Askapenaren deialdia jaso nuen: jendea prest zegoen garbitzeko. Hala egin zuen talde batek, eta beste batzuk margotzeko elkartu gara. 

4. Hasieratik zaudete?
B. Egoerak amorraturik, zerbait egin behar zela hitz egiten hasi ginen. Murala zahartzen zegoela ikusi genuen, eta aukera ona zen berritzea. 
JK. Oker ez banago, duela hilabete-edo garbitu zuten. Ordutik gabiltza. Baina euriarekin egia da ezin dugula lan asko egin: zubiak ur filtrazio handiak ditu eta bustitakoa lehortzeko egunak behar dira. 
JM. Batez ere hori da arazoa. Nik ez nuen oroitzen noiz margotu genuen, baina dirudienez, uda zen;  halako lanak egiteko garai aproposa.  

5. Zer irudi daude muralean?
B. Oraingoz, gehienak mantendu ditugu: palestinar zapiarekin estalita dagoen pertsona, lurra eta askatasuna leloa, zulatutako eraikin batetik begira dauden bi ume... Ukitu berri batzuk ematen ari gara. Arabiarrez lurra eta askatasuna eta euskaraz gora palestinar erresistentzia idatzi dugu. Berrikuntza nagusia da Palestinako erresistentziako kide bat jarri dugula.  
JM. Haren aldamenean palestinarrak irudikatuko ditugu: orain dela 75 urte joan zirenak... 
B. Mahmoud Darwish poeta palestinarraren Terrorista baten aitorpena olerkiaren isla ere jasoko dugu. 
JM. Testuak oso ongi irudikatzen du hainbeste urtetan jasaten ari diren zapalkuntza. 

6. Irudi horiekin zer islatu nahi duzue?
JM. Hango jendearen eta mujahidinen erresistentzia.

7. Ahaztua izateko arriskuan zegoen gatazka bat zen. Altsasun egunero ikusi eta ohartu ere ez, ezta?
JK. Hori buruan genuen. Oldarraldi honek arazoaren muina ekarri digu burura. Horregatik, hori berritzera: herri sarreran berriz ere erakustea zer nolako garrantzia duen. Bestalde, muralaren eskuin aldean, Israelen okupazioaren maparen eguneraketa egin dugu. Lehen 2012ra arte zegoen, orain 2020ra arte: Gaza are eta txikiago eta Zisjordanian kolonoen irlatxo gehiago daude. Orain oldarraldi handia izan da, baina azken hamar urteetan egoerak okerrera egin du. Hori muralean islatzen da. 

8. Zenbatek osatzen duzue margolari taldea?
B. Guk pixka bat mugitu dugu, baina jende askok erantzun du. Gainera, margotzen ari ginen bitartean jendeak eskerrak ematen zituen. Ikusten da jendea gaiarekin kontzientziatuta dagoela.  

9. Gastuei aurre egiteko zerbait egin duzue?
JM. Gazte hauek espraiak erosi zituzten. Kuadrilla batek botea eman digu. Nire kuadrillakoen laguntzaren zain nago ere. Nik, normalean, pintura izaten dut. Bestetik, Arbizuko Utzubar Ekogunera joan nintzen han jasota zituzten pinturak hartzera, gustu handiz eman zizkidaten. 

10. Murala bukatu ondoren, zerbait gehiago eginen duzue?
JK. Askapenak Palestina Askatzeko Fronteko Europako arduraduna ekarri zuen Altsasura abenduaren 5ean. Palestinaren egungo egoeraren irakurketa interesgarria egin zuen, eta nondik zetorren. Oso interesgarria izan zen. Gure ideia zen egun horretan mustutze txiki bat egitea. Baina ikusi dugu ezinezkoa dela, dugun lan zamagatik eta eguraldiagatik. Aurrera begira, lasaitasunez, eguraldi ona heldu denean, badugu lana eta gogoak hori txukuntzeko. Ea ilbeltzeko antizikloi batek uzten digun. 

11. Bakarren batek lagundu nahiko balu, zer?
B. Muralarekin lana egonen da. Aparte egonen dira deialdiak, eta Palestinarekiko elkartasuna adierazteko garaiak badatoz. Halako ekimenetan parte hartzea beharrezkoa da, elkartasun hori adieraztea. 
JM. Nahiago genuke genozidioa murala despeditu aurretik bukatzea.