Israelek genozidioa gelditzeko eskatuko dute

Guaixe 2023ko abe. 15a, 14:35

Pentsiodunen mugimenduko kideak bat egin dute manifestazioarekin.

Sakana Harrera Harana plataformak deituta Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazioa eginen da Altsasun. Sakandarrak bertan parte hartzera deitu dituzte. 

Ekialde Hurbileko gatazka piztu denetik Palestinari elkartasuna adierazteko hainbat kontzentrazio egin dira ibarrean. "Aterpean dauden errefuxiatuak, sakandar berriak eta jendeak manifestazio bat noiz egin behar dugun galdetu digute. Orain arte ezin izan dugu egin, asteburu guztietan zerbait zegoelako. Azkenean, data finkatzea lortu genuen", azaldu du Sakana Harrera Harana plataformako kide Josu Rubio Mendiluzek. Israel genozida, Palestina askatu leloa duen manifestazioa deitu du plataformak, larunbatean, 19:00etan, Altsasuko udaletxe paretik abiatuko dena. Sakana Harrera Haranatik eskatu dute "kontzientzia pixka bat duen jendea manifestaziora batzeko".

Gazan Israelek 20.000 pertsona inguru hil ditu momentuz. "Ez dakigu eraikinen hondakinen azpian zer dagoen, gehiago izan daitezke palestinar hildakoak, desagertu asko baitaude. Hildakoen %70 emakumezkoak eta haurrak dira. Datuak argi uzten du nori dagoen zuzenduta Israelen genozidioa. Kalte gehien sufritzen dutenak, betikoak dira, ahulenak. Populazio zibila jomuga bihurtu du Israelek", azaldu du Rubiok. 

Israelek gerra argudiatzeko darabilen arrazoiei erantzunez, Rubiok esan duenez, "Hamasen buruak non dauden badakigu: Qatarren, Iranen eta hortik. Palestinan daudenak erresistentziako milizianoak dira. 75 urte borrokan daramate. Hori Nazio Batuen Erakundean eta leku guztietan onartuta dago". Ukatu du egungoa Hamas eta Israelen arteko gerra denik, Palestina eta Israelen artekoa dela nabarmendu du. Zehaztu duenez, "Hamas palestinar erresistentziaren zati bat da. Zisjordanian Hamasek ez du gobernatzen eta han ere Israel kristoren sarraskiak egiten ari da". Gogorarazi duenez, "Palestina eta Israelen arteko gatazka 1948tik dago, orduan ez zegoen Hamas; asko jota, 40 urte izanen ditu".

Sakana Harrera Harana Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearekin saretuta dago, eta errefuxiatuen arloa lantzen du. "Datu zehatzik ez badago ere, sei eta bederatzi milioi palestinar daude munduan barna barreiatuta". Siriako gatazkak bertakoak migratzera behartu zituen. "Palestinan arazoa beste bat da: ezin dute atera. Gazakoa, esaterako, plater tiraketa moduko bat bihurtu da. Eremu finko hartatik ezin dira atera, eta ezin dira sartu. Jendeak ez daki nondik jo, zer egin. Horregatik esaten dugu genozidio bat dela. Erabateko garbiketa etnikoa da", azaldu du Rubiok. Eta genozidioa gelditzeko eskatu du Sakana Harrera Haranak.