Urtea lagunartean despeditzeko, bizikleta hartu, Urbasara igo, goian salda beroa edan, eta jaitsi. Horrela jaio zen Urbasako Igoera-San Silvestre Zikloturista Martxa. Urtetik urtera gora egin zuen, proba arratsaldetik goizera aurreratu zutenetik aurrera, bereziki. Joan zen urtean 28. edizioa izan zuen proba herrikoiak, eta 112 txirrindularik hartu zuten parte. Giro ederrean oroigarria jaso, eta urte berriagatik topa egin zuten.
Tamalez, aurten ez da urtea Urbasan bizikletan despeditzeko ekitaldirik izango. Arrazoi nagusia ekonomikoa da. "Urterik urtera geroz eta baldintza zorrotzagoak eskatzen dizkigute, gurea ohiko txirrindularitza lasterketa bat bailitzan: federazio baimenak eta lasterketa tasa ordainketa, asegurua, anbulantzia, medikua, foruzainak, bidegurutzeetarako boluntarioak, helmugako gune hesitua... Dirutza da, eta gurea proba xumea da. Ez dugu nahi parte hartzeagatik 20-25 euro kobratu behar izatea. Ez dugunez babeslerik aurkitu, zoritxarrez bertan behera utzi behar izan dugu aurtengoa" azaldu du Altsasu Kirol Elkarteko txirrindularitza ataleko arduradun Felix Mazkiaranek. Lasterketei eskatzen dizkieten eskakizunak gogortuz gero, elkartearen gainontzeko probak ere kolokan gera daitezkeela gaineratu du.