Altsasuko Udala heldu den urteko aurrekontua prestatzeko lanean ari da gaur egun. Alkatetza duen Geroa Baik aurrekontu proiektua helarazi dio EH Bilduri. Koalizioaren iritziz, jasotako aurrekontu zirriborroa esaldi bakarrean laburbildu du: "zerga balantze positiboa, gizarte balantze negatiboa". EH Bildutik adierazi dutenez, "beste ezeren gainetik aurreztea bilatzen duen bitartean, gizarte politiketan hutsune nabariak ditu".
EH Bilduren iritziz, "udalaren helburu nagusia zerbitzu publikoak hobetzea eta jendearen beharrei erantzutea izan behar da, eta ez 'irabaziak' metatzea, banku baten antzera". Koalizioarendako "garrantzitsua da gaitasun ekonomikoa funtzio horien mesedetan jartzea". Jasotako aurrekontuan "aurrezte hori gauzatzeko izozte orokorra" dagoela adierazi dute EH Bildukoek: "zerbitzu publikoak, aisialdirako hainbat jarduera, gizarte erakundeendako laguntzak eta, azken finean, pertsonen ongizatea helburu duten partidek izozte bat jasan dute, praktikan murrizketa bat suposatu duena".
Aurrekontu proiektuan gabezia gehiago ikusi ditu koalizioak: "gaur egun ditugun erronka handietako bakar batean ere" ez omen dago jasoa, besteak beste: trantsizio ekologikoa, zaintza-politiken sustatzea, gizarte-erronka berriak, esklusio sozialari aurre egitea... Zergak izoztu direla eta zerga progresibotasunik ez dagoela gaineratu du koalizioak. Ez du ere begi onez ikusi Aita Barandiaran adinduen egoitzako jantoki zerbitzuaren kudeaketa publikoa ez berreskuratze. Etxebizitza publiko baten salmenta ere kezkaz ikusten du EH Bilduk.