Atletismoa

Zubeztiak erakargarri izaten segitzen du

Guaixe 2023ko abenduaren 19a

Giro ederra izan zen Altsasun.

42. Zubeztia Lasterketa-Candi Arnanz Memorialean 122 korrikalarik hartu zuten parte, giro ederrean. Unai Arroyo eta Izaskun Beunza izan ziren txapeldunak, eta Israel Arbizu bigarren sailkatu zen

Altsasuko Zubeztia elkarteak abenduaren 8an, Ama Birjinaren egunean, antolatzen duen lasterketa herrikoia korrikalariendako klasikoetako bat da, aurki urtea despeditzeko jokatuko diren San Silvestreak prestatzeko ezinbestekoa. Aurtengoa 42. edizioa izan zen, eta fresko baina eguraldia lagun jokatu zen. Bigarren urtez Candi Arnanz Memoriala da, bere garaian korrikalari handia eta Altsasun atletismoaren sustatzaileetako bat izan zenaren omenez.

Korrikalariek herrigunean prestatutako zirkuituari lau itzuli eman behar izan zizkioten, gehi hasierako buelta, 400 metrokoa, guztira 10 km osatuz. 122 korrikalari agertu ziren irteerara, horietatik 15 emakume. Joan zen urtean 130 korrikalari izan ziren; beraz, erakargarri izaten jarraitzen du. Gehienak sakandarrak ziren, baina Iruñetik, Arabatik eta Goierritik makina bat korrikalari animatu ziren.

Israel Arbizu, bigarrena
Lasterketa bizi-bizi atera zen. 400 metroko hasierako buelta osatzen azkarrena Idiazabalgo Xabier Sanchez izan zen, eta berak lortu zuen antolakuntzak oparitutako urdaiazpikoa. Baina Tolosako Unai Arroyok berehala hartu zion aurrea, eta lasterketa ia guztia bakarrik egin zuen, garaipen erraza lortuaz (31:19). Bigarren Israel Arbizu etxarriarra izan zen (32:24), eta hirugarren Alberto Diaz gasteiztarra (32:37). Arroyo lehen aldiz aritu zen Zubeztian, eta gurasoek parte hartuko zutela probestuz hurbildu zen Altsasura. Lasterketa “oso polita eta animatua” iruditu zitzaion, “ibilbide osoan jendea” zegoelako. Lasterketa gogorra egin zitzaiola aitortu zuen. Lehen altsasuarraren saria Aritz Etxeberriak jaso zuen, helmugan zortzigarren sartuta (33:23), eta Zubeztiako bazkideen saria Iban Sobredo “Triki”-rendako izan zen, helmugan hamalaugarren (34:04).

Beunzaren enegarrena
Emakumezkoetan Izaskun Beunzak joan zen urteko eta beste zenbait urteetako garaipena berritu zuen. Lehia estua izan zuen Maria Ordoñez iruindarrarendako eta biak batera ibili ziren ia lasterketa guztian zehar, baina azkenean olaztiarra gailendu zen (37:18), Ordoñezi 10 segundo aterata (37:28). Diana Vecillas gasteiztarra izan zen hirugarrena (39:44). Lehen altsasuarraren saria Olatz Azazetak jaso zuen, sailkapen absolutuan 106. (49:48). Izaskun Beunzak aitortu zuen Zubeztiako lasterketa "izugarri" gustuko duela eta egutegian markatuta izaten duela, "giro ederra" izaten delako, etengabe animatzen duten ikusle askorekin.


Sakandarrak Zubeztia Lasterketan
Gizonak
1. Unai Arroyo 31:19
2. Israel Arbizu 32:24
6. Mikel Astiz 33:01
8. Aritz Etxeberria 33:23
10. Sergio Garcia Eulate 33:54
12. Ekhi Congil 33:58
14. Ivan Sobredo 34:04
23. Juan Carlos Gomez 35:52
26. Aritz Munarriz 36:07
27. Gorka Acebes 36:10
30. Juan Luis Maiza 37:11
36. Eukeni Goikoetxea 37:59
37. Javi Gasanz 37:59
39. Ruben Garcia 38:11
42. Alvaro Rubio 38:51
44. Joseba Galarza 38:58
45. Jorge Iradi  39:07
57. Egoitz Aldaz 40:31
60. Alberto Arrizabalaga 40:51
61. Joxeja Maiza 41:06
62. Aitor Salinas 41:24
65. David F. De Garaialde 41:33
69. Xabier Borrega 42:32
75. Iñaki Berastegi 43:02
78. Iker Flores 43:14
79. Patxi Cano 43:14
80. Alain Iriarte 43:18
81. Iker Etxeberria 43:18
88. Mikel Senar 44:40
90. Peio Vergara 45:08
92. Ismael Lopez de Goikoetxea 45:15
100. Jose Antonio Salgado 46:56
103. Alberto Agirre 48:50
104. Juan C. Perez 48:50
105. Iñigo Orella 49:12
107. Aingeru Azazeta 49:48
114. Endika Ziordia 57:04

Emakumeak
31. Izaskun Beunza 37:18
97. Erkuden San Martin 45:56
106. Olatz Azazeta 49:48

* Maider Ugarteburu etxarriarra eta Raul Audikana olaztiarra antolakuntzaren zerrendan ageri dira baina ez dute denborarik.