Palestinarekin bat

Guaixe 2023ko abe. 19a, 11:48

Palestinaren alde egindako manifestazioa.

Manifestazioaren antolatzaileek "Palestina 1948tik jasaten ari den genozidioarekin bukatu" behar dela nabarmendu zuten. 

Makina bat sakandarrek bat egin zuten Sakana Harrera Harana plataformak deitutako Palestina askatu, Israel genozida leloko manifestazioarekin. Plataformako kideek gogorarazi zuten dagoeneko 20.000 bat palestinar hil dituela Israelek, "ia erdiak haurrak, eta hondakinen azpian milaka pertsona gehiago daude harrapaturik". Gaztigatu zutenez, "zapalkuntza ez da Gazan bakarrik pairatzen ari, Zisjordanian ere bazterketa, arrazakeria eta erailketak bukatu behar dira". 

Plataformatik nabarmendu zutenez, palestinarrek "natur baliabideen lapurreta, legez kanpoko kolonia sionistak sortzea, etxeen suntsiketak eta bestelako egoera gordinak jasaten 75 urte" daramate. Beraz, "palestinar erresistentziak kolonialismo sionistaren kontra defendatzeko eskubidea ezin da ukatu" manifestazioko deitzaileen iritziz. 

Bestalde, palestinarrek 2005ean hasitako nazioarteko kanpainarekin bat egitera deitu zuten. Hain zuzen, Israelen kontrako boikot, desinbertsio eta zigorrak (BDZ) kanpainarekin bat egitera. Esan zutenez, "mundu osoan geroz eta pertsona gehiagoren babesa du ekimenak. BDZ kanpainak Israel presionatzea du helburu, nazioarteko zuzenbidea bete eta Palestinan giza eskubideak errespeta ditzan".