Osasun Etxeko langileek Gazan su etena eskatu dute

Guaixe 2023ko abe. 21a, 11:45

Osasun langileez aparte hainbat altsasuarrek parte hartu dute bilkuran.

Israelek bere erasoaldian osasun azpiegiturak eta profesionalak jo puntuan izatea gaitzetsi dute. Aldi berean, Gazan giza laguntza sartzen uztea exijitu dute.

Altsasuko osasun etxeko langileek lantokiaren parean bilkura egin dute. Haren bidez Palestinan su etena izan dadila eskatu dute. Osasun langileek azpimarratu dutenez, “nazioarteko zuzenbideak osasun zentroak eta anbulantziak errespetatzea eskatzen du, baita osasun langileak eta haien pazienteak zaintzea ere”. Israelek 1967tik okupatutako Gazako Zerrendan (365 Km2-ko lurraldea) “ospitale guztiei eta osasun langile guztiei eraso egin zaie, eta horrek Nazioarteko Eskubide Humanitarioa urratzen” duela nabarmendu dute. Gaztigatu dutenez, “Nafarroako osasun-kolektiboaren parte garen aldetik, ezin dugu onartu nazioarteko eskubide humanitarioaren urraketa nabarmen hori”. 

Altsasuko elkarretaratzeaz aparte, Nafarroako beste zenbait osasun etxeren parean ere halako bilkurak egin dira. Izan ere, Nafarroako 450 osasun langile baino gehiagok Palestinan su etena eskatuz manifestua sinatu dute. Bere sinadura eman nahi duenak bit.ly/sanitarios-na-palestina-firma loturaren bidez egin dezake. Ekimenaren inguruan informazio gehiago nahi duenak
navarrasanitariaaltoelfuego@gmail.com posta elektronikoko helbideara idatzi dezake. 


Datuak 
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeen Gazari buruzko datuak, abenduaren 13koak, honakoak dira:

  • Martxan zeuden 36 ospitaleetatik, Israelgo armadak 25 deuseztatu ditu eta ama-haurren ospitale guztiak suntsitu ditu, 50.000 emakume haurdun egonda.
  • NBEren 22 kliniketatik 14 suntsitu dituzte.
  • Mugarik Gabeko Medikuen eta Gurutze Gorriaren anbulantzia-konboiak erasotu eta bonbardatu dituzte.
  • Osasun- angileek baliabiderik gabe lan egiten dute anputazioak egiten anestesiarik gabe, baita adin txikiko haurrei ere, zaurien jarraipenik egiteko aukerarik izan gabe.
  • Ez dago gaixotasun infekzioso eta kutsakorretarako medikaziorik. Gaixotasun horiek azkar zabaltzen hasi dira, edateko urik eta elikagairik ez dagoelako.
  • 446 mediku, erizain eta anbulantzietako langile hil ditu Israelgo armadak, horietako asko ospitalean lanean ari zirela.
  • Osasun-langileak gainezka daude. Emily Callahanek MSFko erizainak dioen bezala: "nire lankideak, medikuak eta erizainak, heroiak dira".