Ziklo-krosa

Erik Laiglesia eta Eider Mazkiaran, Nafarroako Ziklo-kros txapeldunak

Guaixe 2023ko abe. 22a, 10:00

Gizonezkoen kadete mailan hirugarren sailkatu zen Sakana Group-Alea Aralar taldeko Cascanteko txirrindularia eta emakumezkoetan zortzigarren Quesos Albeniz-Burundako altsasuarra, biak lehen nafarrak

Abenduaren 16an, larunbata, Berako Ziklo-krosa jokatu zen, aldi berean Nafarroako Ziklo-kros Txapelketa zena. 

Gizonezkoen kadeteen mailan lehia gogorra izan zuten parte hartu zuten 63 txirrindulariek. Ander Mendizabal (Cafe Dromedario) gailendu zen (26:37), Aranako taldeko Markel Tulebrasen (27:15) eta Sakana Group-Alea Aralar taldeko Erik Laiglesiaren (27:31) aurretik. Laiglesia lehen nafarra zenez (Cascantekoa da, nahiz eta Lakuntzako Sakana Group-Alea Aralar klubean jokatu), bera da Nafarroako Ziklo-kros txapelduna, kadete mailan. Quesos Albeniz-Burunda klubeko Ibai Galarza hogeigarren sailkatu zen (31:08), eta bere taldekide Oier Olaberria eta Xabier Curiel 40. eta 41., hurrenez hurren. 

Emakumezkoen kadeteetan Mirari Gotxi (Luyando) izan zen azkarrena (22:46) eta Quesos Albeniz taldeko Eider Mazkiaran zortzigarren sailkatu zen (27:43), lehen nafarra eta Nafarroako Ziklo-kros txapelduna. 

Gizonezkoen junior mailan Limousin-Oriako taldeko Igor Sanzek (41:42) irabazi zuen lasterketa. Quesos Albenizko Hegoi Duran 27. sartu zen, itzuli batera. Ekain Imazek ez zuen proba bukatu.

Open edo proba nagusian gizonezkoetan Ermuko Aitor Hernandez (53:50) gailendu zen.  Sakana Group-Alea taldeko Mikel Regil hamahirugarren sailkatu zen. Emakumezkoetan, Donosti Gain klubeko Olatz Odriozolak (34:07) ez zuen areriorik izan.