Klinikako langileak lan hitzarmena hobetu nahi dute

Guaixe 2024ko urt. 8a, 09:29

Klinikako langileek lan hitzarmena hobetzea aldarrikatzen ari dira.

Lan hitzarmena berritzea, soldata %3,5 igotzea eta lanaldia 1.710 ordutik 1.651 ordura pasatzea aldarrikatzen dute. Halakorik egiten ez bada, ez dute baztertu ilbeltzean mobilizazioekin hastea.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko enpresa batzordeak (4 LAB eta 1 ELA) jakinarazi duenez, lantokiko lan hitzarmen propioa joan zen urtearekin batera iraungi zen. Lan baldintza "prekarioak" dituztela iritzita, "plantillak eskatzen dugu kontuan har daitezela gure soldata eta lanaldiari buruzko eskaerak 2023ko hitzarmena sinatzerakoan". Jakinarazi dutenez, zuzendaritzarekin lan hitzarmena berritzen saiatu dira, "baina enpresako zuzendaritzak ez du gure proposamena onartzen. Langileok batzarra egin ondoren, gure egoeraren berri ematea erabaki dugu". 

Langileek bi eskaera dituzte. Batetik, aurten soldata %3,5 igotzea. "Urte arteko Kontsumo Prezioen Indizearen %6,4ko igoerarekin hasi genuen 2023a. Aurreko urtean bezala, aurten ere eros ahalmen handia galdu dugu. Eta, horrek, are gehiago okertzen ditu plantillaren lan baldintza txarrak. Beraz, soldata %3,5 igotzea ez da gehiegizkoa". Soldata igoera atzera eraginez igotzea da, beraz, langileen eskaera. 


Klinikak 70 bat langile ditu. Haietako batzuk kalean batzartuta.

Bestetik, langileen artean bi lan ordutegi daude, 1.651 ordu egiten dituztenak eta 1.710 ordu egiten dituztenak. "Urteko lanaldia 1.651 ordu baino gehiago egiten dituzten langile guztien lanaldia murriztea oinarrizkoa eta beharrezkoa da". Azaldu dutenez, "sektore publikoan mota horretako klinikek eta zentroek 1.592 lan ordu egiten dituzte urtean". Lanaldiaren murrizketaz hurrengo lan hitzarmenetan hitz egiteko prest daude langileak. Haien ordezkariek eskatu dute "2024rako hitzarmen berrian lan egin dadila lan baldintza duinen alde, gure eskubideen alde eta gure gorputz eta adimen osasunaren alde". 

Klinikako langileen ordezkariek "Euskal Herriko mugimendu feministak eta Euskal Herriko gehiengo sindikal zabalak azaroaren 30ean egindako greba orokorrarekin zainketen alde hasitako mugimenduaren" baitan kokatu dute beraien aldarrikapena. Ilbeltzean mobilizazioak hastea ez dute baztertu. Azaldu dutenez, "herritarrak beti babestu gaituzte, eta oso eskertuta gaude".