Eguberriak umorez ospatzeko Inixio Amillano Casteig altsasuarraren bakarrizketa saioa izanen da Altsasuko Haritza tabernan. Udan egin zuen Amillanok lehenengo bakarrizketa saio arrakastatsua herrian, eta eguberrietan itzuliko zela aurreratu zuen GUAIXEn egindako elkarrizketan. Iritsi da eguna: abenduaren 27an eta 28an, astezkena eta osteguna, izanen dira emanaldiak, 19:30ean eta 21:00etan lehenengo egunean, eta 21:00etan bigarrenean. Ate irekiera ordu erdi lehenago izanen da.
Bakarrizketa saiora joateko gonbidapenak hartu behar dira aurretik, doan. Bi saio egitea aurreikusten zuten, baina arrakasta ikusita eta gonbidapenak denbora guxian agortu zirenez, hirugarren saio bat ateratzea erabaki zuten. Bakarrizketa 14 urtetik gorakoendako da.