'Bizkarsoro' filmaren Nafarroa Garaiko aurkezpena Altsasun

Guaixe 2024ko urt. 8a, 09:54

Ilbeltzaren 12an, ostirala, Josu Martinezek zuzendutako euskarazko film luzearen aurkezpena eginen dute Euskal Herriko zazpi lurraldetan; Nafarroa Garaikoa Altsasun izanen da.

Bizkarsoro herria ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Bertako herritarrak ere fikziozkoak dira, baina euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak islatzen dituzte. 1914tik 1982ra gertatzen diren bost istoriok osatzen dute Bizkarsoro filma, eta ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuenta oinarritutako bost testigantza jasotzen dute. Josu Martinezek zuzendu du lana, eta 71. Zinemaldiaren Zinemira atalean aurkeztu zuten. Ilbeltzaren 12an, ostirala, 19:30ean, zinema areto komertzialetan aurkeztuko dute Euskal Herriko zazpi lurraldetan, eta Nafarroa Garaiko mustutzea Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da. Sarrerak kultur guneko webgunean eta txarteldegian eros daitezke 6 eurotan. Filmaren emanaldiaren ondoren solasaldia izanen da.

'Bizkarsoro'

Sinopsia: Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna.

Fitxa artistikoa: Bea Kurutxarri, Martxela Aneva-Fuchs, Bixente Indart, Lea Campistron, Eneida Alfaro-Camus.

Emanaldia: Ilbeltzak 12, ostirala, 19:30ean, Iortia kultur guneko areto handian.

Sarrerak: 6 euro, Iortia kultur guneko webgunean eta txarteldegian.