Palestinako okupazioaren kontra

Guaixe 2024ko urt. 9a, 11:00
Palestinaren aldeko manifestazioa euripean egin zen.

Manifestazioa egin zuten Altsasun. "Adostasun politiko sionista dago palestinarren garbiketa etnikoa gauzatzeko eta Israel Handia eraikitzeko".

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida leloa zuen manifestazioa egin zen Altsasun ilbeltzaren 7an. Deitzaileek gaztigatu zutenez, "azken hiru hilabeteotan Gazako palestinarrak etengabeko bonbardaketak eta blokeo krudela jasaten ari dira estatu sionistaren eskutik. Horrekin batera, areagotu egin dira israeldar kolonoen eta okupazio indarren biolentzia Zisjordaniako herri palestinarren kontra". Egungoa "ez dago ulertzerik 75 urtez Palestinan estatu sionistaren eskutik etorri diren kolonialismoa, apartheida eta garbiketa etnikoa, eta Gazaren kontra 15 urte baino gehiago dirauen blokeoa kontuan hartu gabe". 

Manifestazioa deitu zuen Palestinarekin Elkartasunako kideen iritziz, "irtenbidea Israelgo estatu sionistaren desagerpenaren bidetik eman behar da, deskolonizazio prozesu bati lotuta; Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko duena". Gaineratu zutenez, "bien bitartean, herri palestinarrak erregimen kolonial eta aphartheid baten bizi den herria den aldetik, bere forma eta adierazpen guztietan borrokatzeko eskubidea du". Gaineratu zutenez, "guk salatu eta seinalatu behar dugu estatu sionista legitimatzen dutenen konplizitatea eta lankidetza. Izan ere, Israelekiko harreman diplomatiko, akademiko eta ekonomikoek normaltasun oso garatzen jarraitzen dute gure inguruan". Palestinatik zabaldutako deialdiarekin bat eginez, Israeli boikot egitera deitu zuten. Baita hilaren 27an Ordizian eginen den nazio manifestazioan parte hartzeko deia egin ere.