Futbola

Doneztebetik hiru puntu garrantzitsu ekarri zituen Altsasuk

Guaixe 2024ko urt. 9a, 10:35

Preferente mailako hamabosgarren jardunaldia oso pozgarria izan da talde altsasuarrarendako

Ilbeltzaren 7an, hotz ikaragarriarekin jokatu zen Preferente mailako hamabosgarren jardunaldiko Donezteberen eta Altsasuren arteko partida, Iñaki Indart futbol zelaian. Partida hasi eta ia berotzeko astirik izan gabe, seigarren minutuan Unai Calvok gol ikusgarria sartu zuen, eta Altsasu 0 eta 1 aurreratu zen. Partidak sendo jarraitu zuen. Doneztebek berdindu nahi zuen, eta Altsasuk garaipena sendotu. Baina markagailuan ez zen mugimendu gehiagorik egon eta 2024 urtea primeran hasi zuen Altsasuk, garaipen garrantzitsuarekin. 

Preferente mailako lehen multzoko liderra Beti Casedano taldea da (32 puntu). Altsasu zortzigarren da (24 puntu), igoera faseko postuetarik hiru puntuetara. Ilbeltzaren 13an, larunbata, 16:30ean, Altsasuk 25 punturekin sailkapenean seigarren eta arerio zuzena den Mendigorriako Mendi taldea hartuko du. Jokoan dauden puntuak ezinbestekoak dira bi taldeendako, igoera fasean sailkatzeko borrokan jarraitzeko. 

Emakumezkoen Preferentearen itzulera
Eguberrietako oporren ondoren Emakumezkoen Preferente mailako txapelketa bueltan da. Hamahirugarren jardunaldia dago jokoan. Altsasuk Tudelano liderra hartuko du ilbeltzaren 14an, igandea, 17:00etan, Dantzalekun. Denboraldiari ekiteko partida indartsua.