Altsasuko Udala 3. Berdintasun Plana egiten hasi da

Guaixe 2024ko urt. 16a, 09:01

Jendea Baratzeko bide plazan. ARTXIBOA

Emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako plangintza altsasuarren parte hartzearekin egin nahi du.

Udaleko berdintasun agente Aizaga Zeberio Petriatik esan duenez, “dagoeneko Altsasuko Udalak ibilbide bat egina du emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan, azken urteetan egonkortu dena”. Altsasuko Udalaren Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako II. Planaren indarraldia joan zen urtean despeditu zen. “Ordura arte egindako lanaren eta egungo egoeraren balantzea egin genuen. Orain, ateratako ikaspen eta ondorioekin Berdintasunerako III. Plana diseinatzeko prozesua abiatu dugu”, azaldu du.  

Berdintasun Arloak gidatutako prozesu horretan, Elhuyarren aholkularitza tekniko eta metodologikoa izanen du Udalak. Zeberiok argitu duenez “Berdintasunerako III. Planaren bidez datozen urteetarako helburuak eta neurriak zehaztuko ditugu, Altsasu berdinzaleagoa izan dadin pausoak egiten jarraitzeko”. Agenteak jakinarazi duenez, “planak ahalik eta kontsentsu zabalena edukitzeko, udal ordezkari politiko eta teknikarien ekarpenak jasotzeaz aparte, ariketa kolektibo zabalagoa egin, eta herriko norbanako nahiz eragileen ordezkarienak ere jaso nahi ditugu”.

Horregatik, ilbeltzean eta otsailean hainbat bilera eginen dituzte. Honako eragileekin biltzea aurreikusi dute: Altsasuko mugimendu feminista, migratutako emakumeak, adinekoak, gazteak eta hainbat izaeratako elkarteetako ordezkariak (kultur elkarteak, kirol elkarteak, gastronomia elkarteak…). Bilera horien deialdiak aurki jakinaraziko dituztela azaldu dute udaletik. Prozesuari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi duenak 948 564 823 telefono zenbakira hots egin edo berdintasuna@altsasu.net posta elektronikoko helbidera idatzi dezake.