Altsasun filmak zineman ikusi nahi dituztenek ostegunean (ikuslearen eguna), domeketan eta astelehenetan dute aukera. Azken egun horretako emanaldiak dira zinema sasoiko berritasuna, ostiraleko emanaldiak astelehenera pasa baititu udalak. Pandemia aurretik hausnartutako erabakia 2023ko udazkenean gauzatu da.
Altsasuko kultur teknikari Betisa Anda Arruabarrenak azaldu duenez, “ostiraletan jende gutxi joaten zen zinemara. Jendeak ostiralak beste modu batzuetara sozializatzeko erabiltzen ditu”. Gaineratu duenez, “Nafarroako Filmotekako emanaldiak astelehenetan programatzen hasi ginen. 2021eko udazkenean hiru saio, eta 2022tik hilero. Publikoaren erantzun ona izan zutela ikusi genuen. Eta, beraz, aldaketa egitea erabaki genuen”. Zinema sasoia iraila akaberan hasi zen, eta kultur teknikariak aldaketaren “balorazio ona” egin du. Gainera, ostiralean zinema emanaldirik ez izatean arte eszenikoak programatzeko beste egun bat du orain.
Datuak
COVID-19 gaitzaren ondorioetako bat izan zen zinema aretoak hustea. Andak azaldu duenez, “pandemiaren eragina atzean utzi dugu, ez da gutxi. 2019ko ikusle kopurura iritsi gara joan zen urtean”. Iortia kultur gunean 149 film emanaldi izan ziren eta haiek ikusten 11.378 ikusle izan ziren, 2022an baino 1.554 ikusle (%15,81) gehiago. Publiko helduarendako emanaldiek erakarri zituzten ikusle gehien: 10.404 (%91,44). 2022arekin alderatuta helduendako filmen publikoa 1.457 (%16,28) hazi zen. Ikusle horren hazkundearen atzean gaurkotasunezko filmak daude, haiek ikusle berrien %98,28 (1.432) eraman zuten Iortia kultur gunera; gainontzekoak forum emanaldietakoak ziren. Horiek 25 ikusle gehiago (%1,15) izan zituzten joan zen urtean. Familiarteko film emanaldiei dagokienez, guztira 974 ikusle izan zituzten (%8,56). 2022an baino 97 ikusle gehiago (%11,06) da.
Emanaldien egunari dagokionez, Nafarroako Filmotekako astelehenetako emanaldiek 2022an Iortia kultur guneko zinema ikusleen %3 bildu zuten. Joan zen urteko azken hilabeteetako astelehenetan, berriz, zinemara ikusleen %20 joan zen. Bestalde, 2022an zinemara ostiraletan ikusleen %9 joan zen. Ikusleen datuek agerian utzi dute domeketan zinemara joaten zirenen kopurua jaitsi egin dela: 2022an %60 bazen, 2023an %47 izan zen. Bestalde, ostegunetako ikusle kopuruak ere gora egin du %28tik %33ra. Andak laburbildu duenez, “orokorrean, domekak ostegunen eta astelehenen mesedetan indarra galtzen doaz”.